Prentsa-deialdiak (2016-03-01)

Lore eskaintza Pedro Ortiz de Urbina Garayalderen oroimenez

Udalak lore eskaintza egingo du Pedro Ortiz de Urbina Garayalderen oroimenez, hil zuteneko XXXII. urteurrenean (ETAren terrorismoaren biktima)

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Udalbatzako partaideak

Eguna. Asteartea, martxoak 1

Ordua. 10:30

Tokia. Judimendi hiribidea, 24

———————

Prentsaurrekoa. Emakume Ausarten aldeko 4. Lasterketa Solidarioa

Parte hartzaileak. Beatriz Artolazabal, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen foru diputatua; Jaione Aguirre, Vitoria-Gasteizeko Udaleko Berdintasuna eta Lankidetzaren zinegotzia; Mary Tere Guzmán, ALBOANeko Egintza Publikoa eta Partehartzearen arduraduna; eta Javier Conde, atleta paraolimpikoa, dominaduna

Eguna. Asteartea, martxoaren 1a

Ordua.  10:30

Tokia. Arabako Foru Aldundiko Jauregiko prentsa Aretoa

———————–

Harrera ekitaldia Lluis Llach kantautoreari

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Udalbatzako partaideak

Eguna. Asteartea, martxoak 1

Ordua. 13:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Udalak bat egin du Arabako Odol Emaileen Elkartea gazteengana iristeko egiten ari den kanpainarekin

Web-orria eta beste komunikazio euskarri batzuk baliatuz, odola ateratzeko egutegia eta aholkuak zabaltzen ari da

Udalak bat egin du Arabako Odol Emaileen Elkartea gasteiztarrengana eta bereziki 18 eta 40 urte bitartekoengana iristeko egiten ari den kanpainarekin. “Elkarte horren lana agerian jartzen lagundu nahi dugu, eta haien mezua zabaltzeko beste bozgorailu bat izan. Historikoki, Gasteiz eredugarria izan da odola emateari dagokionez. Pertsona askok eman eta ematen dute odola musu truk, gaixoen eta zaurituen beharrak asetzeko”, nabarmendu du Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen zinegotzi Jaione Aguirrek .

Gasteizko Udalak eta Arabako Odol Emaileen Elkarteak lankidetza-hitzarmen sinatu zuten, informazio eta sentiberatze jarduerak bultzatu eta odol ematea gasteiztarren artean ezagutarazi eta sustatzeko.

Web-orria eta beste komunikazio euskarri batzuk baliatuz, Udala odola ateratzeko egutegia eta aholkuak zabaltzen ari da.

BIDEOA: “>

Share

Alkateak dei egin du Espainiako hurrengo lehendakariak martxoaren 3an giza eskubideak urratu zirela aitortu eta barkamena eska dezan

 

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaranek gaur eta bihar Artiumen egingo diren nazioarteko jardunaldiak irekitzeko ekitaldian hartu du parte

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek 1976ko martxoaren 3an gure hirian gertatutakoei buruzko nazioarteko jardunaldiak irekitzeko ekitaldian hartu du parte; “Zigorgabetasuneko 40 urte. Egia, justizia eta erreparazioa” lema daramaten jardunaldiak gaur eta bihar egingo dira, Artiumen. Alkateak dei egin du Espainiako gobernuko hurrengo lehendakariak biktimei eta familiei barkamena eska diezaien eta giza eskubideak urratu zirela aitortu dezan.

“Nahiko nuke Espainiar estatuak, azken batean hura baita 1976ko martxoaren 3ko hilketen erantzulea, David Cameron eta Angela Merkelek egin dutena egin dezan, haiek barkamena eskatu dutelako Derryn “Bloody Sunday” izenekoan eta nazien holokaustoan gertatutakoagatik. Egindako mina aitortzea eta barkamena eskatzea egin daitekeen gutxienekoa da. Hartara, erreparazioaren bidean benetan aurrerapausoak ematen hasiko ginateke, eta biktimen memoria omentzen; izan ere, ez dugu ahaztu behar denok berdinak direla eskubideei eta merezi duten tratamenduari dagokienez. Denek merezi dute egia jakitea. Estatuak ezin ditu martxoaren 3ko biktimak ahaztu zigorrik gabe”, adierazi du alkateak. “Erantzukizuna argitu beharra dago, familiek zor zaien erreparazioa jaso eta egindako kaltea aitortu dakien”, amaitu du.

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteizko ikasleek haurren partaidetzarako eta haur eta nerabeen eskubideak aldeztuko proposamenak azaldu dituzte

Gorka Urtaran alkateak bukatutzat eman du Umeen Parte Hartzerako I. Topaketa, zeina Gasteizko Udalak eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak antolatu baitute, eta haien “ondorioak jaso eta kontuan hartuko” hitz eman du

Samaniego eta Santa Maria Ikastetxeetako 8 eta 14 urte bitarteko 60 ume inguruk haurren partaidetzarako eta haur eta nerabeen eskubideak aldeztuko proposamenak landu dituzte,  Umeen Parte Hartzerako I. Topaketaren barruan, zeina Gasteizko Udalak eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak antolatu baitute . Gaur arratsaldean egindako bukaera ekitaldian, Gorka Urtaran alkateak hitz eman du umeen “ondorioak jaso eta kontuan hartuko” dituela.

