Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 apirila 2019 11:02

 

  • Jardunaldia bihar, apirilak 3, 17:00etan egingo da Europa jauregiko Green Aretoan, eta “Ekintzaile Handia 2019” eta “Araba Ekiten 2019” sariak banatzeaz gain, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren irabazleen berri izango dugu.
  • Hizlarien artean nabarmentzekoak dira 2018ko Business Angel izendapena jaso duen Eneko Knörr arabarra, Auara enpresaren fundatzailea den eta Forbes 30 under 30 zerrendan sartuta dagoen Antonio Espinosa, eta Antropología 2.0 proiektuaren sortzailea den Verónica Reyero.

Araba Ekinean Gasteizko udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta SPRI taldeak antolatzen dute BIC Araba eta Vital Fundazioaren bidez, eta Ekin Day ekimen horren jardunaldi nagusia da. Aurtengo Ekin Day jardunaldia apirilaren 3an, bihar, egingo da eta txipa aldatu, pertsonak erdigunean jarri eta beren ikuspegia globaltasunera zabaldu duten ekintzaileen esperientziak aurkeztea izango du ardatz. Gainera, Arabako ekosistema ekintzailearen berri ere emango da, ibilbide luzeko ekintzaileak eta hasiberriagoak aurkeztuz. Asmoa Arabako ekintzaile guztiak ekitaldi batean elkartzea da; hala, networking-a sustatzeko eta gure lurraldean ekin duten, ekiten ari diren edo ekingo duten pertsonak inspiratzeko.

Jardunaldia 17:00etan hasiko da Europa biltzar-jauregiko Green aretoan eta txipa aldatzera adoretuko gaituzten esperientziak egongo dira entzungai, besteak beste, Verónica Reyero eta Antonio Espinosarenak. Verónica Reyero Antropología 2.0 proiektuaren sortzaileetako bat eta Gizarte Antropologoen Europako Elkartearen Antropologia Aplikatuko Sarearen koordinatzailea da, eta antropologiak ekintzaileei nola lagun diezaiekeen erakutsiko digu. Pilulatxo horiek gure ikuspegia zabaltzeko eta edozein motatako proiektuei bultzada emateko balioko digute. Antonio Espinosa, berriz, Auara enpresaren fundatzailea da eta eraginik handiena duten gazte ekintzaileen 30 under 30 Forbes-zerrendan dago. Espinosak asmo jakin batekin ekitera bultzatuko gaitu eta bere esperientzia partekatuko du gurekin: ur-botilak salduz edateko urik ez duten pertsonei ura eramateko startupa sortu izana. Gainera, aurtengo Ekin Day-n berriki “2018ko Espainiako Business Angel” izendatu duten Eneko Knörr ekintzaile arabarraren parte-hartzea ere izango da. Bere egitekoa jardunaldia ixtea izango da, “Mundu global eta aldakor batean ekitea” hitzaldiaren bidez.

Hori gutxi balitz, Araba Ekinean-en jardunaldi nagusian “Zure ideiak balio du 2019” lehiaketako sariak banatu eta “Araba Ekiten” eta “Ekintzaile handia” sarien irabazleen berri ere emango da. Amaitzeko, aipatzekoa da “Zure ideiak balio du” lehiaketaren aurtengo edizioak marka guztiak hautsi dituela, 55 proiektu aurkeztu baitira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urtarrila 2019 12:54

 

  • Aurtengo lehiaketan bikoiztu egin da joan den urtean lortutako partaidetza errekora.
  • Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta amaiera jarri dio Ikasenpresa hezkuntza-programari.

 

Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek, BIC Arabako zuzendari David Monterok eta Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizuk inauguratu dute gaur Araba Ekinean-en Eskola Enpresen Feriaren beste edizio bat. Lanbide Heziketako ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleiho izatea da ekimenaren helburua.

Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta iaz lortutako partaidetza errekorra gainditu da, Arabako Lanbide Heziketako bost ikastetxetako ikasleek sortutako 66 proiektu eta negozio-ideia berri aurkeztuta. Hain zuzen ere, ia bikoiztu egin da 2018ko ekimen-kopurua. Aurkeztutako 66 proposamenak beste horrenbeste standetan egon dira ikusgai eta horietako batzuk erosteko aukera ere izan da. Honako ikastetxe hauetako ikasleek hartu dute parte: Gamarrako Ostalaritza Eskola, Mendizabala, Egibide-Nieves Cano, Egibide-Arriaga eta Egibide-Molinuevo. Askotarikoak izan dira aurkeztutako produktu eta zerbitzuak: pizza mozteko artaziak, eskuak desinfektatzeko gela, food truck baten bidez tokiko janaria garraiatzeko zerbitzua, kristal artifizialak sortzeko gai diren gatz inorganikoak oinarri hartuta sortutako bitxiak, birziklatutako materialez sortutako maskota-oheak, arrain-ontzia txertatuta dakarten altzari pertsonalizatuak, maskoten gorpuzki-zerrautsak baliatuz hazitako landareak, askotariko pastak eta gozoak, edo inklusioa bultzatzen duten aisialdiko eta denbora libreko jarduerak.

Izan ere, Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Den-dena garatu behar dute ikasturtean zehar, logotipoetatik eta marketin planetik hasi eta estrategiaraino. Enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea da helburua, ikasleek ekiteko duten ahalmena sustatzeko. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei Enpresen Feriak, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere.

Enpresen Feria aurrenetariko jarduera izan da Araba Ekinean-en edizio honen baitan, baina ez lehena; izan ere, XV. edizio honi hasiera emateko, “Zure ideiak balio du” lehiaketa jarri zen martxan urtarrilaren 21ean, honako kategoria hauekin: Ideiak (On4you agentziak babestuta), Iraunkortasuna (Aclimak babestuta), Merkataritza eta Turismoa (Gasteiz ON elkarteak babestuta), Nekazaritzako Elikagaiak (Eroskik babestuta), Industriala (Michelin Fundazioak babestuta), Zerbitzuak, eta hiru sari berezi: lehena ikusleek aukeratuko dute, bigarrena irabazten duenak Metxa azeleratzailearen Bootcamp-ean leku bat lortuko du eta hirugarrena RPK enpresak emango dio inpaktu sozial handiena eta onena duen proiektuari, hala, industriaren eta eraldaketa sozialaren arteko mugak lausotzeko.

 

Edizio honen beste helburu bat Ekin Breakfast delakoak, ekintzailetzari buruzko topaketa telematikoak, sustatzea da, urte osoan zehar Gasteizen zein Arabako beste herri batzuetan formatu horretako ekimenak egin daitezen.  Hain zuzen ere, lehen Ekin Breakfast topaketa otsailaren 13an egingo da, eta honako gai hau izango du ardatz: “Nola bilatu inbertsioak proiektu ekintzaile berrietarako”. Interesdun orok irekita du dagoeneko izena emateko epea, web orri honetan: www.alavaemprende.com.  Web orri horretan gainerako jarduerei buruzko informazioa ere ageri da, hona hemen horietako batzuk: Ekin Day (edizioko egun garrantzitsuena); “Zure ideiak balio du” lehiaketako finalisten aurkezpena; eta pertsona ekintzaileen eta finantzaketa-, aholkularitza- eta azelerazio-erakundeen arteko B2B topaketak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 azaroa 2017 13:55

 

 

 

 

 

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Araba Ekinean-en web-orria berria aurkeztu du, diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek eta BIC Arabako zuzendari David Monterok lagunduta. Web-orria Araba Ekinean ekitaldiaren jardunaldi nagusiari buruz informatzeko sortu zen, baina aurrerantzean irudi berria izango du, eta eduki gehiago, Gasteizen eta Araba osoan ekintzailetzaren alorrean egiten denari buruzko informazio guztia jasoz.

