Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 uztaila 2019 12:34

Gorka Urtaranek gogoratu du proiektua lehentasunezkoa dela hiriarentzat, urte asko daramatzala horren zain; beraz, “ez litzateke beste atzerapen bat ulertuko. ADIFek lehenbailehen idatzi behar ditu eraikuntza-proiektuak”.

Gorka Urtaran alkateak kezkatuta dagoela adierazi du, Gasteizen abiadura handia integratzeaz gaur BOEn argitaratu den informazio-azterlanean aurrekontua handitu egin delako; Sustapen Ministerioak azterlana aste honetan argitaratuko zela hitz eman zuen. “Bazen garaia azterlana onetsi eta argitaratu zedin; hala ere, kezkatuta gaude, aurrekontua Ábalos ministroak Gasteizen agindutakoa baino handiagoa baita“, azaldu du alkateak.

Gorka Urtaranek esan du “zerikusia duten gainerako erakundeekin batera” aztertuko duela azterlana: “Ministerioak ematen dituen azalpenak entzungo ditugu. Ikusiko dugu zein epe aurreikusten ari diren benetan, Gasteizen abiadura handia sartzea lehentasunezkoa baita hiriarentzat, funtsezko proiektua, duela urte asko itxaroten dena, eta udal agintaldi honetan ekin behar zaio. Ministerioaren erabateko inplikazioa eskatzen du; beraz, eraikuntza-proiektuak lehenbailehen idazten has dadin galdatzen diogu”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 urtarrila 2019 13:11

 

Lur azpitik joango den tarteak 3.610 metroko luzapena izango du Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren artean, eta gainazalean 90.000 metro karratuko azalera utziko du libre hiri erabileretarako

Geltoki berria egungo eraikinaren moldaketa izango da; bolumen osagarria gehituko zaio eta lur azpiko bi solairu izango ditu

 Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen duten “Vitoria-Gasteiz Abiadura Handia” sozietate publikoaren administrazio kontseiluak baieztatu duenez, abiadura handiaren Vitoria-Gasteizko sarbideak egungo Madril-Hendaia linea konbentzionalak hiritik pasatzean eratzen duen igarobidea baliatuko du, hirian zehar lur azpitik joateko, Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren artean. 3.610 metro luze den lur azpiko tarteak gainazalean 90.000 metro karratu utziko ditu libre, hiri erabileretarako.

José Luis Ábalos Sustapen Ministroak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Ramiro González Arabako Diputatu Nagusiak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak, Sustapen Ministerioaren (ADIF) eta Eusko Jaurlaritzaren (ETS) artean, trenbidea Arabako  hiriburuan integratzeko proiektuari buruz prestatu duten soluzioaren aurkezpen ekitaldian hartu dute parte gaur goizean. Administrazio horiek osatutako erakunde arteko batzordeak 2018ko irailaren 13an berretsitako soluzioa da.

Jarduketaren hasiera Jundizko zentro logistikoaren ondoan egongo da, eta amaiera Euskal Y-aren hasieran, Arrazua/Ubarrundia-Legutiano tartean, hain zuzen ere. Hori dela eta, 14,3 kilometroko luzera izango du. Horrez gain, azterlanaren barruan Iruñerako abiadura handiko linearekin Arkauten egingo den lotunea ere jasotzen da.

Abiadura handiaren Gasteizko sarbidea, zabalera estandarreko (UIC) bi trenbiderekin bidaiarientzat eta trenbide misto batekin (hiru harikoa) merkantzien trafikorako eta distantzia ertainerako, proiektatu da. Lehenengo 3 kilometroetan hiru trenbideak paraleloan joango dira, aire zabalean. Pedro Asua kalearen inguruan linea 1.126 metroko tunel faltsu batean sartuko da, geltokira heltzeko.

Epeen aurreikuspenaren arabera, aurten informazio azterlana onetsi eta jende aurrean aurkeztuko da, eraikuntza proiektuen idazketa lizitatzen den bitartean, 2020an amaitzeko. Obrak egiteko aurreikusten den epea 36 hilabete ingurukoa da. Jarduketaren aurrekontu osoa 724 milioi eurokoa da, BEZ barne. Horietatik 434 geltokiaren lur azpiko tarteari dagozkio, 206 Arkauteko lotuneari, 41 Burgos-Gasteiz linearekin egin behar den konexioari eta 42 proiektuen idazketari eta obren zuzendaritzari.

Eraikuntzaren ezaugarriak

Eraikiko den geltokia, lur azpian egongo den gainerako tartea bezala, pantailen babesean egindako hondeaketa bitartez egikarituko da (cut&cover izenez ezagutzen den eraikuntza sistemaren bitartez) eta 17 metro ingurura egongo da kaleko kotaren azpitik. Merkantzien trafikoak nasen gunetik fisikoki bereizita egongo dira.

Geltokia gainditu ondoren, trazatuak 1.460 metroko tunel faltsuan jarraituko du, Salburuako Bulebarraren azpitik igaro arte. Ondoren, trenbidea gainazalera irtengo da, gorako arrapalan, Errekaleor errekaren gainetik bide-zubi bitartez gurutzatu arte.

