Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 abendua 2018 08:24

Bihar, osteguna, Eguberrietako nekazaritza eta artisautza azoka egingo da, Espainia plazan (elikadura saltokiak) eta Agirre Lehendakariaren kalean (artisautza saltokiak). 9.00etan zabalduko dira saltokiak. Ohiko ekitaldi horretan ekoizleek ehun saltokitik gora jarriko dituzte eta milaka eta milaka pertsona hurbilduko dira.

Segurtasuna bermatzearren, Udaltzaingoaren patruilak ibiliko dira, uniformez jantzita zein ez, prebentzio lanak egiteko eta baimenik gabeko salmenta ibiltaria antzeman eta eragozteko.

Udaltzaingoak jendetza biltzen denean jarraitu beharreko ohiko zuhurtziazko neurriak har ditzaten gomendatzen diete herritarrei: diru-zorroa eta baliozko gauzak leku seguruan eramatea, eta ezarritako lekuetatik kanpo dauden edo baimenik ez duten saltokietan ez erostea, jatorria eta kalitatea zalantzazkoak izan baitaitezke, eta iruzurrezkoak.

Umeekin joanez gero, identifikazio eskumuturrekoak jartzea komeni da, edo gurasoen nahiz tutoreen telefono-zenbakia besoan idaztea, galtzen badira haiekin harremanetan jarri ahal izateko.

Eguberrietako gainerako ekitaldi eta ospakizunetan gomendio horiek kontuan hartzeko eskatzen die herritarrei Udaltzaingoak, eta behar izanez gero 092 zenbakira dei egin dezaketela gogoratzen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urria 2018 14:14

Halloween gaua eta Domu Santuen eguna direla eta, Udaltzaingoak bereziki zainduko ditu hiriko ostalaritzako aretoetan egiten diren jaiak eta adingabeei alkohola saltzea, eta hilerrietako sarbideak ere antolatuko ditu.

Halloween dela eta jaiak antolatu dituzten ostalaritzako areto, pub eta diskoteketako gehienezko lagun-kopurua errespetatu dadin zainduko du Udaltzaingoak bihar.

60 establezimendu inguru ikuskatu ahalko dituzte,  baimendutako aforoa, aretoaren segurtasun-neurriak eta ixteko ordutegia betetzen diren kontrolatzeko.

Ingurumenaren alorrean indarrean dagoen araudian ezarritako zarata-mailak ere zainduko ditu, eta kontrolak jarriko alkohol eta drogen eraginaren mende gidatzea galarazteko.

Adingabeen Taldeak —duela gutxi sortua— adingabeei alkohola saltzen zaien kontrolatuko du, baita horren kontsumoa ere.

“Herritarrei laguntzeko eskatzen diegu, eta gizalegez jokatzeko, jaia lasai eta segurtasunez gozatu ahal izateko. Horregatik, araudia eta auzokoen atsedena zein pertsona oro errespetatzeko eskatzen dugu, beti eta edonon”,  adierazi du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

 

Hilerriak

Halloween gauean ez ezik, Udaltzaingoak arreta berezia izango du azaroaren 1ean ere, hiriko hilerriek milaka bisitari hartu ohi baitute. Hori dela eta, udaltzainek Salbatzailearen hilerriko sarbidea arautuko dute, non behin-behineko aparkaleku-eremua jarri baita, eta Santa Isabel hilerrian ere zaintza areagotuko dute.

Batera zein bestera joateko garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen du Herritarren Segurtasunaren Sailak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urria 2018 13:34

 

 

 

 

 

 

 

 

Roberto García Tobalina Gasteizko Udaltzaingoko komisarioaren karguaz jabetu da gaur; aurrekoak, José Antonio Vichok, uko egin zion karguari, arrazoi pertsonalengatik, eta duela hilabete hautaketa-prozesua ireki zen, lanpostua zerbitzu-eginkizunetan betetzeko.

Roberto García Tobalina Gasteizen jaio zen, duela 49 urte. Biologia Zientzietan doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatetik.