Hauexek dira, besteak beste, alavaemprende.com web orriko prestakuntza arloak: ekintzailetzarako laguntza publikoak, enpresetarako espazioak, mintegiak eta prestakuntza. Ekintzaileei sostengu ematen dieten erakunde, entitate eta antolakundeen zerrenda osoa ere aurki daiteke. Orobat, enpresak sortu, hazi eta bideragarri bihurtzeko laguntza-programa eta ildo guztiei buruzko xehetasunak ematen ditu. Gainera, mapa batean, lurraldean dauden enpresa-zentroak, mintegiak, coworking espazioak eta negozio zentroak ikus daitezke.

Araba Ekinean-en web-orrian egindako beste berrikuntza bat agenda da, zeinean ekintzailetzarekin lotutako ikastaro, biltzar, hitzaldi eta ekitaldiei buruzko argibideak jasotzen baitira.

“Udalak baliabide multzo handia eskaintzen die enpresa-proiektuak proposatzen dizkiguten pertsonei: aholkularitza eta prestakuntza, enpresa abian jartzeko laguntzak, eta jarduera abiarazteko espazioak. Dena dela, ekiteko lehen urratsa informazio ona izatea da, eta horixe da Araba Ekinean-en web-orri berriaren helburua: erakunde eta antolakundeok negozio ideia bat duten pertsonei eskaintzen dizkiegun baliabideei buruzko informazio guztia bildu eta eskuragarri jartzea”, adierazi du Nerea Melgosak.

Araba Ekinean ekimenaren helburua da ekintzaileen jarduera aitortu eta sustatzea, sinergiak sortzea, eta ekintzaileei begira ahaleginak partekatzea eta interes komunen alde egitea. Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta BIC Araba buru dituelarik, Araba Ekinean-en asmoa da ekintzaileak bistaratzea, eta lurraldea garatzen egiten duten lana aitortzea. Herritarrak ekitearekin identifikatu daitezen ahalegindu da, ekintzaileen kultura zabalduz, hala pertsonen arloan (profil eta gaitasun berriak) nola enpresen arloan (merkatuen globalizazioa, nazioartekotzea, teknologia, gizarte eta antolakuntza aurrerapenak).

+INFO: www.alavaemprende.com

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 martxoa 2017 11:05


  • JakinCode zibersegurtasun alorreko zerbitzuen enpresaren fundatzaile Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gil gazte ekintzaileek lortu dute ‘Araban ekin’ saria
  • Arabako diputatu nagusi  Ramiro Gonzálezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eman dituzte sariak, Araba Ekinean ekitaldiaren jardunaldi nagusian, zeinean hogei hizlarik eta gehiagok hartu baitute parte
  • Orobat, “Zure ideiak balio du” XIII. lehiaketaren sariak banatu zaizkie irabazleei: Sara Irazu eta Borja Marugan (Ideiak kategorian), Diego Delgado eta Borja Yrazu (Berrikuntza), Andrea Garín (Aukera), eta Maialen Ormaetxea eta Jens Guftafsson (Iraunkortasuna)

Araba Ekinean ekitaldia —Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, eta Eusko Jaurlaritzak BIC Araba-ren bitartez urtero antolatzen dutena— amaiera eman dio gaur 2017ko edizioari, jardunaldi nagusiarekin eta sari banaketarekin. Alcor taldeko kontseilari ordezkari Gaizka Grajalesek jaso du ‘Ekintzaile handia’ saria, eta JakinCode enpresako kide Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gilek, ‘Araban ekin’ saria. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek banatu dituzte sariak.

Gaizka Grajalesek 1994an sortu zuen Alcor taldea, eta gaur egun taldeko kontseilari ordezkaria da. Hasieran automozioko enpresa txiki bat erosi zuen taldeak, eta aeronautikaren sektorean beste bat sortu. 23 urte hauetan haziz joan da, sozietate berriak sortuz eta nazioarteko proiektu garrantzitsutan parte hartuz, Airbus A380 programan, esaterako. Azken proiektua, Mizar Additive Manufacturing sozietatea, 2014an jarri zuten abian; teknologia ezberdinak baliatuz ekoizpen gehigarriaren alorrean dihardu horrek, bereziki aeronauntikaren, osasunaren eta industriaren alorretan. Iaztik, beste bi enpresa teknologikoren akziodunen artean dago:  Emedica, software medikoa garatzen duena, eta Karten, satelite bidezko irudien azterketaren ingeniaritzan diharduena.

