Prentsa Oharren banner

2015ean Gasteizko Udalak 2.297.479 euro eman zituen kontrataziorako laguntzetan, 2014an emandakoen bikoitza baino gehiago

 

  • Vitoria-Gasteiz Enplegu Planari esker ia 400 kontratuk lortu dute laguntza ekonomikoa

2015eko Vitoria-Gasteiz Enplegu Planari esker 398 pertsona kontratatzeko laguntzak eman dira, guztira 2.297.479 euro. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza ekonomikoa duen ekimenak nabarmen gainditu ditu 2014ko emaitzak, orduan 160 kontratu egiteko laguntzak eman baitziren, guztira 906.465 euro.

Iaz, berriz, 380 enpresak aurkeztu zituzten eskabideak Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren bidez 639 pertsona kontratatzeko. Merkataritzatik (% 20,8) eta ostalaritzatik (% 10,9) egin zen eskabide gehien; hainbat sektore profesionalekin lotutakoak (zuzenbidea, kontabilitatea, enpresa aholkularitza, arkitektura, ingeniaritza eta azterlan teknikoak) % 8,7 izan ziren.  Aurkeztutako eskabideen % 65,4 onartu dira; gehienezko kopurua gainditu ondoren ezetsitakoak (211 eskabide) itxarote-zerrenda batean gorde dira. Beste 30 eskabide deialdiaren oinarriak betetzen ez zituztelako edo eskatzaileak uko egin diolako ezetsi edo baliogabetu dira.

“Eusko Jaurlaritzak enplegu planean izandako inplikazioa azpimarratu nahi dugu, erakundeen arteko lankidetza erabakigarria baita agintaldi honetan dugun lehentasunetako bati aurre egiteko: kalitateko enplegua sortzea, bereziki krisi ekonomikoaren ondorioak gogorren pairatu dituztenentzat”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Hona hemen kontrataziorako laguntzekin lotutako beste alderdi aipagarri batzuk:

  • Emakumeen enplegua sustatzea: diruz lagundutako 398 kontratuetatik, 270 emakumeei egindakoak dira.
  • Luzaroko langabezian izandako eragina: sortutako enpleguetako 133 horrelako langabeei dagokie.
  • Diruz lagundutako kontratuetako 135 mugagabeak dira.
  • Diruz lagundutako kontratuen % 71 lanaldi osokoak dira.

Aipatu beharra dago 2015eko Vitoria-Gasteiz Enplegu Planaren azken emaitza emandako laguntza guztiak egiaztatu eta justifikatzearekin lotuta dagoela, beraz, azken balantzean datuak aldatu egin daitezke.

Share