Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak “Onartuz” aurkeztu du, genero indarkeriaren biktima direnei laguntza eta harrera emateko zerbitzu berria

  • Tratu txarrak antzemateko sistemak hobetu dira, eta arlo ezberdinetako profesionalek osatutako talde berria sortu da biktimei sostengu emateko

 

 

 

 

 

 

 

 

Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosak “Onartuz” aurkeztu du,  genero indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala eta diziplina anitzekoa emateko zerbitzu berria. Emakume horiei, seme-alabei eta haien kargura dauden pertsonei harrera eta laguntza eskainiko zaizkie, beren egoeraz ohartu eta erabakiak hartzerik izan dezaten; gizarte zerbitzuen funtzionamendu-protokolo berria eta biktimei laguntza intentsiboa emango dion talde berezia sortu dira horretarako. “Onartuz” zerbitzua datozen asteetan jarriko da abian, eta hobekuntza nabarmena ekarriko du indarkeria kasuak antzeman eta loturak hausteko eta indarberritzeko prozesuetan laguntzeko garaian.

“Hemendik aurrera, gure gizarte zerbitzuek tresna hobeak izango dituzte genero indarkeriarekin lotutako egoerak identifikatzeko, eta berariazko talde berria izango dute tratu txarretatik urrun bizitza berria hasi nahi duten emakumeei laguntzeko. Azken aldian datuak benetan kezkagarriak dira, beraz, izurri hori pairatzen dutenei babes eta sostengu eraginkorrena eman behar diegu. Helburu horixe lortzeko sortu dugu “Onartuz” zerbitzua”, adierazi du Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosak.

“Onartuz” zerbitzuak harrera eta laguntza prozesu integrala eskainiko du, bost fasetan banatuta: genero-indarkeriarekin lotutako egoerakantzematea; diagnostikoa, emakumea biktima gisa eta erasotzailearekiko harremana hausteko borondatea identifikatzeko;haustura ebolutiboa lantzea; loturak hausteko sostengua eta bizimodu autonomorako trantsizioa, eta jarraipena.

Horretarako bi jarduteko ildori jarraituko zaie. Harrera eta laguntza prozesuaren lehen faseetan, oinarrizko gizarte zerbitzuek edo berariazko zerbitzuek esku hartuko dute; horiei tresna eraginkorragoak emango zaizkie genero indarkeria antzeman, balioetsi eta diagnostikatzeko. Adierazle taula luzea baliatu ahalko dute arretaren intentsitatea eta talde berezira –”Onarpen” taldea”– bideratzeko beharra neurtzeko. Talde horrek azken faseetan esku hartuko du.

Hainbat diziplinatako bost profesionalek osatuko dute talde sortu berria: psikologia, gizarte lana eta gizarte hezkuntza. “Onarpen” taldea berariazko laguntza behar duten eta oinarrizko gizarte zerbitzuen ahalmena gainditzen duten kasu eta  dosierrez arduratuko da. Loturak hausteko prozesuan sostengu intentsiboa emango du, eta genero-indarkeriaren inpaktua jasaten duten ume eta nerabeekin nola jokatu zehaztuko dute. Azken fasean, “Onarpen” taldea kasu bakoitzaren jarraipena egiteaz eta hura ixteaz arduratuko da. Diziplina anitzeko talde horrek, orobat, laguntza emango die genero-indarkeriaren alorreko baliabide eta programei.

 

 

Share