Gasteizek Hanburgoko esperientzia baliatuko du

Udala Hanburgoko European Green Capital 2011ko arduradunekin bilduko dira gaur, “hiriburu berdea” izendapenarekin lotutako esperientziak trukatzeko.

Goizeko 9:30ean hasi da Gasteizko ordezkarien jardunaldi luzea Hanburgon. Idoia Garmendiak eta Iñigo Bilbaok, hiriaren ordezkariek, ez dute aukera galdu nahi izan oraingo Hiriburu Berdearekin esperientziak trukatzeko, eta gure aurrekoaren xehetasun txikienak ezagutzeko.

Hartara, Britta Kastens eta Sandra Pfeffer-ekin bildu dira, zeinak Ingurumen eta Hiri Garapenerako Ministerioan alemaniarren agintaldi berdearen komunikazio arduradunak izan baitira. Hanburgok urte osoan sorrarazi duen informazioa kudeatzeko garatu dituen estrategiez solastatu dira, mundu osoko hedabideetan mila agerpen baino gehiago izan baititu. Gainera,

Komunikazioarekin lotutako bilkuraren ondoren, zinegotzia eta hiriko proiektu estrategikoen koordinatzailea ia bi orduz elkartu dira Ecopartnership elkartearen koordinatzaile Antje Knaack-ekin, interesa duten eragileekin elkarte “ekologikoak” sortzeak izan ditzakeen abantailez aritzeko. Elkarte aleman hori hemen sortutako “Itun Berdea” proiektuaren antzekoa da, eta 2003an Hanburgon sortu zenez geroztik 800 enpresak egin dute bat harekin. Bi hirien tamaina eta industria garapenak ezberdinak izan arren, Gasteizko arduradunek oso ontzat jo dute bilera, jardunbide egokiak ezagutu eta Gasteizen “Itun Berdea”  garatzean hartutako bidea zuzena dela egiaztatu baitute, Merkataritza Ganberaren eta enpresaburuen gainerako elkarteen lankidetza baitu.

Geroago, Gasteizko ordezkaritzak lan bazkari batean hartu du parte. Zehazki, Klima Aldaketaren kontra Babesteko Bulegoaren arduradun Nora Maas-ekin eta Hanburgo European Green Capital 2011 Bulegoko zuzendariorde Meike Poschmann-ekin bildu dira. Bazkaldu ostean, Infopavillion bisitatuko dute, hots, Alemaniako Hiriburu Berdeari buruzko erakusketa, hiriko tren geltokian kokatua.

Azkenik, Hanburgoko Estatu idazkariak bertako udaletxean hartuko ditu Idoia Garmendia eta Iñigo Bilbao. Harrera ekitaldi labur baten ondoren, Suediako ordezkariekin –hango udaleko alkateorde buru dutelarik– bilduko dira lehenengo aldiz; Nanteseko ordezkariak, berriz, azken orduan iritsiko dira erakunde ekitaldi horretara.

Share