Mikel Díaz de Arcaya eta Diego Gil JakinCode enpresaren bazkide fundatzaileak dira. Araba Ekinean-en “Zure ideiak balio du” lehiaketan ere lortu zuen saria duela hiru urte. JakinCode enpresa 2014ko urrian fundatu zuten, zibersegurtasunaren alorrean zerbitzu aurreratuak eskaintzeko helburuarekin, bai eta aktibo industrialen segurtasuna osorik monitorizatzeko tresna adimentsuak garatzeko ere. Urtebete baino gehiago softwarea garatzen eman ondoren, 2016an hasi ziren produktua/zerbitzua merkaturatzen, eta jarduerako lehen urtean sei lanpostu sortu dituzte. Gaur egun hainbat sektoretako enpresekin ari dira lanean, azpiegitura kritiko batzuetan eta erakunde publikoetan.

Araba Ekinean ekitaldian saritutako hiru ekintzaile horiek proiektuak gure mugetatik kanpo garatzen ari diren lurraldeko ekintzaileen labealdi berriaren eredua dira.

Haiekin batera, “Zure ideiak balio du” XIII. lehiaketaren sariak ere banatu dira. 2017an aurkeztutako 24 proiektuetatik 12 baino ez dira finalera iritsi, eta egileek gaur goizean aurkeztu dizkiete proposamenak epaimahaiari eta publikoari.  Sara Irazu eta Borja Maruganek  IDEIAK kategorian lortu dute saria, “Bihotzadore-Voces de Emoción”, proiektuarekin: mugikorrerako aplikazio bat da, gaixotasun larria bat gainditu duten pertsonak eta orain gaixotasuna dutenak harremanetan jartzeko. Andrea Garínek AUKERA kategorian irabazi du, www.thebest5.com proiektuarekin: Web orrialde honek interneten dauden milaka iritzi aztertzen ditu bilatzen den produktuaren inguruan. Gero, gomendatutako bost bakarrik azaltzen ditu, prezio onenean. Web orrialdiak beta bertsioa dauka jardunean gaur egun. Diego Delgado eta Borja Yrazu BERRIKUNTZA kategorian izan dira irabazle, “ID.EMERG” proposamenarekin: aplikazio horrek telefono mugikorren tresna biometrikoak —hatz-marken irakurgailuak— baliatzen ditu aldez aurretik erregistratutako informazio klinikoa emateko, larrialdi kasuetan. Azkenik, Maialen Ormaetxea eta Jens Guftafsson IRAUNKORTASUNA kategoria berrian gertatu dira irabazle, “Stillgood.es” proiektuarengatik: elikagai ez-galkorren online supermerkatua da, dena delakoagatik zaramara bota behar diren baina kontsumitzeko moduan dauden produktuak eskaintzen dituena.

Hauek banatu dituzte sariak: Pilar García de Salazar, Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusiordea; Nerea Melgosa, Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia; Aitor Urzelai, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza zuzendaria, eta Kristina Apiñaniz, Aclima-Euskadiko ingurumen arloko industrien klusterreko zuzendari nagusia.

 

Hogei hizlaritik gora eta B2B topaketa

Araba Ekinean programaren XIV. edizioaren jardunaldi nagusia azoka plaza formatuan egin da bigarren urtez jarraian, hau da, agertoki ezberdinetan hainbat jarduera garatuz. Hogei ekintzaile eta adituk baino gehiagok azaldu dituzte beren esperientziak 150 entzule eta gehiagoren aurrean. Bestetik,  eta lehenengo aldiz, B2B topaketa (banakako bilera hitzartuak) egin da ekintzaileen eta finantza-agenteen (Business Angels), coworking espazioen edo proiektua-azeleratzaileen artean. Orotara 40 elkarrizketatik gora izan dira, hastapenetan dauden proiektuei aukera berriak irekitzearren.

