Prentsa-deialdiak (2015-12-01)

Harrera ekitaldia Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteari

Udalak harrera egingo dio Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteari, sortu zeneko 250. urteurrenean.

Parte hartzaileak: Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna: Asteartea, abenduak 1

Ordua: 19:30

Tokia: Udaletxeko harrera aretoa

Share

Europa biltzar etxeak “Urban Commerce” VI. Jardunaldi Teknikoa hartuko du abenduaren 3an


 

 

 

 

 

 

  • “Txikia ederra da. Saltoki txikiak hiriaren bereizgarri gisa” izango da jardunaldiaren izenburua, gai nagusia horixe baita
  • Aurtengo edizioan 125 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte, eta 11 hizlarik

 

Europa biltzar etxeak “Urban Commerce” VI. Jardunaldi Teknikoa hartuko du abenduaren 3an (osteguna). Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak antolatzen du, eta saltoki txikiak izango dira gai nagusia.

Jardunaldi teknikoa txikizkako merkataritzaren profesionalei zuzentzen zaie, bai eta hainbat alorretatik (erakunde publikoak, unibertsitatea, enpresaburuen elkarteak, aholkularitza enpresak eta abar) sektorearen lehiakortasuna hobetzen dihardutenei ere.

“Txikia ederra da. Saltoki txikiak hiriaren bereizgarri gisa” tituluaren pean, saltoki txikien berezko ezaugarriak eta aniztasuna defendatuko dira, eta Merkataritza Libreko Itunak izan dezakeen eraginaz eztabaidatuko; orobat, udal azoka plazak kudeatu eta/edo birmoldatzeko eredu berriak proposatuko dira, besteak beste.

“Prestakuntza teknikoa txikizkako merkataritza babestu eta sustatzeko zutabeetako bat da, eta Urban Commerce bezalako foro batek ezinbesteko zeregina betetzen du alor horretan. Izan ere, esperientziak eta etorkizuneko merkataritza joerak ezagutzeko aukera emateaz gain, parte hartzaileei ideiak eztabaidatu eta trukatzeko aukera ere ematen die”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. Gasteizko Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, Arabako Merkataritza Federazioak, Gasteizko azoka plazak eta Gasteiz On elkarteak lagundu dute Urban Commerce antolatzen.

Aurtengo edizioan hainbat lekutatik (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Madril eta Bartzelona) etorritako 11 hizlarik hartuko dute parte. Hirigintza plangintzan aditu Gemma Peribáñez arkitektoak irekiko du hitzaldien txanda, “Hiri klonatua” hizpide hartuta. Javier Bilbao ekonomistak eta Juan Hernández legelariak “Merkataritza Libreko Ituna (TTIP) eta denda txikietan izan ditzakeen ondorioak” aztertuko dituzte. Goizeko saioa bukatzeko, mahai-ingurua izango da, kide hauekin: Mikel López Iturriaga, El Comidista-koa; Eloy López de Foronda, Gasteizko azoka plazako kudeatzailea; Marian Cuenca, Madrileko San Fernando azokakoa, eta Óscar Martín, Bartzelonako azoken ordezkaria.

Arratsaldean,  Rubén Toribio (Donga jatetxekoa) eta Maitane Sáez (Cafés La Brasileña etxekoa) arituko dira, Gasteizko Udaleko langile Gurutze Ociok dinamizatutako solasaldian. Iban Yarzak, berriz, Artepan enpresako kide Txema Pascualek aurkeztutako hitzaldia emango du: “Artisau ogia eta saltoki txikiak: gorde beharreko bi balio”. Publikoarekiko solasaldiak emango dio bukaera Europa biltzar etxeko jardunaldiari.

Ondoren, parte-hartzaileek hiru plan hauen artean aukeratu ahalko dute: Azoka plazaren bisita, “Pastelez pastel” ibilbidea edo “Gastro-Commerce” ibilbidea.