1999an sartu zen Udaltzaingoan; agente, 1. agente eta ofizialorde aritu da, eta azken kargu hori 2007tik betetzen zuen. 2012tik Prebentzio eta Laguntza Unitateko eta Tiro Instruktoreen Taldeko arduraduna zen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 iraila 2018 13:07

Azkenengo 24 orduetan, 26 trafiko-istripu erregistratu dira hirian, eta bost pertsona zauritu dira horietan.

Atzo, goizeko lehen orduan, 31 urteko motor-gidari bat zauritu zen, Andaluzia eta Valladolid kaleetako biribilgunean auto bat saihestean. Motorreko gidaria lurrera erori zen, baina, larrialdietako zerbitzuek artatu bazuten ere, ez zen ospitalera eraman behar izan.

14 urteko bizikletari bat zauritu egin zen, Landazuri kalean ibilgailu baten atzeko aldearekin talka egin ondoren. Adingabeak jarrita zeraman nahitaezko kaskoa, baina Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian.

Atzo 11:00ak inguruan Salburua Bulebarra kalean jazotako istripu baten inguruabarrak ikertzen ari da atestatu-talde bat. Tartean, auto bat eta motor bat egon ziren. Motorreko gidaria, 44 urteko emakumea, zauritu egin zen, eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten anbulantzian.

Arratsaldean jada, 16:00ak baino pixka bat lehentxeago, motor eta auto batek istripua eduki zuten, talka egin baitzuten autoa Blas de Otero kalean zirkulaziora sartzen ari zela. Talkaren ondorioz, 33 urteko motor-gidariak kontrola galdu zuen, eta galtzadara erori zen. Anbulantzia batek eman zion arreta, eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Azkenik, atzoko harrapatze baten inguruabarrak ari da ikertzen atestatu-talde bat. 20:15ean gertatu zen, Iturritxu eta Jauregilanda kaleek bat egiten duten bidegurutzean. Tartean, auto bat eta 55 urteko oinezko bat egon ziren, eta azken hori zauritu zen.

Beste jarduera batzuk

Udaltzaingoak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, gizon bat identifikatzen lagundu ziotelako. Atzo goizean, 35 urteko gizon bat topatu zuten Malizhaeza kalean, konorterik gabe, kirol-arropaz jantzita eta inolako dokumentaziorik edo bere nortasunaren berri eman zezakeen objekturik gabe. Hainbat kudeaketa egin ondoren eta Twitter-en, beste sare sozial batzuetan eta komunikabideetan zabaldutako informazioari esker, senideek gizona identifikatu ahal izan zuten (ZIUn ospitaleratuta jarraitzen du).

Azken orduotan, Udaltzaingoak 15 salaketa jaso ditu, eta 12 kasutan jardun du polizia judizial gisa.

Udaltzaingoaren jakinarazpena

Share
Kategoriak: Fotonotizia, Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 uztaila 2018 16:10

Udaltzaingoa eta Ertzaintza gaur goizean bildu dira, Andre Maria Zuriaren jaietan elkarrekin zabalduko duten segurtasun antolaketa koordinatzeko.

Udaletxean bildu da Toki Eremuko Koordinazio Batzordea, Gorka Urtaran alkatea buru zelarik; Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapatero, koordinatzaile nagusi  Víctor García Hidalgo eta Udaltzaingoko zein Ertzaintzako zenbait kargu elkartu dira.

Iaz zabaldutako segurtasun antolaketa berriro ezartzea erabaki da, besteak beste, Zeledonen jaitsieran beira sartzen ez uzteko. Berritasun gisa, ez da latarik sartzen utziko.

Bi kidegoek bereziki zainduko dituzte hiriko alderdi jakin batzuk, sexu-erasoak eragozteko; orobat, presentzia handiagoa izango dute kalean, lapurren jarduna murrizteko, eta duela egun batzuk etxebizitzetan lapurretak kontrolatzeko abian jarritako antolaketa ere mantenduko dute.

Ekintza horiek eta beste batzuk koordinatzeko, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak komunikazio-kanal komuna erabiliko dute, eta aginte postu aurreratua, bi kidegoetako arduradunekin.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 ekaina 2018 16:18

Gizartearen eta udal-administrazioaren arloko koordinatzaile nagusi Victor García Hidalgok eta Herritarren Segurtasunaren arloko zinegotzi Carlos Zapaterok gaur iragarri dutenez, Adingabeen Taldea eratu da udaltzaingoan, eta handitu egin da hainbat ataletako agente kopurua. Berrikuntza hauek agente berriak sartzearen, destino deialdiaren eta Agirrelandan agenteak banatzeko egiten ari prozesuaren ondorio dira, eta polizia zerbitzua hobetzea eta herritarren beharrei hobeto erantzutea dute xede.