Atzo hasitako topaketan parte hartu duten umeek egindako lana azaldu dute, eta umeen partaidetzari eta eskubideei buruz ateratako ondorioak eta proposamenak ezagutarazi. Orobat, praktikan jarri nahi dituzten asmo eta ideia onen adierazpena egin dute. Komunitate dinamizazioaren arloan lan egiten duen Los Glayus irabazi-asmorik gabeko elkartearen antzezlan batek eman dio amaiera topaketari.

2006az geroztik, Gasteizko Udalak lanean jardun du ikastetxeekin batera haurren eskubideak ezagutarazten eta haur eta nerabeen parte hartzea sustatzen, haurrek parte hartzeko AKTIBA(TU) programaren bitartez. Horretarako hainbat jarduera antolatzen dute hiriko ikastetxeentzat: Eskubideen Batzordeak, Hirikoak, Antzerki -Foroa…

Orobat, UNICEFekiko hitzarmenen bidez, Haur eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako eskubideak zabaltzen eta garatzen laguntzeko ekintzak antolatzen dira 1998az geroztik.  Hain zuzen, topaketa hitzarmen horren barruan antolatu da.

Share

Prentsa-deialdiak (2016-02-29)

‘Gasteiz, 1976ko martxoak 3’ Nazioarteko Jardunaldiak Inauguratzea

Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du ‘Gasteiz, 1976ko martxoak 3 – 40 urte inpunitate osoz. Egia, Justizia eta Erreparazioa’ Nazioarteko jardunaldien inaugurazioan.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, otsailak 29

Ordua. 9:00

Tokia. Artium museoa

——————

Prentsaurrekoa. Gaixotasun Arraroen Munduko Eguna

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken zinegotzi Nerea Melgosa; Euskadiko FEDEReko delegatu Juana María Sáenz; eta Euskadiko FEDEReko partaide Olaia Martín

Eguna. Astelehena, otsailak 29

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Hasi da herritar-kontsulten araudi berriari buruzko zuzenketak aurkeztu eta eztabaidatzeko prozesua

Udal gobernuak araudia onetsi duelarik, orain izapide ofizialei ekingo zaie

Tokiko Gobernu Batzarrak Herritar-kontsulten Araudia onetsi du gaur goizean; araudi horrek herritarrek hiriko proiektu eta gaiei buruzko iritzia emateko prozedura zehaztuko du.  Onetsi ondoren, orain izapide ofizialei ekingo zaie, hau da, udal taldeek zuzenketak eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahalko dituzte.

Testuak dagoeneko jasotzen ditu udal taldeek araudi berria lantzeko sortu zen lan-taldean egindako proposamen batzuk. Hauek dira hurrengo urratsak: batzordean aurkeztea, taldeek zuzenketak aurkezteko epea, hasierako onespena, jendaurrean jartzea, herritarrek alegazioak aurkezterik izan dezaten, behin betiko onespena, eta indarrean jartzea.

Besteak beste, alderdi hauek zehaztuko ditu araudi berriak: urtean zenbat kontsulta egingo den (gehienez bi, zirriborroaren arabera), kontsulta proposamena jasotzen denetik egin arte zenbat denbora igaro daitekeen gehienez (240 egun), edo zenbat sinadura beharko den (gutxienez % 4 hiri mailako kontsultetarako eta % 7 lurralde mailakoetarako).

Izapide horiek guztiak egiteko behar diren epeak kontuan hartuta, litekeena da lehenengo kontsulta 2017an egitea.

Share

Udal gobernuak 73.500 euro inbertituko ditu Gasteizen euskara sustatzearekin lotutako proiektuetan

Udalak GEU elkartearekin 2016rako lankidetza hitzarmena sinatzea onetsi du gaur goizean. Talde horrek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan jasotako proiektuak garatzen ditu, eta Mintzalaguna programa zein Euskarazko Jardueren Agenda kudeatzen ditu, beste talde batzuekin batera. Euskarazko jarduerak eta aisialdia sustatzeko ekintzak dira. “Udal gobernuaren ildo estrategikoetako bat, hain zuzen, Gasteiz euskalduna, eleaniztuna eta kohesionatua sustatzea da. Eta hitzarmen honen bidez garatzekoak diren ekimenek hizkuntza errealitate hori sendotzen lagunduko dute, zalantzarik gabe”, nabarmendu du Euskara Zerbitzuko arduradun Iñaki Prusilla zinegotziak.