Foroan izena ematea doakoa da, eta gaur, azaroak 30, amaituko da horretarako epea (dagoeneko 125 parte hartzailek egiaztatu dute izen-ematea). Helburu hauek ditu:

 

  • Hiriko saltoki txikien berezko ezaugarriak eta aniztasuna defendatzea, hirietako erdiguneetan merkataritza ereduak homogeneizatu eta erreproduzitzearen aldean.
  • AEBen eta Europaren arteko Merkataritza Libreko Itunak saltoki txikietan izan dezakeen eraginaz eztabaidatzea.
  • Udal azoka plazak kudeatzeko eredu berriak proposatzea, bezerorik galdu gabe beste erakargarri bat izan daitezen.
  • Nahitaez bete beharreko araudi edo legeez informatzea.

Azken batean, ideiak, jarduera egokiak, iritziak eta esperientziak trukatzeko ingurune egokia sustatu nahi da, sektorearen eboluzioa zein hiri merkataritzak bere burua berriro asmatu eta gaur eguneko egoera ekonomikotik biziberrituta atera dadin garatu beharreko estrategiak gaitzat hartuta.

 

Urban Commerce

Urban Commerce ekimena 2006an sortu zen, Gasteizko Udalak Hiri Merkataritzari buruzko Nazioarteko Biltzarra antolatzearen aldeko apustua egin baitzuen, hiria merkataritza biziberritzeko politiken alorrean erreferentzia bihurtzeko asmoz, bai eta hiri merkataritzaren modernizatze eta berrikuntzarekin lotutako esperientziak trukatzeko ere.

Urban Commerce markaren pean lau nazioarteko biltzar eta bost jardunaldi tekniko antolatu dira 2006az geroztik. Foro hauek  ospe handiko profesionalen bilgunea bihurtu dira, eta askotariko alorrak aztertzen dira: merkataritzarekin lotutako hirigintza, iraunkortasuna, marketina, kontsumo joera berriak, immigrazioaren fenomenoa merkataritzan, berrikuntza, teknologia merkataritza enpresetan aplikatua, irisgarritasun irtenbideak, eta abar.

2015ean, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak Urban Commerce ekimenari jarraipena emateko erronka hartu du bere gain, eta jardunaldi tekniko bat antolatu du, batetik, txikizkako merkataritzaren profesionalei zuzendua, eta bestetik, hainbat alorretatik (erakunde publikoak, unibertsitatea, enpresaburuen elkarteak, aholkularitza enpresak eta abar) sektorearen lehiakortasuna hobetzen dihardutenei zuzendua.

 

+INFO: Urban Commerce jardunaldiaren programa

 

 

 

 

 

Share

Joseba Santxo eta Miren Arratibelek eskuratu dituzte haur eta gazte literaturaren ‘Vitoria-Gasteiz’ itzulpen sariak

(AUDIO) Iñaki Prusilla zinegotziaren adierazpenak

Abenduaren 3an Euskararen eguna ospatuko da eta Oihaneder Euskararen Etxean haur eta gazte literaturaren ‘Vitoria-Gasteiz’ itzulpen sariak banatuko dira. Aurten 15 lan aurkeztu dira lehenengo kategorian eta bi bestean.

Haur literaturaren arloan Joseba Santxo izan da irabazlea, Road Dahl-ren ‘Jira, Peli eta Hirurok’ lanaren itzulpenari esker (‘The Giraffe and the Pelly and Me’). 9.000 euroko saria jasoko du. Gazte literaturan, berriz, Miren Arratibelek eskuratu du saria, 9.000 eurokoa ere, John Steinbeck-en ‘Perla’ lanaren itzulpenari esker (‘The Pearl).

Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak profesional hauen lana goraipatu du. “Joseba eta Miren bezalako pertsonei esker mundu osoko literaturaren orri onenak disfrutatu ditzakegu gure hizkuntzan ere, euskaraz”, esan du zinegotziak.

“Gasteiz bete euskara egunero” lema duen Euskararen Eguna dela eta Udalak antolatu duen programa azaroaren 27an hasi eta abenduaren 4an amaituko da. Mintzodromoa, zirku ikuskizunak, filmak, kontzertuak eta lantegiak izango dira.

