Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak bat egin du San Patrizio Egunaren ospakizunarekin

 

Berdez argiztatuko ditu udaletxearen fatxada, Arkupeak eta Floridako kioskoa

 

San Patrizio Eguna da gaur, martxoak 17; Irlandako jai nazionala, munduan gehien ospatzen den jai nazionala.

Hori dela eta, berdez argiztatuko ditu Gasteizko Udalak udaletxearen fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak. Turismoaren Euskal Agentziak (Basquetour), Espainiak Dublinen duen turismo-bulegoak eta Irlandaren Espainiako turismo-bulegoak sustatutako ekimen horrekin, nazioarteko ekitaldi batean parte hartuko du Gasteizko Udalak, Irlandan eta mundu osoan gure hiria ezagutzera emateko.

Gasteizen bezala, herrialde guztietako monumentu historiko eta ikono arkitektonikoek bat egingo dute ospakizunarekin, eta Irlandaren kolore nazionalarekin argiztatuko, Twitter sare sozialean publizitatea egiten den #GlobalGreening #SanPatricio ekitaldian. Besteak beste, Parisko Jesusen Bihotzaren basilika, Rio de Janeiroko Kristo Berreroslearen estatua edo Pisako dorrea argiztatuko dira berdez gaur gauean, San Patrizio Eguna ospatzeko.

 

 

 

 

Share

Udalak bat egingo du Diabetesaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin

 

Urdinez argiztatuko dira gaur hiriko eraikin enblematikoak

Udaletxea, Arkupeak eta Florida parkeko kioskoa urdinez argiztatuko dira gaur, azaroak 14, Diabetesaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, “Erizaina eta diabetesa” lemapean, erizainek gaixotasunaren prebentzioan, detekzioan, kontrolean eta jarraipenean jokatzen duten papera nabarmendu nahi baita hartara.

Gasteizko Udalak bat egin du urtero egiten den ospakizun horrekin, zeinen bitartez diabetesaren arazoaz ohartarazi nahi baita, mundu osoan, eta orobat erikortasun-tasen igoera ikaragarriaz eta gaixotasuna ekiditeko moduaz.

Zirkulu urdin bat da efemeride hori ospatzeko diseinatutako logotipoa, Arabako Diabetikoen Elkartearen batzarrak adierazi duenez. ‘Diabetesak elkartuta’ kontzientziazio-kanpainaren parte da zirkuluaren ideia, entitate horretatik azaldu dutenez, esanahi positiboa eman nahi baitzaio, eta kultura askotan bizitza eta osasuna sinbolizatzen baititu.

Gainera, nazio guztiak elkartzen dituen zerua irudikatzen duelako aukeratu zen kolore urdina, eta Nazio Batuen banderaren kolorea delako; beraz, nazioarteko komunitatearen batasuna sinbolizatzen duelako, gaixotasun horren pandemiari erantzuteko.

Aurten, Covid-19aren ondorioz pairatzen ari garen krisi sanitarioa dela eta, ez da Diabetesaren Nazioarteko Eguna ekitaldi presentzialekin ospatuko, baina, aitzitik, hiriko eraikin enblematikoak urdinez argiztatuko dira.

Frederick Bantingen jaiotzaren urteurrena ospatzeko aukeratu zen azaroaren 14a, erabakigarria izan baitzen haren lana —Charles Bestenarekin batera—, intsulina aurkitzeko —1922an—, diabetesa duten pertsonak tratatu eta bizia salbatzeko aukera ematen duen hormona.

Share