Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 abuztua 2019 12:43

Abuztuaren 4ko jaitsieran eramango dituen osagarriak eman dizkio alkateak Gorka Ortiz de Urbinari, eta errespetua eskatu du, “hala Zeledonekin nola pertsona guztiekin eta ingurumenarekin

Gorka Ortiz de Urbinak, zeinak beste urte batez Zeledon irudikatuko baitu, eta Gorka Urtaran alkateak osagarriak —euritakoa eta zahatoa— emateko ekitaldi tradizionalean hartu dute parte gaur goizean, igandean Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emango dien txupinazoaren protagonistak eraman ditzan.

Andre Maria Zuriaren plazan bertan izan da ekitaldia, Vitoria-Gasteiz hitzak dituen landarezko eskulturaren ondoan. Zeledonek herritarrei dei egiteko baliatu du egokiera:   “Jendeari eskatuko nioke gu laguntzeko, bai ni eta baita nirekin datozenak laguntzeko. Eta txapela eta aterkia pakean uzteko”, esan du Gorka Ortiz de Urbinak.

 

Alkateak, berriz, jaietan “daukagun onena” ematera animatu ditu gasteiztarrak. “Betiere errespetuz, hiru alderdi hauek kontuan hartuta: Zeledonekin, jaitsieran; pertsona ororekin, bereizketarik gabe, eta ingurumenarekin”. Horrekin lotuta, eta suziriaren jaurtiketan plazara beira sartzea debekatuta dagoelarik, Gorka Urtaranek hau gogorarazi du: “aurten ahalegin berezia egingo dugu latak sartzea eragozteko eta behin bakarrik erabiltzeko plastikoaren kontsumoa murrizteko; aldi berean, lanean ari gara  jaietan sortutako hondakinak murriztu eta birziklatzea handitzeko“. Hori dela eta, Gasteizko alkateak gure ingurunea errespetatzeko eskatu die gasteiztarrei. “Ingurumen iraunkortasunaren alorrean europar erreferentea izaten jarraitu behar du Gasteizek“, adierazi du Gorka Urtaranek.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 uztaila 2018 11:42

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zeledon, Edurne eta Zeledon Txiki ospetsuak prest dira 2018ko Andre Maria Zuriaren jaietarako.

Beti bezala, Zeledon abuztuaren 4an jaitsiko da, 18:00etan, eta Edurne eta Zeledon Txiki, hilaren 7an, 12:00etan.

Aurten bada berritasunik abuztuaren 7ko programan, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazan egingo baita, 35 urtez Espainia plazan egin ondoren. Andre Maria Zuriaren plaza handiagoa izanik, bertaratzen direnak erosoago egon ahalko dira, eta ekitaldiaz gehiago gozatu.

 

 

 

 

 

 

 

Bigarren berritasuna da bi pertsonaiak San Migel elizatik jaitsiko direla, hilaren 4an Zeledon jaisten den kable beretik. Biak aldi berean jaitsiko dira (lehen bi kable erabiltzen ziren), bata bestearen atzetik, horretarako gailu berezi bati esker.

Hirugarren berrikuntza da Zeledon Txikiren panpinaren aldaketa, kidearen pisu eta tamaina bera izan dezan (lehen astunagoa zen). Goma-aparrez eta poliesterrez egindako panpinek 12 urte eta 1,5 metro inguruko neska bat eta mutil bat irudikatzen dituzte. Edurne irudikatzen duen panpinak neska jantzia darama: koadroetako gona eta zapi granateak, lihozko alkandora eta amantal zuriak, eta gerruntze beltza; mutila irudikatzen duena Zeledonen kopia da.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 uztaila 2017 19:35

Gasteiz Big Bandek, Udal Txistulari Bandaren laguntzarekin, Mariano San Miguel musikariaren “Zeledon” kalejira ezagunaren bertsio berria aurkeztu du gaur arratsaldean.

Uraren Lorategian interpretatu da pieza berria; ez da jatorrizkoaren ordezkoa, moldaketa baizik, jai kutsu alaia galdu gabe modernoagoa gerta dadin.

“Gaur bai esan dezakegula Zeledonen etxe berria egin duela. Eta ziur denon gustukoa dela, betiko Zeledon delako, eta Gasteiz Big Banden eta Udal Folklore Akademiaren lanak Mariano San Miguelen kantua are gehiago nabarmentzeko balioko duelako” , azaldu du Estíbaliz Canto zinegotziak.

Zeledonen abestia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 abuztua 2016 13:15

 

 

 

 

 

 

 

 

Gaur gauean, Karmele Jaio idazle gasteiztarraren pregoiak egingo du jairako deia, zeina udalaren web-orrian zuzenean emango baita

Hilaren 4an Gasteizera iristeko behar dituen lanabesak eman dizkio alkateak Zeledoni

Udalak argi gehiago jarriko du txosnetako komun publikoen inguruan, emakume taldeen eskaerari erantzuteko

Hiria azken ukituak ematen ari da 2016ko Andre Maria Zuriaren jaietako suziria pizteko. Zeledon Gasteizera iristeko 48 ordu falta direnean, Udala jai-gune guztiak prestatzen eta egun horietarako zerbitzuak berrikusten ari da.