Obrak egiten ari diren bitartean trenbideko trafikoei eutsiko zaie, eta horrek garestitu egingo du operazioaren kostua. Hartutako soluzioaren barruan konexioa ezarriko da Jundizeko portu lehorrarekin eta etorkizunean eraikiko den trenbideko autopistarekin, eta, gainera, 750 metroko bazterbidea eraikiko da, zabalera estandarreko merkantzien trenentzat.

 

Geltoki berriaren xehetasunak

Geltoki berria Dato kaleko egungo eraikinaren moldaketa izango da. Kanpotik erabat kristalezkoa izango den bolumen berria gehituko zaio. Horrek 3.140 metro karratuko azalera gehituko du, eta lur azpiko bi solairu izango ditu.

Instalazioek bi sarbide izango dituzte, egungoa eta Unibertsitateko pasealekutik egongo den beste bat. Higiezinak hainbat zerbitzu jasoko ditu, itxaroteko gunea, sarbideen kontrola, salmentarako eta herritarren arretarako gunea eta baita komun publikoak eta merkataritza lokalak ere.

Minus bat solairura eskailera mekaniko, eskailera finko eta igogailu bitartez helduko da, eta bertan egongo dira abiadura handiko ontziratze aretoa eta aldirietarako sarbidea. Solairu horretan 400 plazako aparkalekua dago aurreikusita.

Minus bi mailan hiru nasa egongo dira (bi erdian eta bat alde batean) eta zabalera estandarreko bost trenbide abiadura handirako, eta baita beste nasa bat ere, aldirietarako trenbide batekin, zabalera mistoko (hiru hari) aldirietako trenbidetik bereizita.

Aukera gune berria

Trenbideak hartzen duen hiru kilometro eta erdi baino gehiagoko tartea lur azpian sartzeak hiri erabileretarako libre utziko ditu gainazaleko 90.000 metro karratu, horietatik 44.000 geltokiaren ingurunean. Horrela, gurpil gaineko trafikorako ahalmen handiko ekialde-mendebalde luzexkako beste bide bat eraikitzea planteatzen da, bi errailekin noranzko bakoitzean, Gaztelako Atetik abiatuta Carmelo Bernaola Pasealekuaren hegoaldera lurgainetik joango dena, egungo trenbide igarobidetik, 200 metrotan. Musikaren Pasealekuko glorietan bidea lur azpian sartuko da, eta San Kristobal kalearen azpitik igaro eta gero berriro ere azaleratu egingo da.

Gaur egun lur azpian edo trenbide gainean dauden zeharkako kaleak gainazalera irtengo dira (Senda pasealekua, San Antonio, Foruak, Errioxa eta San Kristobal), trenbidearen trintxera desagertu egingo da eta. Halaber, Unibertsitateko pasealekuan egokitzapen lanak egitean, tranbiaren geralekua egokitu ahal izango da geltokiko eraikin berriaren ondoan, eta horrek intermodalitatea erraztuko du.

GASTEIZKO ABIADURA HANDIKO TREN GELTOKI BERRIA

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 iraila 2018 14:48

Pozik azaldu da alkatea, eta aurki proiektuaren egutegiaren berri izango dugula iragarri du

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu du abiadura handiko trena hirian integratzeko erakundeen arteko batzordea lantzen ari den proiektuak dagoeneko barne hartzen duela bai ibilgailuentzako lurpeko bidea, bai trenbidea lurperatzeko 3,6 kilometroko trazadura. Atzo bertan, Madrilen izandako izaera politikoko azken bileran, zeinetan hiru euskal erakundeek eta Sustapen Ministerioak parte hartu baitzuten, “oso sintonia ona izan zen. Lanean jarraitzen dugu, eta pausoak ematen, azterlan informatiboa lehenbailehen aurkezteko”, azaldu du Gasteizko alkateak.

Gobernu zentralak dagoeneko sartu ditu proiektuan azken urtean egindako bi proposamenak: dela trenbidea lurperatzeko 3,6 kilometroko trazadura, Salburua bulebarrean hasi eta Pedro Asua kalean bukatu, dela trafikoarentzako lurpeko bidea, Triana zubitik Gaztelako Ateko zubiraino.

“Bi proposamenak proiektuan jasota daude dagoeneko, azterlan informatiboa itxi zain.  Oso garrantzitsua da lurperatzea eta abiadura handiko trena Gasteizen nola integratuko den lehenbailehen definitzea, lehentasunezko kontua baita hiri honentzat, eta hala azaldu diogu ministerioari. Hurrengo egunetan egutegia helaraziko digute, eta azterlan informatiboa noiz aurkez daitekeen esango”, esan du Gorka Urtaranek.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 martxoa 2017 09:07

Alkatea pozik agertu da, euskal Y-arekiko lotura Arkauti inguruan egingo delako, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin

Alkatearen adierazpenak euskaraz

Gaur arratsaldean Sustapen Ministerioko, Eusko Jaurlaritzako eta EAEko hiriburuetako udalek egin duten goi mailako bileran erabaki denez, Gasteizko erdialdetik abiadura handiko trena hiru kilometrotan lurperatuko da, Gaztela kaleko zubitik Salburua bulebarreraino. Gorka Urtaran alkatea oso pozik agertu da lortutako akordioarengatik, eta euskal Y-arekiko lotura Arkauti inguruan egingo delako, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin.