Abenduaren 3a, Euskararen eguna, ekitaldiz beteta egongo da: Euskararen ginkanaren finala Oihaneder Euskaren Etxean; Tantttakak “Muxua” antzezlana antzeztuko du Principal antzokian; kalejira Erdi Aroko hirigunean zehar (Oihaneder Euskararen Etxetik hasi eta Andre Maria Zuriaren plazan amaitu); “Zirk-zark” jaialdia Oihanederren. Halaber, euskaltzaleek beren eskariak zintzilikatu ahalko dituzte Oihaneder Euskararen Etxean jarriko den desiren zuhaitzean.

Hauek dira programazioaren antolaketan parte hartu duten eragileak: Euskara 365 egun, Bai Euskarari Ziurtagiria, Geu Elkartea, Garaion NaturArtea, Amezti Txiki, Gasteizko Berritzegunea, Alea aldizkaria, Jimmy Jazz Gasteiz, Laboral Kutxa, Oihaneder Euskararen Etxea, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala.

Share

Astebururako aurreikuspenak

Azaroak 27, ostirala

  • Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosa Gazte Klik Klak sarien banaketan parte hartuko du, Montehermoso kulturetxeko Jovellanos aretoan, 19.00etatik aurrera.
  • Kultura, Kirol eta Hezkuntza zinegotzi Iñaki Prusillak ‘Europaren Sustraiak’ elkartearen sarien banaketan parte hartuko du. Sari hauek Antonio López eta Miguel Zugazari emango zaizkio NH Canciller Ayala hotelean 19.45etatik aurrera.
  • Parte hartze eta Gardentasun zinegotzi Jaione Aguirrek ‘Las Golondrinas’ opera-emanaldian parte hartuko du. Musikene Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoiaren emanaldia Principal Antzokian hasiko da 20.00tan.

Azaroak 29, igandea

  • Gorka Urtaran alkatea eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusilla Arabako Batzar Nagusien azaroko ohiko osoko bilkuran izango dira 11.00etan.
  • Berdintasun arloko zinegotzi Jaione AguirreZilarrezko Jugonak’ delako partidan izango da, Judimendi gizartetxean 18.00etan Eharialdea, Gaztedi, Aurrera eta Araski taldeek antolatutako ekitaldian. Bertan, errugbi,eskubaloi, futbol eta saskibaloi lehenengo taldeko jokalariak nahastuko dira modalitate bakoitzeko laurden bat jokatuz.
Share

Prentsa-deialdiak (2015-11-30)

Urban Commerce IV. jardunaldiaren aurkezpena

 

Ordua: 11.30

Parte hartzailea: Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi

Nerea Melgosa

Tokia: Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Urtaranen gobernuak Vasco-Navarroaren bide berdeko bizikletentzako ibilbidea osatuko du Gasteizko zatian

“Duen balio turistiko handia sustatzea eta hiri barruan bizikleta mugikortasunaren alde egitea ahalbidetuko duen irtenbidea da”, esan du Gorka Urtaran alkateak

 

Udal gobernuak Vasco-Navarroaren bide berdeko bizikletentzako ibilbidea osatuko du Gasteizko zatian, garai batean Lizarra eta Bergara Gasteizen barrena lotzen zituen trenbidearen trazadura sustatzeko xede duten jarduera multzo baten barruan. “Proiektu garrantzitsua da, ibilbide horren balio turistiko handia  –familiartekoa eta iraunkorra– sustatzea ahalbidetuko baitu eta, bide batez, hiri barruan bizikleta mugikortasunerako dauden arazo batzuk konpontzea”, esan du Gorka Urtaran alkateak. Horretaz gain, bide berdea Gasteizen seinaleztatzeko proiektua azkentzen ari da Udala.

 

Gaur goizean, Gobernu Batzarrak trazaduraren iparraldeko lanetarako kontratazio dosierra onetsi du; lanak egiteko aurrekontua 165.048,83 euro da, eta gauzatzeko epea, hamar aste. Lan horiei esker, Herrandarren kalea Zaramaga kalearekin lotuko da, Ballester Apezpikuaren kalean eta Legutianoko atean barrena. Hirian azken urteetan ezartzen ari den Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruko proiektua da, ibilgailu pribatuaren ordez garraio kolektiboz, bizikletaz eta oinez ibiltzea lehenesteko xedez.

