Prentsa Oharren banner

(Estekaz gaurkotua) Gizarte Politiken Sailak familia zaintzaileei laguntzeko programaren arreta handitu du, eta izen berria eman dio: Maiteki

Adinekoen zaintzaileei ez ezik, desgaitasunak edo mendetasun-arriskua dituzten pertsonen zein bestelako beharrak dituztenen zaintzaileei ere lagunduko die

 

Maiteki Programa

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak familia zaintzaileei laguntzeko programaren bidez ematen duen arreta handitu du, 65 urtetik gorako adinekoen zaintzaileei ez ezik beste batzuk zaintzen dituztenei ere lagunduko baitie aurrerantzean: mendetasun-egoeran edo mendetasun-arriskuan daudenak, desgaitasuna dutenak edo zainketa behar duen egoera psikiko edo fisikoren bat dutenak.

Familia zaintzaileen programa adinez nagusi izatera iritsi da, 18 urte bete berri baititu, eta helburu berria eta argia ezartzeko garaia da: familia gehiagorengana heltzea. Jende gehiagori lagundu nahi diogu”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak baliabide berria aurkezteko prentsaurrekoan.

Udalaren gizarte-zerbitzuen arduradun politikoak iragarri duenez, zainketa programaren eboluzioak izen berria ere ekarri du: Maiteki.  “Izan ere, halaxe zaintzen dute familiek, maiteki, eta senitarteko bat zaintzeko laguntzaren bila datozenak ere halaxe tratatzen ditugula sentitzea nahi dugu. Badakigu zein gogorra den zaintzaileentzat zaintzen duten pertsonaz ia egun osoan arduratzea. Lan horrek dakartzan ahaleginaz eta higaduraz gain, pertsona horren zaintza norberaren familiaren eta bizitza pertsonalaren aurretik jartzea esan nahi du askotan.”

Maiteki programak pertsona horiei lagundu nahi die, hain zuzen,”zaintza harremana hobetzerik izan dezaten, zaintzeko ahalegina arindu eta zeregin hori partekatu“. Horretarako baliabide hauek eskaintzen ditu:

 

  • Gizarte-langile baten erreferentzia, zainketa-lanetan lagun egiteko.
  • Laguntza psikologikoa, banakoentzat zein familia osoarentzat, hobeto senti daitezen.
  • Etxez etxeko prestakuntza, hobeto zaintzeko eta mugimenduak egiten, komunikatzen eta portaera zailak kudeatzen trebatzeko, besteak beste.
  • Elkarri laguntzeko taldeak eta zaintzaileen bilerak.
  • Bestelako jarduerak: ikasteko eta ondo pasatzeko hitzaldi eta lantegiak.

 

Zaindutako pertsona 65 urte gorakoa bada, atseden zerbitzu bat baliatu dezakete familiek, hau da, asteburuetarako eguneko zentroak eta etxean laguntzeko zerbitzua.

Bestetik, adinekoentzako zentro soziokulturalekiko lankidetzarako bideak ere sendotuko ditu Maitekik, zaintzaileek bertan antolatzen diren ikastaro eta lantegietara lehentasunez sartzerik izan dezaten.

Jon Armentiaren ustez, “okerra da pentsatzea batzuek zaintza behar dutela eta beste batzuek zaintzeaz arduratu behar dutela. Zaintza eman egiten da, baina baita jaso ere. Zaintzen duenari lagunduz haren bizi-kalitate eta ongizatea hobetzen ditugu, baita zaindutakoaren bizi-kalitate eta ongizatea ere”. 

MAITEKI programaz baliatzeko nahikoa izango da 945 16 13 56 telefono-zenbakira deitzea. Oinarrizko gizarte zerbitzuetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan edo 010 zerbitzuan ere eska daiteke.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak zabalkunde-kanpaina bat jarriko du abian baliabidearen berrikuntzak ezagutarazteko; horretarako, informazio-orriak banatuko dira, eta iragarkiak jarriko komunikabideetan, hiri autobusetan, udalaren webgunean, udalaren informazio-pantailetan, etab.

 

Aurrekariak

Familia zaintzaileei laguntzeko programa da Maitekiren aurrekaria. 2002an sortu zen, 65 urtetik gorako pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzearren, familiartean zaintzen jarraitzeko eta ahalik eta baldintza onenetan zaintzeko aukera izan dezaten.

Iaz 500 familiari eman zien arreta programak.

Share