Garcia Hidalgok gogora ekarri du “udal gobernuak udaltzaingoa hobetzeko barne-prozesua bultzatzeko duen konpromisoa, honakoak xede: herritarren segurtasunaren arloko erronka berriei aurre egitea, zerbitzua ematean eraginkorragoak izatea eta sortzen ari diren delitu mota berriei aurre egitea“.

Horren haritik sortu da Adingabeen Taldea. 9 pertsonek osatzen dute (lehen agente batek eta 8 agentek), eta haur eta nerabeekin izan daitezkeen arau-hauste penal zein administratibotan esku hartuko dute modu integralean, beti  ere prebentzioa, gizarte babesa eta asistentzia helburutzat hartuta.

Talde berria honakoez arduratuko da:

  • Arrisku-egoeretan dauden adingabekoak antzematea, prebentzioa egitea eta babestea: droga, alkohol edo tabako kontsumoa; legez kanpoko substantzien trafikoa; mehatxu eta jazarpenak; lapurretak; borrokak…
  • Bidegabeko jarrerak antzeman eta horiek saihesteko esku-hartzea: bandalismoa, hiri-altzarietako kaltea, bizikidetza oztopatzea, enbarazuak…
  • Espazio publikoetan, establezimenduetan edo gazteen lonjetan adingabeek alkohola eta sustantzia estupefazienteak kontsumitzen dituztela antzemanez gero ikuskatzeak egitea eta kontrolatzea.
  • Sare sozialen erabilera arduratsua sustatzea
  • Hezkuntza komunitatearekin batera, eskola absentismoari, eskola jazarpenari, eta gela barruko zein kanpoko indarkeriari aurre egitea.
  • Adingabekoen kontrako indarkeria zein seme-alaben gurasoekiko indarkeria  egoerak antzematea.
  • Gizarte-zerbitzuek antzemandako babesgabetasun kasuen banakako jarraipena egitea, eta adingabekoen fiskaltza eta epaitegiekin lankidetzan aritzea

Victor García Hidalgok adierazi duenez ” adingabekoak zaintzeaz arduratuko diren udaltzainez ari gara. Agenteek arrisku -eta babesgabetasun- egoeretan adingabekoen segurtasuna eta babesa bermatu nahi dute, baina aldi berean, horiek egin ditzaketen arau-hausteak saihesteaz ere arduratuko dira. Horrenbestez, bi arlotan esku-hartuko duen polizia talde batez ari gara: gizarte arloan eta segurtasunaren arloan.

Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Taldeko langile kopurua igotzea eta ordutegia zabaltzea dugu Udaltzaingoko agenteen banaketaren bigarren berrikuntza. Hiru pertsona gehiago izango dira, eta beraz, hiru urte eskasetan, bost agente gehiago izango ditu, hau da 4 izatetik 9 izatera pasata

Udaltzaingoak, orain arte, ez du horrenbeste giza baliabiderik izan emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzari aurre egiteko” azpimarratu du Gizarte eta Udal Administrazioaren Arloko koordinatzaileak. Gogorazi duenez, talde honek, iaz, genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren  arloko 199 kasu izan zituen  eta 158 babes-agindu izapidetu zituen.

Genero eta Familia Indarkeriaren taldeak lan integrala egingo du:

  • Esku-hartze guztien analisia egitea, genero edo familia barruko indarkeria kasuak antzemateko.
  • Atestatuen instrukzioa egitea eta beldurra edo ezagutza eza dela kausa salaketarik jarri nahi duten biktimen defentsan parte hartzea.
  • Biktimei epaitegietara laguntzea eta biktimen segurtasuna bermatzea.
  • Urruntzeko aginduen jarraipena egitea, ea betetzen diren.

eta garrantzitsuena da talde honek ez duela esku-hartzea amaitutzat ematen biktimaren bizimodua erabat normaldu arte, prozesu judiziala gorabehera” azaldu du García Hidalgok.