 

Zubigarai eta Otazu arteko zatian –Arabako Foru Aldundia egiten ari da– berriki igarobidea jarri da, eta jarduera hori funtsezkoa zen bide berdeak Gasteizen sarbide egokia izan dezan. Orain beste bi zati geratzen dira udalerriari dagokionez. Lehen esku-hartzearen bidez, iparraldeko lotura konponduko da. Trazaduran jatorrizkoa ahalik eta gehien mantentzea izan da helburua, bidearen zatirik handienean bizikletentzako bide bereizi eta babestua egitearren; izan ere, motordun ibilgailuekin batera zirkulatzen oso ohituta ez  dauden erabiltzaileak hartu dira aintzat. Gainera, Aranbizkarreko parkea inguratzen duen bidegorria Madril eta Zaramaga kaleen arteko bidegorriarekin lotuko da, Burgos kalearekiko bidegurutzean.

 

Bi noranzko bidegorria izango da, motordunen trafikotik balizaz eta banatzailez bereizia eta babestua.  Legutianoko atean lineako aparkalekuen zati bat eta zirkulaziorako errei bat hartuko ditu. Aldi berean, segurtasuna hobetuko da Burgos kaleko oinezkoentzako pasabidean: berdegunea txikitu eta espaloia handitu egingo da, oinezkoen pasabidea atzera eraman eta oinezkoentzako babesa zabaltzeko. Lan horiek oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eten gabe egingo dira, asfaltatze eta margotze lanetarako izan ezik (horiek batera egiteko ahalegina egingo da). Esku-hartze bakoitzean lan hauek egingo dira:

 

* zuinketa eta seinaleztapena,

* eraispenak eta hondeaketak,

* saneamendu sarea jartzea,

* farola lekuz aldatzea,

* espaloia eta galtzada sendotzea,

* espaloietan zintarria eta lauzak jartzea,

* asfaltatzea,

* seinaleztapen horizontal eta bertikala,

* hiri hornigarri jartzea,

* obraren hondarrak garbitu eta biltzea.

Share

Gasteizko Udalaren erakunde-adierazpena hiesaren epidemiarekin amaitzeko Parisko adierazpenari buruz

Une historiko batean gaude hiesari erantzuna emateko. Aurrerapen zientifikoei, aktibismo komunitarioari eta helburu komuneko konpromiso politikoari esker hiesaren epidemiari mundu mailan amaiera emateko benetako aukera dugu. Hiriek denbora asko daramate lehenengo lerroan hiesari erantzuna emateko orduan eta orain leku paregabe batean daude ekintza bizkorren aitzindari izateko 2020 urtean 90-90-90 helburuak lortzeari begira: GIBarekin bizi diren pertsonen % 90ek beren egoera serologikoa ezagutu dezala; duten egoera serologikoa ezagutzen dutenen % 90ek tratamendua jaso dezala; eta tratamenduan dauden pertsonen % 90ek karga birala kendu dezala.

GIBagatiko infekzio berri guztiak geldiarazi ditzakegu eta hiesarekin lotura duten heriotza guztiak ekidin, tuberkulosiagatiko heriotzak barne. Estigmarekin eta diskriminazioarekin amaitu dezakegu. GIBarekin eta tuberkulosiarekin lotura duten prebentzio-zerbitzuak, tratamendua, arreta eta laguntza jasotzeko aukera izan behar dute gure hiritar guztiek, bizitzak salbatzea lortzeko.

Elkarrekin lan egiten badute, mundu osoan oihartzuna izango duten tokian-tokiko neurriak har daitezke hirietan. Gure indarra, azpiegitura eta giza ahalmena erabilita, hirietan sortuko den etorkizuna bidezkoagoa, barneratzaileagoa, oparoagoa eta iraunkorragoa izango da hiritar guztientzat, beren sexua, adina, egoera ekonomikoa edo soziala eta sexu orientabidea kontuan izan gabe.