Gaur goizean, abuztuaren 4an Gasteizera Zeledon gisa iristean erabiliko dituen euritakoa eta zahatoa eman dizkio Gorka Urtaran alkateak Gorka Ortiz de Urbinari.
 

Eserlekua eta landarezko eskultura kenduta jaiak bukatu arte

Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira, hau da, datorren ostegunean suziria jaurtiko den leku berean, zeina ia prest baitago milaka eta milaka pertsona hartzeko.

Balkoira bidean Zeledoni laguntzen diotenen eskaerari erantzunez, udal gobernuak erabaki du landarezko eskulturaren ondoko eserlekua kentzea. Udal errementariek jarri eta kentzeko lokailu bat egin dute, jaien ondoren eserlekua berriro jarri ahal izateko. Horri esker, Gorka Ortiz de Urbina eta haren lagunak errazago hurbildu ahalko dira balkoira hilaren 4an, eta eserlekua errazago jarri eta kendu ahalko da behar denean. Orobat, bihar, hilak 3, hiriaren marka irudikatzen duen landarezko eskultura kenduko da, jaiak amaitu arte.

 

Karmele Jaioren pregoia zuzenean emango da

Iaz izandako harrera ona ikusirik, aurten ere zuzenean emango da pregoia. Karmele Jaio Eiguren idazle eta kazetari gasteiztarra izango da 2016ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoilaria. Pregoia edo jairako deia Plaza Berrian egingo da, 21:30ean, eta ondoren Udal Musika Bandaren mendeurrena ospatzeko kontzertua izango da.

Pantaila erraldoia eta txupinazoaren zuzeneko emanaldia

Abuztuaren 4an Zeledonen jaitsiera Andre Maria Zuriaren plaza baino leku lasaiagoan eta familiartean jarraitu nahi duten gasteiztarrek handik metro gutxi batzuetara ikusi ahalko dute, Plaza Berrian, Udalak jartzen duen pantaila erraldoian. Euskatel konpainiak hartuko du bere gain instalazioaren kostua.

EITBk zuzenean emango du Zeledonen jaitsiera, eta bigarren urtez jarraian, bai eta igoera ere.

Zeledon eta txantxangorria

Aurten ere Zeledonen kantaren euskarazko bertsioa daraman pankarta jarriko da. Izan ere, Udalak, iaz bezala, Blusen eta Nesken Batzordearen eta GEU Gasteiz elkartearen ekimenarekin bat egin du, Euskadiko hiriburuko jaietan euskara sustatzeko. Hauxe da letra: “Zeledon! Etxe berria egin duk. Zeledon! Balkoia leiho on. Euskaraz bizi”.

Gainera, euskararen txantxangorria ere erantsiko da, lema honekin: “Eman hegoak euskarari. Dale alas al euskera”.

Argi gehiago segurtasun gutxiko lekuetan

Emakumeen taldeek eskatuta, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak argi gehiago jarriko du txosnetako komun publikoen inguruan, bola motako bi lanpara aldatuz. Zehazki, Justo Velez de Elorriaga kalearen eta Unibertsitateko ibilbidearen arteko lanparetan potentzia 100 W-etik 250 W-era igoko da.

 

90 litro pixa-uxagarri

Bestetik, Gasteizko Udaleko Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak enpresa gasteiztar batek garatutako pixa-uxagarria bota du kaleetan. Guztira 90 litro erabili dira leku hauetako higienea hobetzeko: Arkupeak, Arka plaza eta eskailerak, Mateo Moraza (bereziki Andre Maria Zuriaren plazarekiko eta San Frantzisko kalearekiko izkinetan), San Roke kantoia, Eskola kalea, Postetxe plaza, Foru plazako bolatokia, Foru plazako frontoiko arrapala, Arka plaza, Lizarrako Markesaren eta Espainia Bankuaren arteko zatia, Ramiro Maeztu kalea, Alaba Jeneralaren kalea (Telefónicako izkina) eta Foru plazako agertokiaren atzealdea.

 

Erosketa-orgak debekatuta eta beirarik ez sartzeko eskaria

Udalak gogorarazi du abuztuaren 4an debekatuta egongo dela plazan erosketa-orgak sartzea, baita jai-gunera sartzea edo jai-gunea hustea oztopatu edo bertan kalteak (zuzenean nahiz zeharka) eragin ditzaketen bestelako elementuak sartzea ere.

Orobat, Udalak Zeledonen jaitsieran plazara beirazko botilarik ez sartzeko eskatu du, ebakiak eta zauriak egiteko arriskua dela eta. Udalak herritarren laguntza eskatu du kristalezko botilarik ez sartzeko, arriskutsuak izateaz gain ez baitira ezinbestekoak. Udal gobernua beirazko botilen ordezkoren bat bilatzen ari da datorren urteko jaietarako.

 

 

Share