Adingabeen talde berria sortzeaz eta Genero indarkeriaren eta Familia indarkeriaren taldeko agente kopurua handitzeaz gain, udaltzaingoa hobetzeko beste hainbat berrikuntza ere aurkeztu dira.

Segurtasun eta Trafiko Arloa

  • 4 agente gehiago motorzaleen  taldean. Sekzio bakoitzean lehen agente bat eta 7 agente izango dira. Guztira, 28 izango dira (orain arte 24).
  • Berehala erantzuteko patruilan 4 polizia gehiago.

Polizia judizial eta ikerketa arloa

  • Ikerketa taldean 3 agente gehiago izango dira, 12 izatetik 15era pasata. Horrenbestez, udalaren esparruko delitu telematikoei aurre egin ahalko zaie, besteak beste: txartelak erabilita egindako iruzurrak, datu pertsonalen iruzurrezko erabilera, sareko jazarpena eta mehatxuak..

Udal administrazioari eragiten dion iruzurra antzemateko eta horri aurre egiteko lanak indartzeko balioko du: gizarte laguntzetako iruzurrak, laguntzak jasotzeko agiriak eta nortasunak faltsutzea….

Berrikuntza eta agente berri horiek guztiek “hiri seguruagoa izaten eta herritarren beharrei hobeto erantzuten lagunduko dute“. Datozen asteetan ezarriko dira, pixkanaka.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 ekaina 2018 14:00

Gaur eta bihar gauean, patruilek zaintza areagotuko dute

San Joan jaiak direla eta, bihar, larunbata,suak piztuko dira hiriko hainbat auzotan: Judimendi, Arriaga etab. Milaka pertsona hurbilduko dira leku horietara, urteko gau magikoena igarotzera. Hori dela kausa, Udaltzaingoak  zenbait gomendio egin ditu, ospakizunetara doazen pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Garrantzitsua da suaren gainetik jauzi egiteko asmoa dutenen egoera fisikoa egokia izatea, istripurik eta erredurarik gerta ez dadin. Horrenbestez, alkoholik edo substantzia sorgorgarririk ez hartzeko gomendatzen da, gaitasun fisikoa murrizten baitute. Orobat gomendatzen da diru-zorrorik edo mugikorrik ez eramatea jauzi egitean, edo sutara eror daitekeen beste gauzarik. Ikusleei gogorarazten zaie ez dituztela jauziak eragotzi edo oztopatu behar, parte hartzaileen segurtasuna bermatzearren.

Bestetik, ez da ahaztu behar lapurrek jendetza handiak baliatzen dituztela, beraz, poltsak eta bizkar-zorroak ongi ixteko gomendatzen da, eta diru-zorroak eta mugikorrak barneko sakeletan eramateko.

Umeekin joanez gero, garrantzitsua da bistatik ez galtzea. Gurasoen telefono-zenbakia besoetan idaztea aholkatzen da, edo identifikazio eskumuturrekoak jartzea, galtzen badira arduradunekin harremanetan jarri ahal izateko. Elkartzeko leku bat jartzea komeni da, taldeko edo familiako kideren bat galtzen bada ere.

Udaltzaingoak gogorarazten du, halaber, jaieguna izan arren denak ez duela balio. Pertsona oro errespetatzeko eskatzen du: jaian parte hartzen dutenak zein auzokoak, atseden hartzeko eskubidea baitute.

Gasteizko menpeko toki erakundeei dagokienez, jaien antolatzaileei arduraz jokatzeko eskatzen zaie, eta San Joan sutea piztu aurretik Suhiltzaileen Zerbitzuari kontsultatzeko horretarako baldintza egokienak zein diren; sutik gertu urez hornitzeko leku bat izan beharko dute.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2018 14:32

Aste honetan bizikletak kontrolatzeko kanpaina berezia egingo da

Gaur hasiko dira berriro Gasteizko Udaltzaingoko ‘bizipoliak’ zerbitzu ematen, udako denboraldiaren hasierarekin eta bizikletak kontrolatzeko kanpainarekin batera. Irailaren amaierara arte, udaltzainek pedalei eraginez zainduko dituzte herritarren segurtasuna eta trafikoa. Lau talde izango dira, eguneko lau txandetan banatuta. Orotara, 12 agente.

Mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoari jarraituz, Udaltzaingoak berriro ere espazio publikoak zainduko ditu bereziki: parkeak, lorategiak, oinezkoen alderdiak, kirol esparruak eta bidegorriak. Helburuen artean bereziki nabarmentzen dira espazio publikoak zuzen erabiltzen irakastea; oinezko, txirrindulari eta gidarien arteko begirunea sustatzea, eta horien guztien jarrera arduragabeak eragoztea.

‘Bizipoliek’ arreta bereziz zainduko dute bizikletek gabezia larririk ez izatea, txirrindularien beren segurtasunari zein gainerako erabiltzaileei eragin baitiezaieke horrek. Informazio eta aholkularitza lan garrantzitsua egingo dute, jabeek behar diren betekizunak bete ditzaten.

Horrekin lotuta, ekainaren 3ra arte (igandea) bizikletak kontrolatzeko kanpaina berezia egingo da, horiek gidatzearekin lotutako arau-hausteak bereziki kontuan hartuz: oinezkoen alderdietatik zirkulatzea, alderdi horietako ordutegia errespetatzea, 16 urtetik beherakoek nahitaez kaskoa erabiltzea, mugikorra eta entzungailuak erabiltzea eta, oro har, ezarritako arauak betetzea. Bidegorriak oztopatuz gelditzen edo aparkatzen diren motordun ibilgailuak ere zainduko dituzte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 maiatza 2018 11:28

Maiatzaren 14tik (astelehena) 20ra bitartean, Gasteizko Udaltzaingoak trafiko kanpaina berezia egingo du, pertsona zein salgaien garraioan diharduten gidarien gaikuntza eta ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzearren.

Zehazki, pertsona zein salgaien garraiorako autobusek eta kamioiek horretarako ezarrita dauden baldintza teknikoak betetzen dituzten kontrolatuko da, eta gidariak gaituta dauden.

2015-2020rako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren barruan aurreikusitako zaintza eta kontrol jardueren barruko kanpaina da. Planaren helburu nagusia bide segurtasuna bermatzea da, Euskadiko bide publikoetan ezbehar-kopurua eta kaltegarritasuna urritzeko xedez.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 apirila 2018 14:29

Gasteizek 60 agente gehiago izango ditu agintaldi honetan, iaz 32 lanposturako deialdia egin baitzen, eta laster beste 28 eskainiko baitira

 

Iñaki Gurtubai, adierazpenak

Udaltzaingoaren Lanpostu Zerrendan 12 lanpostu sortu beharrean 17 sortzeko lortu den akordioa txalotu du udal gobernuak. Orotara, 23 lanposturen ordez 28 eskainiko dira hurrengo LEPean.

Akordioak beti dira onak eta, batzuek eta besteek gure jarrera eta aukerak aldatu izanari esker, Udaltzaingoa indartzeko eskaintza hobetzea lortu dugu, beste zerbitzu eta sail batzuen deialdiei kalterik egin gabe. Udal gobernuak agintaldi honetarako hartutako beste konpromiso bat beteko dugu. Maiatzean, Gasteizek 32 agente berri izango ditu kalean, aurretik deitu genuen LEPean sartutakoak, eta orain hitzartutako 28ekin, agintaldiaren amaierarako 60 agente berri izango ditugu. Akordioa ona da herritarrak babesteko zerbitzua hobetu eta indartzeko”, nabarmendu du Ogasun eta Funtzio Publikoaren koordinatzaile Iñaki Gurtubaik.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok, berriz, hau nabarmendu du: “Udaltzaingoa agente gehiagoz hornitzeko konpromisoa bete dugu, eta horrek aukera emango digu zerbitzua hobetzeko, Gasteizek Euskadiko hiri seguruena eta Estatuko seguruenetako bat izaten jarrai dezan, eta egin nahi ditugun hobekuntzak aurrera eramaterik izan dezagun, laster gauzatuko baitira, hala nola Genero indarkeriarako taldea sendotzea eta Adingabeen Taldea sortzea”.

 

 

 

Share

« HurrengoakAurrekoak »