Horregatik guztiagatik, Gasteizko Udaleko Udalbatzak hitzeman du:

1.- 2030 urterako hiesaren epidemiarekin amaitzeko lanetan lagunduko duela

GIBaren tratamenduarekin lotura duten 90-90-90 helburuak 2020rako lortuko ditugula hitzematen dugu, GIBagatik infekzioen kopurua eta hiesarekin lotura duten heriotzak -tuberkulosiagatik sortutakoak barne- bizkor murriztuko direlako, eta hiesarekin 2030rako amaitzeko prozesua bizkortuko dutelako. Detekziorako, tratamendurako eta prebentziorako zerbitzuak lortzeko aukera iraunkorra izango dela hitzematen dugu. Estigmarekin eta diskriminazioarekin amaituko dugu.

2.- Egiten dugun guztiaren erdian jarriko ditugula pertsonak

Batez ere, pertsona ahulak eta baztertuak hartuko ditugu kontuan. Giza eskubideak errespetatuko ditugu eta ez dugu inor albora utziko. Hiri mailan egingo dugu lan eta gure komunitateekin lankidetzan mundu osoaren laguntza bultzatzeko, gizarte erresistenteak eta osasungarriak eta garapen iraunkorra lortzeari begira.

3.- Arriskuaren, ahultasunaren eta transmisioaren zergatiei aurre egingo diegula

Behar diren baliabide guztiak erabiliko ditugu, hala nola udal-ordenantzak eta beste hainbat tresna, pertsonek GIBa eta beste hainbat gaixotasun izateko arriskuei aurre egin ahal izateko. Harreman estuan egingo dugu lan komunitateekin, zerbitzu-hornitzaileekin, legea betearazteko arduradunekin eta beste hainbat erakunderekin, eta baita ahultasuna duten eta baztertuta dauden kolektiboekin ere, eta horien artean sartuko dira baztertutako auzoetako biztanleak, pertsona desplazatuak, emakume gazteak, sexu-langileak, droga xiringa bidez hartzen dutenak, migratzaileak, beste gizonekin sexu-harremanak izaten dituzten gizonak eta transexualak, tolerantzia sortzeari eta sustatzeari begira.

4.- Hiesari ematen zaion erantzuna gizartea positiboki eraldatzeko erabiliko dugula

Gure aitzindaritzak gizartearen eraldaketa berritzaile bat bultzatuko du gizarte bidezkoak, barneratzaileak, hartzaileak, erresistenteak eta iraunkorrak sortzeko. Osasun-programak eta programa sozialak gizarteratuko ditugu zerbitzu-prestakuntza hobetzeko asmoz, GIBarekin, tuberkulosiarekin eta beste gaixotasun batzuekin lotura dutenak barne. Zientziaren, teknologiaren eta komunikazioaren aurrerapenak erabiliko ditugu helburu hori bultzatzeko.

 

5.- Bertako premietarako egokia izango den erantzuna sortu eta bizkortuko dugula

Zerbitzu berritzaileak, seguruak, eskuragarriak, bidezkoak eta estigmarik eta diskriminaziorik gabeak garatu eta sustatuko ditugu. Komunitatearen parte-hartzea eta aitzindaritza sustatu eta bultzatuko dugu demanda gehitzeko eta bertako premiei erantzuna emango dieten zerbitzuak eskaintzeko.

 

6.- Baliabideak mobilizatuko ditugula integratutako osasun publikorako eta garapenerako

Hiesari eman beharreko erantzunean elkarrekin jardutea, osasun publikoarekin konpromiso irmo bat erakutsiz, hori inbertsio sendo bat da gure hiriaren etorkizunean eta produktibitatea, oparotasun partekatua eta ongizatea sustatzen ditu. Gure hiriko baliabideak eta planak egokituko ditugu erantzun bizkor bat eskaintzeko. Finantzaketa-mekanismo berritzaile bat garatuko dugu eta baliabide eta estrategia gehigarriak mobilizatuko ditugu hiesaren epidemiari 2030erako amaiera emateko.

