Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 azaroa 2015 07:48

Atzo 46 urteko gizon bat atxilotu zuten, Barrenkale erdian 15 urteko alabari eraso egiteagatik; alabak bi egun zeraman etxetik kanpo aitaren baimenik gabe.

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atxiloketa gaueko bederatziak aldera izan zen, lekuko batzuek patruila bati ohartarazi baitzioten bi gizonezko neska gazte bati eraso egiten ari zitzaizkiola. Ondoren jakin zuten gizonezkoak neskaren aita eta neba zirela, eta etxera eraman nahian zebiltzala, neskak familiaren etxetik alde egin eta bi egun kanpoan eman baitzuen. Patruila bertan zela ere aitak berriro egin zion eraso adingabeari, beraz, etxeko indarkeriaren delitu batengatik atxilotu zuten, eta horren berri eman zen guardiako epaitegian.

Beste lau gizon –37 eta 15 urte bitartekoak– atxilotu zituzten asteburuan hainbat arrazoirengatik. Atzo goizeko seiak aldera 37 urteko gizon bat atxilotu zuten, indarkeriaz lapurtzeagatik eta agintaritzaren agenteei gogor kontra egiteagatik, agenteek hura emakume poltsa bat eta txamarra bat zeramatzala ikusi zutenean. Patruila ikustean korrika hasi zen, eta bi objektuak bota zituen, baina estropezu egin eta lurrera erori zelarik patruilak harrapatu egin zuen. Agenteei ostikoak eta esku-zartak jotzen hasi zen, beraz, poliziaren bulegoetara eraman zuten, eta indarkeriaz lapurtzea eta agintaritzaren agenteei gogor kontra egitea inputatu zioten, eta epailearen esku utzi.

Poltsan zegoen dokumentazioa baliatuz jabea aurkitu zuten, eta hark azaldu zuen atxilotuak lehenago eraso egin eta poltsa eta txamarra kendu zizkiola.

Ordubete lehenago 19 urteko gazte bat atxilotu zuten, partikularren arteko erasoagatik eta lesioengatik. Izan ere, Zerkabarren kaletik zihoan patruila batek ikusi zuen nola neska batek laguntzen zion zaurituta zegoen eta odoljario handia zuen gizonezko bati. Zauritua osasun zentro batera eramateko eskatu ondoren erasotzailearen bila joan ziren, lekukoek emandako datuetan oinarrituz. Inguruetan topatu eta jantzietan odol orbanak zituela ohartu ziren, beraz, partikularren arteko erasoan lesioak eragiteagatik atxilotuta zegoela jakinarazi zioten, eta poliziaren bulegoetara eraman zuten, epailearen esku uzteko.

Lapurreta denda batean

Larunbat arratsaldean, 15 urteko adingabe bat atxilotu zuten agintaritzaren agenteei gogor aurka egiteagatik; gainera, delitu arina ere inputatu zioten, merkataritza-establezimendu batean jantziak ebasteagatik; izan ere, beste adingabe batzuekin batera jantzi batzuez jabetu zen Alaba Jeneralaren kaleko establezimendu batean. Establezimenduko arduradunak patruila bat ohartarazten zuela konturatu zirenean, adingabe taldeak ihes egin zuen, baina haietako bat harrapatzea lortu zuten. Agenteei ukabilkadaka hasi zenez, indarrez lasaitu behar izan zuten, eta poliziaren bulegoetara eraman. Bertan jakin zuten adingabea zela eta, beraz, haren arduradunekin harremanetan jarri eta Adingabeen Fiskaltzari zein guardiako epaitegiari jakinarazi zieten.

Larunbateko 1.50ean, 32 urteko gizon bat atxilotu zuten, udaltzainei gogor kontra egiteagatik. Patruila bat establezimendu publiko batera sartu zen, jabeak musika ken zezan, auzokoei enbarazu egiten zielako. Bezeroetako batek agenteei traba egin zien lanean eta aldentzako eskatu arren agenteei eraso egiten saiatu zen; horrenbestez, indarrez geldiarazi eta poliziaren bulegoetara eraman zuten, haiei eraso egiteagatik inputatuta.