Hizlarien artean hauek izan dira nabarmengarrienak: Danimarkak Espainian duen enbaxadako komunikazioaren eta gai publikoen agregatu Mikkel Larsen — Danimarkako ekintzailetza sistemaz hitz egin duena—,  Pau Cuervo ekintzaile katalana, Espainiako 30 urtetik beherako 20 ekintzaile onenetako bat, eta Ecodes fundazioko zuzendari Victor Viñuales,  enpresak klima aldaketari egokitzearen arloan Europako aditu handienetako bat.

“Cámbiame Emprendedor” saioaren azken ekitaldia ere egin da. Hiru entrenatzailek aholkularitza eman diete bi ekintzaileri, eta lantegi bat egin dute Arabako Batxilergoko eta LHko ikastetxe batzuetako ikasleekin. Bukatzeko, enpresaburu ezagunen eta gazte ekintzaileen arteko bi solasaldi egin dira, Arabako ekintzailetzari buruz mintzatzeko.

Informazio gehiago: www.alavaemprende.com

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 martxoa 2017 13:52
  • Datorren martxoaren 28an egingo da topaketa, hainbat agertokitan eta azoka plaza formatuan; lehenengo aldiz, B2B binakako bilerak antolatu dira sostengua (finantzaketa edo aholkularitza) ematen duten entitateen eta ekintzaileen artean
  • Hizlarien artean nabarmengarrienak Danimarkako enbaxadako kide Mikkel Larsen eta Ecodes fundazioko zuzendari Victor Viñuales ditugu, zeinak ekintzailetza ekosistema daniarraz eta enpresa eta klima aldaketaz mintzatuko baitira, hurrenez hurren
  • “Cámbiame emprendedor” saioaren azken ekitaldia ere egingo da, zeinean hiru entrenatzailek hiru proiekturi buruzko aholkularitza eman baitute, eta enpresaburu ezagunen eta gazte ekintzaileen arteko solasaldia

Datorren martxoaren 28an (asteartea) egingo da Gasteizko Europa biltzar jauregian Araba Ekinean ekitaldiaren jardunaldi nagusia. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak (BIC Araba-ren bitartez) antolatzen dute ekitaldia, lurraldean ekintzailetza sustatzeko xedez 2017ko edizioa hainbat agertokitan eta azoka plaza formatuan egingo da, egun osoan zehar hogei ekintzailek baino gehiagok beren esperientziak partekatu ditzaten bertaratuekin. Aurtengo berritasunen artean, B2B elkarrizketa hitzartuen bidezko bilerak ditugu, ekintzaileak eta sostengua ematen duten entitateak harremanetan jartzeko. “Cámbiame emprendedor” saioaren finala ere egingo da, zeinean hiru entrenatzailek hiru proiekturi buruzko aholkularitza eman baitiete ekintzaileei.

Jardunaldi nagusia biltzar etxeko Green aretoan egingo da. 9.00etan lurraldeko LHko eta Batxilergoko zenbait ikastetxetan garatu diren ekintzailetza lantegien azken dinamika egingo da. 10.00etan B2B topaketetako elkarrizketak hasiko dira, eta 11.00etan “Zure ideiak balio du” XIII. lehiaketaren finalisten txanda iritsiko da; aurten 24 proposamen aurkeztu dira. Ekintzaileek 5 minutu izango dute beren ideiak publikoaren eta epaimahaiaren aurrean azaltzeko. Ondoren, 12.00etan, errealitatearekin aurrez aurre jarriko gaituzten bi hitzaldi entzun ahalko ditugu, ekintzailetzaren bi ikuspuntu emango dizkigutenak: batetik, EHUko irakasle Bittor Rodríguez zientziaz eta umoreaz baliatuko da ekintzaileez mintzatzeko; bestetik, ETBko “Cuerpos de Élite” programako entrenatzaile Gabriela Uriarte nutrizionistak bokazioa eta ikasketak baztertu gabe nola izan ekintzaile azalduko du.

