Prentsa Oharren banner

Tarifa lauaren formula berria sortuko du Urtaranen gobernuak zergak ordaintzeko

 

  • Herritarren premiei erantzuteko etxebizitza publikoen parkea mantendu eta berritzeko plan bat jarriko da martxan

Tarifa lauaren formula bat jarriko du martxan Gasteizko Gobernuak legegintzaldi honetan, zergak ordaintzea errazago izan dadin. “Askotan, zergadunek aldez aurretik kalkulatua dute zenbat eta zein kontzepturengatik ordaindu beharko dizkioten zergak Udalari urtean zehar. Kopuru oso hori hamabi kuotatan banatu eta hilabetez hilabete ordaintzeko aukera eskaini nahi dugu”, zehaztu du Ogasuneko zinegotzi Borja Belandiak 2015-2019 aldirako sailaren programa aurkeztean.

Tarifa lauaren formulak, udal zergen kudeaketan, herritarrei ordainketak errazteaz gain, Udalaren diru-sarrerak dosifikatzeko aukera emango du, gastuarekin batera, eta hartara diruzaintzako tentsioak ekiditekoa; izan ere, aldian-aldian kreditu-kontuetara jotzera behartu izan dute horiek Udala, aparteko finantzaketa-formula hori erabiltzera.

Zerga-bilketari dagokionez, Udalak zergadunekin dituen harremanak hobetzeko lan egingo da legegintzaldi honetan, komunikazioak hobetuz —informazioa mugikorrean, edo posta elektronikoan, ordainketa-epeei eta jakinarazpenei buruz—, baita on-line kudeaketan ere, esate baterako zatikatze eta atzerapenei dagokienez.

Orokorrean, politika fiskalaren alorrean, marko egonkor baten alde egingo da, non zerga eta tasak herritarrek jasotzen dituzten hobekuntzekin bat etorriko diren, eta presio fiskalari KPIren bilakaeraren arabera eutsiko zaion, iruzurraren kontrako borroka areagotzeaz batera. Zehazki, tasa eta prezio publikoen bilakaerari dagokionez, legegintzaldi osorako akordio globalak bilatuko dira, zerbitzuak eskaintzea kostatzen denaren eta erabiltzaileengandik jasotzen denaren arteko aldea aintzat harturik.

 

Aurrekontu politika: lau urteko plan ekonomikoa

“Egoera ekonomikoak eta kontuak argitu eta saneatzeko premiak legegintzaldiko lau urteak osotasunean hartzera behartzen gaituzte. Legegintzaldi osorako programa ekonomikoa planteatu nahi dugu, erabateko argitasunarekin eta gardentasunarekin, udal politika guztietarako beharrezko diren funtsak jarriz eta gobernu-aldaketarekin gertatu denaren gisako egoerak galarazteko beharrezko diren aurreikuspenak eginez”, adierazi du Borja Belandiak, zeinek lau urterako plan ekonomiko horren ezaugarria Udalaren barne gardentasuna izatea nahi baitu, eta kanpo gardentasuna, herritarrei informazio emateko orduan.

 

Udal ondarearen kudeaketa

Gasteizko Udala titularra den ondare higiezinaren kudeaketari dagokionez, udal gobernu-taldeak bi neurri aurreikusten ditu: herritarren premiei erantzuteko etxebizitza publikoen parkea mantendu eta berritzeko plan bat egitea, herritarren egungo arazoen ondorio diren etxebizitza-premiei erantzuteko, eta lokalak eta instalazioak lagatzeko prozedura bateratu eta bidezkoa abian jartzea.

Beste jarduera garrantzitsu bat aparkalekuak kudeatzeko plana izango da, horren bitartez koordinatuko baitira aparkaleku publikoen arloan erabilgarri dauden baliabideak eta udalaren titulartasuneko aparkalekuak.


Iruzur fiskalaren kontrako borroka.

Iruzur Fiskalaren kontrako Plana jarriko du abian Urtaranen gobernuak, zerga eta tasa lokalen ordainketa hobeto kontrolatze aldera, aldi berean diru-bilketan kalitate-sistemak txertatuz eta beste administrazio eta erakunde batzuekiko lankidetza bultzatuz.

Orain artean iruzurraren kontra egindakoaren ebaluazioa egingo da aurki, eta plan berriaren ildo nagusiak aurkeztuko dira.

Share