Prentsa Oharren banner

Gorka Urtaranen gobernuak Gasteiz Antzokia diseinatzeko ideia-lehiaketa arautzeko baldintza-agiria onetsiko du, 36.000 euroko sariekin

 

 

 

 

 

 

 

Urtaranen gobernuak pausoak ematen jarraitzen du Gasteizek etorkizunean Gasteiz Antzokiaz gozatzerik izan dezan, hau da, euskarari eta euskal kulturari osorik eskainitako espazio batez, gobernu-taldearentzat estrategikoa baita. Gorka Urtaran alkateak gogoratu duenez, “agintaldi honen hasieratik adierazi dugu proiektuan aurrerapauso esanguratsuak egiteko asmoa genuela. Ez bakarrik kokalekua hautatzeari dagokionez, bai eta proiektu arkitektonikoa landu eta ekipamendua eraikitzeari dagokionez ere”. Bihar bertan Udalak proiektuaren fase berri eta garrantzitsu bati ekingo dio, hiriko euskaltzaleen ametsa betetzeko xedez. “Aukera ezinhobea daukagu proiektua egi bihurtzeko”, esan du alkateak.

Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian kokatzekoa den ekipamenduaren espazioak antolatu eta diseinatzeko ideia-lehiaketa arautzeko baldintza-agiria onetsiko du. Saritan 36.000 euro banatzeko aurreikuspenarekin.  Irabazleari 20.000 euro emango zaizkio, bigarren sarituari 10.000 eta 3.000 euroko bi accesit ere aurreikusita daude.

Udan aurkeztu zuen txostenean, Santa Maria Katedrala Fundazioak espazio hori jo zuen egokientzat antzokia kokatzeko. Adituen ustez leku hori da aproposena Gasteiz Antzokia jartzeko, “Erdi Aroko hirigunearen motor kultural, sozial eta ekonomikoa” bihurtuko bailitzateke, Gorka Urtaranek azaldu duenaren arabera.

Etxadiak bi lursail ditu: batetik, pilotalekua, garai bateko ostatua eta haren aurreko lorategia barne hartzen dituena; bestetik, Eskoriatza-Eskibel jauregia bera dagoen lursaila, bai eta horren aurreko espazio librea eta lurpea ere. Proiektua ere bi zatitan garatuko litzateke, hasiera-hasieratik iragarri zen bezala.

Lehenengo Gasteizko Kafe Antzokia eraikiko litzateke, aipatu den lehenengo lursailean. Bigarren fasean, Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza berria egingo litzateke, jauregia eta aurreko espazio librea eraberrituz eta egokituz. Bi faseen arteko konexioaren eraikuntzari bigarren fasea gauzatzean ekingo litzaioke.

Proposamenak aurkezten dituzten arkitektoen sormena eta zentzu kritikoa sustatze aldera, beharren programa oso zabal eta irekia deskribatu da. Udaleko talde politikoei, euskaltzale taldeei eta Erdi Aroko hiriguneko auzokoei keinu bat eginez, pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera sartu da berariaz baldintza-agirian. Gainera, auzokoek erabili ahal izateko espazio moldagarri bat sartzea planteatu da une oro, pilotalekua ere izango lukeena.

Garai bateko ostatua, pilotalekua eta espazio librea barne hartzen dituen eraikin multzoan espazio hauek aurreikusi beharko lirateke:

Gasteiz Antzokirako: kontzertu, antzerki eta dantza aretoa, 400 metro koadroko espazio nagusi batekin; agertokia, 200 metro koadrokoa; aldagelak (30 metro koadroko bi espazio) eta langileentzako beste aldagela bat (30 metro koadrokoa). Orobat, bi biltegi jarriko lirateke: bat 100 metro koadrokoa eta beste bat garbiketa eta beste erabilera batzuetarako, 25 metro koadrokoa. Gainera, taberna-kafetegi-jatetxeak 100 metro koadro hartuko lituzke, gehi 150 metro koadroko jantokia eta zerbitzu-eremua. Auzokoentzako espazio moldagarriak 400 metro koadroko azalera izango luke.

Jauregian, bestetik, kultur ekipamendu handia planteatzen da, Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko, ezaugarri hauekin: euskararen interpretazio zentroa, 200 metro koadrokoa; hiru lantegi, bakoitza 50 metro koadrokoa; hitzaldi aretoa, 150 metro koadrokoa, eta informatika eta multimedia gela, 150 metro koadrokoa. Horretaz gain, bi erakusketa gela jarriko lirateke, bata 300 metro koadrokoa, erakusketa iraunkorrak egiteko, eta bestea 150 metro koadrokoa, aldi baterako erakusketak egiteko, eta zazpi bulego, bakoitza 50 metro koadrokoa. Jauregiaren aurreko espazio librean irisgarritasun arazoak konpondu beharko dira, kalearen eta plazaren arteko kota aldea gaindituz.

Arkitektoek oinarri horiek hartu beharko dituzte kontuan proiektuak aurkeztean, eta adituen epaimahai batek balioetsiko ditu. Irizpide hauek hartuko dituzte aintzat: originaltasuna, arkitektura kalitatea, iraunkortasuna, beharren programari egokitzea, eta bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta eraikuntzakoa. Lehen fasean (Gasteizko Kafe Antzokia eraikitzea) gehienez 3 milioi euroko aurrekontua izango dute. Eskoriatza-Eskibel jauregia Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko birgaitzeko, berriz, gehienez 2,5 milioi euro erabili ahalko dute.

Share