Goizeko saioa amaitzeko, zenbait arabar ekintzailek “Fucked up Live” bat egingo dute, alegia, proiektuak garatzean egindako akats guztien berri emango dute, beste batzuek huts berak egin ez ditzaten. Zehazki, hauek hartuko dute parte: Aitor Ayesa (Dron Safe), Amaia Acha-Orbea (Meteo for Energy), Ainhoa Ocio (Cerveza Gastheiz), Lorenzo Díaz de Apodaca (Air Estudio) eta Oliver Martín (Sistemas OMO).

“Hygge” daniarra, informazioaren diseinua edo enpresak klima-aldaketara nola egokitu

Arratsaldeko saioak 16.00etan abiatuko dira, hainbat arlotan arrakasta lortzen ari diren hiru arabar enpresa berriren esperientziekin: CIC energiGUNEren Carbon Solutions star-up berria (energia), I+Med (ingeniaritza biomedikua) eta Speak Smile Idiomas (hizkuntzen irakaskuntza).  Harremanak lantzeko atsedenaldi baten ondoren, Sophie artista arabarrak Araba Ekinean-en edizio honetarako sortu duen kantua aurkeztuko da, eta ondoren “Cámbiame Emprendedor” saioaren azken ekitaldia egingo da. Hiru entrenatzaileek  —Aclimako zuzendari nagusi Kristina Apiñaniz, Emprendizako CEO Guillermo Arregui eta komunikazio aholkulari Andrés Goñi— martxan jartzear diren hiru proiektuk proposatutako erronkei emandako irtenbideak azalduko dituzte.

Danimarkak Espainian duen enbaxadako komunikazio agregatu Mikkel Larsen-ek  “hygge” delakoak bere herrialdea munduko herrialderik zoriontsuena izatearekin duen zerikusia azalduko du, eta Danimarkako ekintzailetza ekosistemaren berezitasunak aipatuko ditu. Ondoren, Elkanodatako CEO Pau Cuervo ekintzaile katalanak hitz egingo du; informazioaren diseinuan espezializatuko agentzia horrek 3 urte eskasean bere bezeroen artean NBE izatea lortu du, eta haren sortzailea Estatuan eragin handiena duten 20 ekintzaileen zerrendan sartu da.

Mintzaldi horiek amaitutakoan, enpresaburu ezagunen eta gazte ekintzaileen arteko solasaldiaren txanda etorriko da, ekintzailetzari buruzko ikuspuntuak partekatu ditzaten. Hauek hartuko dute parte: enpresaburuen aldetik, Gaizka Grajales (Alcor taldea), José Rodríguez (Fitness Digital) eta Elisabeth Ochoa de Eribe (Guías Artea); gazteen aldetik, Mikel Hervás (See you Zoom), Nerea Durante (Mooneki) eta Idoia Garaizabal (Clínica Etermal).

Araba Ekinean sariak

Azkenik, martxoaren 28ko jardunaldian, urtero bezala, ‘Ekintzaile handia’ eta ‘Araban ekin’ sariak emango dira, bai eta ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren sariak ere. Bestetik, Ecodes fundazioko zuzendari Victor Viñualesek itxiko du azoka plaza, zeina enpresak klima aldaketari egokitzearen arloan Europako aditu handienetako bat baita. Ekintzaileek nola egin diezaioketen aurre aldaketari eta oraingo egoerari etekina nola atera azalduko du. Viñuales  enpresa garrantzitsuen aholkularia da, Inditex eta Triodos Bank, besteak beste.

Egun osoan zehar, aurtengo edizioko ideia-lehiaketaren proiektu finalistak egongo dira ikusgai Green aretoan. Jardunaldian parte hartu nahi dutenek doan eman dezakete izena, Araba Ekinean-en web-orrian:

http://www.alavaemprende.com/market-place-alava-emprende-2017/

 

Share