 

7.- Aitzindari garen aldetik elkartu egingo garela

Ekintza-plan bat prestatuko dugula eta hiri-sare batean elkartuko garela hitzematen dugu, honako Adierazpena errealitate egiteko helburuarekin. Elkarren artean hitz eginez egingo dugu lan interesa duten alde guztiekin, eta aldian-aldian emaitzak aztertuko ditugu gure erantzunak egokitzeko, horiek bizkorragoak, zentzuzkoagoak eta eraginkorragoak izan daitezen. Beste hiriei eskainiko diegu laguntza, eta funtzionatzen duten eta hobetu daitezkeen aldeei buruzko esperientziak, ezagutzak eta informazioa partekatuko ditugu. Egiten ditugun aurrerapenei buruzko informazioa emango dugu urtero.

Share

Udalaren erakunde-adierazpena, Ameriketako Estatu Batuetan heriotza korridorean dagoen Pablo Ibar hiritarrari buruz

Pablo Ibar, Espainiako hiritar gaztea, Raiford-eko (Florida, A.E.B.) Presondegiko heriotza-korridorean dago gaur egun, krimen hirukoitz baten akusaziopean.

Gertaerak 1994koak dira eta orduan Pablo Ibar Seth Peñalver-ekin batera hiru pertsona hiltzeaz akusatu zuten, hiru biktimak zeuden etxe handi eta dotorean izan zen lapurretan. 1998an Broward konderriko epaimahai batek ezin izan zuen erruduntasun-epaia adostasunez eman eta epaileak baliogabekoa jo zuen. Baina, 2000. urtean, bigarren epaiketa batean, hiru hilketen errudun zela erabaki zen. Pablo Ibar 2000. urteko abendutik dago heriotza-korridorean.

Gauzatu zen epai-prozesua irregulartasunez eta zalantzazko egozte-probez beterik dago eta ez du behar hainbateko defentsarik.

Tamalez, kasu askotan gertatu den moduan gerora ikusi ahal izan da errugabeak zirela Ameriketako Estatu Batuetan exekutatu izan dituzten pertsonak eta hori erabat asaldagarria da nazioarteko hiritarren iritzirako.  Sarritan frogatu ahal izan dute nazioarteko erakundeek, eta horien artean dago Amnesty International erakundea, heriotza-korridorean dauden kondenatuek ez dituztela gutxieneko bermeak izan epaiketetan edo ez dutela zuzenbideko estatu batean beharrezkoa den defentsarik izan.

Horregatik guztiagatik, eta heriotza-zigorra lekuz kanpo eta gure ordenamendu juridikotik kanpo dagoela pentsatzen dugulako, Gasteizko Udalak:

  • Florida Estatuko (E.B.) Gobernadoreari eskatu dio Espainiako Pablo Ibar hiritarraren kasua berrikus dezala eta bere epaiketa berriro egin dadila berme juridiko guztiekin.
  • Adierazi du Udal hau munduko edozein lekutako heriotza-zigorraren aurka dagoela inolako zalantzarik gabe, hori gauzatzea ekintza jasanezina eta krudela delako.
  • Erakunde Adierazpen hori igortzea Espainiako Gobernuko Presidenteari, Kanpo Gaietarako Ministroari eta Diputatuen Kongresuko eta Senatuko Lehendakaritzetara, akzio instituzionala eta diplomatikoa eskatzeko Pablo Ibar hiritarraren alde.
  • Erakunde Adierazpen hori “Asociación Vida y Libertad – Salvad a Pablo Ibar” elkarteari igortzea, horrek aldi berean A.E.B.ko Florida Estatuko Gobernadoreari bidal diezaion.
Share

Eguberrietako argi-arku bat askatu da Loma Jeneralaren plazan

Gaur, 10:37an, Udaltzaingoari ohartarazi diote Eguberrietako argi-arku bat askatuta zegoela Loma Jeneralaren plazan.  Ingurua pibotez eta zintaz hesitu da. Arkua zintzilik zegoen, baina ez da lurrera  erori, instalazioak segurtasun kable osagarria baitu. Argiak instalatzen ari den enpresari ere deitu diote, eta haiek egitura finkatzeko kablea ikuskatu dute.

Hautsitako kablea aldatu delarik, 12:00etan itzuli da ingurua normaltasunera, eta pasabidea libre utzi da. Instalatzaileak kablea zergatik apurtu den ikertzen ari da; ziur aski fabrikazio akatsa izan da.