Hiru atxilotu droga trafikoagatik

Joan den ostegunean, 22.30ean, udaltzainek hiru gizon (bat 38 urtekoa eta beste bi 37koak) atxilotu zituzten, gai sorgorgarrien trafikoagatik. Hauek atzeman eta jarri zituzten agintari judizialaren esku: 594 gramo kokaina, 2.200 euro dirutan, 3 auto, baskula bat eta askotariko agiriak. Orobat, “Limia” taberna (Arriagako atea, 41) kautelaz itxi da. Atxilotuak epailearen esku utzi dituzte: bi kartzelan sartu dituzte, eta bat aske utzi dute, karguekin.

Azken hilabeteotan hiriko zenbait establezimendu publikotan egindako ikerketen emaitza dira atxiloketak, jakina baitzen estupefazienteak saltzen ari zirela. Horien artean aipatutako tabernako jarduera nabarmentzen zen, talde antolatu eta hierarkizatu batek egunean 60 gramo kokaina saltzen zuela susmatzen baitzen.

22:30ean, Teodoro Gonzalez de Zarate kalean, bi kide atxilotu zituzten, kokainaz hornitzen ari zirenean. Agenteek azkar jardun zutenez ezin izan zuten droga suntsitu, eta 594 gramo kokaina atzeman zieten.

Ondoren beste kide bat atxilotu eta gainerako objektuak atzeman zituzten. Horiek denak epailearen esku utzi dituzte. Operazioan 4 etxebizitza, 3 ibilgailu eta aipatutako establezimendua arakatu zituzten, Ertzaintzaren txakur unitatearen laguntzarekin. 

10 zauritu arin 5 istriputan

Asteburuan hamar pertsona (2 eta 72 urte bitartekoak) zauritu dira asteburuan gertatutako bost istriputan. Ostiralean, Frantzisko Xabier Landaburu kalearen eta Forondako atearen artean, ibilgailu batek bizikleta baten kontra jo zuen, eta txirrindularia (31 urteko emakumea) Txagorritxu ospitalera eraman behar izan zuten.

Ostiralean, halaber, auto batek 20 urteko oinezko bat harrapatu zuen Europar Batasunaren plazan. Zauritua Santiago ospitalera eraman zuten, zauri arinak baitzituen.

 Extremadura kaleko 11.ean, auto batek hiru oinezko harrapatu zituen. Horren ondorioz, 38 urteko emakume bat eta 11 eta 2 urteko bi ume zauritu arin ziren, eta Txagorritxu ospitalean artatu zituzten.

Igandean, 00.51ean, bizikleta batek oinezko bat harrapatu zuen Florida ibilbidean.

Brusela hiribidean, 23.27an, bi autok aurrez aurre talka egin zuten, eta lau pertsona arin zauritu ziren.  Txagorritxuko ospitalean artatu zituzten.

Sei alkoholemia positibo

Asteburuan prebentziozko sei alkoholemia kontrol jarri dira, eta 50 gidariri egin zaizkie alkoholemia probak; horietako seik eman dute positibo, beraz, administrazio salaketa egin zitzaien.

Gainera, Udaltzaingoak 31 urteko gizon baten kontrako atestatua egin zuen bide-segurtasunaren kontrako delitu batengatik, alkoholaren edo psikotropikoen eraginpean gidatzen ari zelako. Larunbateko 6.49an, patruila batek gidaria geldiarazi zuten, Nieves Cano kalean, eta mozkor zegoela iruditu zitzaien. Poliziaren bulegoetara eraman zuten eta botatako arnasan 0.32-0.29  miligramo litroko eman zuen. Ondoren, osasun zentro batera eraman zuten, estupefaziente baten eragin pean zegoelakoan, eta positibo eman zuen anfetaminan eta kokainan. Horrenbestez, bide segurtasunaren kontrako delitu bat inputatu zioten.

Asteburuan 42 salaketa izapidetu dira: 6 lapurretagatik, 22 ebasketagatik, 6 kalteengatik, 4 eraso bidezko lesioengatik, 2 agintaritzaren agenteei gogor kontra  egiteagatik, 1 pertsona desagertzeagatik, eta 1 etxeko indarkeriagatik. Polizia judizial gisa 18tan jardun zuen, besteak beste, diru-zorro bat eta bizikleta bat berreskuratzeko, eta bi esku-hartze administratibo, establezimendu publikoan substantzia sorgorgarriak kontsumitzeagatik.

 

Share