Euskadiko hiriburua zorionekoa da, akordio garrantzitsua lortu dugulako, maila politiko zein teknikoan. Gaur egun handia da gure hiriarentzat eta EAEko gainerako hiriburuentzat; nolanahi ere, orain hitzetatik ekintzetara igaro behar da”, esan du Gorka Urtaranek. Alkateak nabarmendu du gaur Sustapen Ministerioak  ontzat emandako proiektua Eusko Jaurlaritzarena eta Udanarena zela, hau da, AHTa lurpetik sartuko da erdialdean, orain Gasteiz hiribidetik Salburua bulebarrera doan trenbideari jarraituz; geltoki berria ere lurpean egingo da, eta bi sarbide izango ditu, bat Dato kaletik, orain bezala, eta bestea Green Capital plazatik. “Irisgarritasuna eta intermodalitatea bermatzea da helburua, tranbiarekin eta hiri autobusarekin konektatuz”, azaldu du.

Orobat, ekialdetik trena Salburua bulebarra baino lehenago lurperatzea komeni dela jakinarazi dio alkateak ministroari, Arkaiate eta Larreinetik igarotzean jada lurpean egon dadin. Dena dela, informazio-azterlanak zehaztuko du alderdi hori, Udalaren proposamenaren bideragarritasun teknikoa eta proposamenen ingurumen eragina kontuan hartuz.

Oraingo trenbidea abiadura handiko sarearekin lotzeari  dagokionez, txosten teknikoek zehaztuko dute nola egin, baina hiriaren ekitaldetik egitea erabaki da, Arkauti inguruan, ahalik eta eragin txikiena izango duela bermatuta, Salburuko hezeguneak gertu baitaude, eta ibilbidea luzatu beharrik gabe. Alkatearen ustez, integrazio hori bateragarria da hiri-bilbearekin.

“Ministroaren konpromiso sendoa lortu dugu, eta epe motzean pauso zehatzak ematea espero dugu. Inplikatutako gainerako erakundeen lana eskertu nahi dut, laguntza osoa ematen ari direlako, bai eta teknikarien lana ere,  aukera onena lantzen saiatzen ari direlako. Horri esker definitu ahal izan da teknikoki eta ekonomikoki Gasteizentzat estrategikoa den proiektua, aldezten dugun hiri-ereduarekin bat datorrena: modernoa, erakargarria, lehiakorra eta Estatuarekin zein Europarekin ezin hobeto konektatua”, erantsi du alkateak. Haren iritziz, aurrera atera den proiektua “egingarria eta bideragarria da, eta hiri honentzako irtenbide onena. Gasteizen abiadura handiaren integrazioa gasteiztarrek eta hiriak merezi dutenaren mailakoa izatea lortu dugu gaur”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 iraila 2016 14:29

Gorka Urtaranek espero du gasteiztarrak ez zigortzea, eta hiriarentzat estrategikoa den proiektu hori ez atzeratzea.

Gobernu zentralak AHT Gasteizera iristeari orain oztopo berriak jartzea deitoratu du alkateak. Funtzioetan dagoen Rafael Catalá Sustapen ministroak egindako deklarazioen haritik kazetariek egindako galderei erantzunez hauxe gogorarazi du alkateak:  “urtebeteko atzerapena daramagu Gasteizerako estrategikoa den proiektu horretan. Hori da Madrilen gobernurik ez izatearen ondorioetako bat. Arriaga Lakuan planteatutako hasierako proiektuaren aldean, eta PPk egungo tren-geltokia erabiltzeko egindako proposamenaren aldean —proposamen hori eskasa baita, batere eraginkorra ez, eta, errespetu guztiarekin esanda, batere egokia—, bi alternatiba horien aldean, bada hirugarren bat, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak proposatzen duguna, zein baita egungo trenbidearen korridorea baliatzea Trianetan lurpeko geltokia egiteko”, gogora ekarri du alkateak.

Gorka Urtaranek espero du “gasteiztarrak ez zigortzea. Espero dugu Madrilen gobernua osatzea, lehenbailehen. Aurreko ministroari helarazi genion proposamen eraginkor bat, hasierako alternatibak baino eragin ekonomiko nabarmen txikiagoa izango lukeena. Proiektu guztiz arrazoizkoa aurkeztu genuen, eta zain jarraitzen dugu, hurrengo gobernu berriak noiz aztertuko. Gasteizek merezi duen mailako alternatiba izango genuke, egungo korridorea baliatuz geltokia lurperatzeko aukera emango lukeena, ikuspuntu ekonomikotik eta garraioaren ikuspegitik eraginkorragoa, behin betikoa, eta ez behin-behinekoa, PPk planteatzen zuen bezala”.

 

 

Share