 

 

 

 

Share

Gasteizek Milan eta Valladolidera eraman du bere turismo eta biltzar eskaintza

Euskadiko hiriburuak stand propioa du Intur ferian, barruko turismoa erakartzeko, eta Milango Master Meeting ekitaldian, berriz, biltzarren eskaintza aurkezten ari da

 

Gasteizko Biltzar eta Turismo Zerbitzua turismo promozioarekin eta biltzar jarduerarekin lotutako bi hitzordu garrantzitsutan parte hartzen ari da aste honetan: Milango Master Meeting eta Valladolideko Intur feria. Aukeraz betetako bi eremu garrantzitsuren aldeko apustua egiten da horrela: hazten ari den turismo merkatua (Gaztela eta Leon) eta nazioarteko biltzarren zirkuitua.

 

“Garatzeko bide ematen digun heinean, turismo eta biltzarren merkatua handitzeko aukera dugun lekuetan egon nahi dugu. Aste honetan bi promozio ekintza garrantzitsu egiten ari gara, datorren urtea oso garrantzitsua izango baita gure biltzar etxea nazioarteko mapan jartzeko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

 

 

Promozioa Intur ferian

 

Gasteizek stand propioa du Valladolideko Intur ferian, azaroaren 26tik 29ra arte. Gasteizek eta Arabak dituzten baliabide nagusien berri ematen ari dira bertan, bereziki abendurako antolatutako jarduerak azpimarratuz. Zehazki, Ardoaraba feria sustatu nahi da, ekitaldi hori “barruko turismoarentzat” oso erakargarria izan baitaiteke.

Gaztela eta Leonetik gero eta turista gehiago hurbiltzen da Gasteizera. Horren erakusgarria da aurten % 8 handitu izana autonomia erkidego horretako turisten kopurua. Hori dela eta aurreikusi zen Inter feriara joatea 2015erako ekintza planaren barruan.

 

 

Aurkezpena Milango Master Meeting-en

 

Aldi berean, Gasteiz Milango Master Meeting ekitaldian parte hartzen ari da azaroaren 26an eta 27an. Spain Convention Bureau-arekin batera egiten ari den promozio zuzeneko ekintza horretan biltzar eta pizgarrien turismoari begirako eskaintzaren aurkezpen berezia egingo da, Europa biltzar etxe berritua buru delarik.

Milanen bildutako sektoreko 80 enpresak baino gehiagok parte hartzea aurreikusi da. Horretaz gain, Gasteizko eskaintza gastronomikoa eta Arabako Errioxako ardoa aurkeztuko dira.

 

 

2015eko abenduko turismo programazioa

 

Gasteizko Udalak, bestalde, zenbait berrikuntza proposatzen ditu datorren hilerako turismo kanpainan. Horien artean nabarmengarriena abenduko zubian antolatu den familientzako bisita antzeztua da, orain arte bakarrik udako kanpainan eskaini baita.  Horretaz gain, “Floridako jaiotzaren istorioak” izeneko bisitak ditugu, umeek jaiotza monumental hori ezagutu dezaten, bereziki. Santa Isabel hilerria ezagutzeko bisita ere antolatu da, gasteiztarrak zein bisitariak hiriaren historiaz betetako leku horretara hurbil  daitezen. Orobat, Erdi Aroko hiriguneko ohiko bisitak eskainiko dira.

Ekitaldi gastronomikoen alorrean, Ardoaraba eta Goxo-Goxo azokak azpimarratu behar dira abenduko zubian, Almendraren Azokaren edizio bereziaz osatuak. Abendu osoan, bestetik, pintxoen ibilbidea eta “Dastatu Gasteiz” ibilbidea mantenduko dira, bai eta ardo dastatzeak eta sukaldaritza lantegiak ere.

 

Eguberriei dagokienez, publiko ororentzako eskaintza zabala dago: azokak, Erdi Aroko hiriguneko bisitaldi gidatuak, horma-irudien ibilbideak, kultur jarduerak, izotz-pista eta abar. Eguberrietako argiak abenduaren 4an (ostirala) piztuko dira, 18:00etan.

 

Argibide gehiago: Abenduko zubiko eta Eguberrietako kanpaina

Share