 

Hitzarmen horren bidez, Udalak 73.500 euro jarriko ditu bi ildotan lan egiteko: batetik, ‘Mintzalaguna eta Igandean Jai’ proiektua. Bestetik, hedabideetan (onlinekoetan eta tradizionaletan) edukiak sortzeko ekimenak. Euskarazko gizarte, aisialdi eta kultura eskaintza batu eta horiei zabalkundea ematen lagundu dezaketen sinergiak sortzea eta lan-ildoei eustea da azken helburua, eta euskarazko komunikazioa, harremanak eta bizikidetza ahalbidetzen  duten harreman sareak sortu eta sustatzea.

Itzulpen sariak

Bestetik, Tokiko Gobernu Batzarrak haur eta gazte literaturaren alorrean eus­karara egindako itzulpenik hoberenak saritzeko “Vitoria-Gasteiz” sarien 13. deialdia onetsi du. Lehiaketa 2002an hasi zen egiten, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planen barruan. Izan ere, euskarazko produktuen merkatuari laguntzeko beharra jasotzen da agiri horretan, kultura sorkuntza bultzatuz. Udalak 26.500 euro jarriko ditu lehiaketarako; horietatik, 18.000 euro sarietarako izango dira.

 

 

 

Share

Udalak dagoeneko eskatu du Sansomendin aditutako kiratsa sortu duen enpresaren jarduera geldiarazteko

Gasteizko Udalak dagoeneko badaki zein den azken asteetan Sansomendi auzoan aditu den kiratsaren arrazoia. Ingurumen Sailak egiaztatu du Bitorialanda kaleko enpresa batetik datorrela, eta Udalak dagoeneko eskatu du enpresaren jarduera geldiarazteko. Bertan galdaketarako produktuak fabrikatzen dituzte, GH 3.katalizatzailea, besteak beste. Material kimiko horrek amoniakotik deribatutako konposatuak isurtzen ditu, eta usainak arrain ustelduarena gogoraraz dezake. Saileko teknikariek egiaztatu dute emisio-fokua oso ahaltsua zela, hainbeste non nahiko urrun zeuden lekuetarako iritsi baita, batez ere azken egunetan izandako haizearen norabidea dela eta.

Enpresa jarduera lizentzia tramitatzen ari da, baina Sailak egindako ikuskapenen arabera, dagoeneko martxan da. Horren ondorioz, Gasteizko Udalak jarduera berehala bertan behera uzteko eskatu du, enpresak jarduera lizentzia izan arte. Herritarrei enbarazu egitea eta usain txarrak sortzea eragozteko neurri zuzentzaileak hartu beharko dituzte lizentzia lortuko badute. Udalak dagokion ikerketa abiarazi du, gertaerak argitzeko, eta adi jarraituko du.

Share

Udalak datozen 4 urteetarako Garapenerako Lankidetzaren Gida-plana onetsi du

Nazioarteko lankidetza eta bizikidetza planen sustapena dira bide-orri horren berrikuntza nagusiak

Tokiko Gobernu Batzarrak 2016-2019ko Garapenerako Lankidetzaren Gida-plana onetsi du, hau da, hiriko lankidetza-politiken bide-orria, zeina Gasteizko GKKEekin batera egindako hausnarketa eta analisi prozesu baten emaitza baita.

Iazko lehen seihilekoan, 2010-2014ko Garapenerako Lankidetzaren Gida-planaren kanpoko ebaluazioa egin zen. Ebaluazioak beste gida-plan bat lantzeko gomendatu zuen, eta ikuspegia aurrekoaren antzekoa izan zedin, ebaluazioan parte hartu zuten GGKEek eta  entitateek egokitzat jo baitzuten ikuspegi hura.

Horren haritik, plana lantzeko partaidetza-prozesu bat egin da, denbora eta metodologia mugatukoa. Hori berez berme bat da, GGKEek eta beste entitate batzuek bultzatu  dutelarik plana garatzen ere inplikatuko baitira. Orobat, udal talde politikoen adostasun zabala lortu du.

Planak Udalean lankidetzaren eraginkortasuna gehien sustatu duten mekanismoak azpimarratzen ditu, besteak beste, proiektuak identifikatu eta planifikatzeko mekanismoak, hainbat urtetarako proiektuak (eragin handiagoa izan dezaten eta harreman solidarioak eraikitzeko asmoz), udal zerbitzuen laguntza teknikoa, eta garapenerako hezkuntza udalaren beste hezkuntza programa batzuetan txertatzea.

Berrikuntza eta nazioarteko lankidetza

Aldakuntza azpimarragarriena “Estrategia eta esperientzia berritzaileei laguntzea” lan-ildo berria da, zeinak nazioarteko estrategiak garatzea ahalbidetuko baitu, hiriko antolakundeek beste erakunde batzuekin batera jardun dezaten arazo global  edo komunei aurre  egiteko. Erakunde jakin batzuek proposatu dute ildo hori sortzea, eta gainerakoek horren alde egin dute. Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren ustez, lankidetzarako bide eraginkorra izan daiteke arazo globalei aurre egiteko garaian, edo hegoaldeko antolakundeek protagonismo handiagoa emango dieten bide berriak jorratzeko, tokiko proiektu baten esparru estutik irtenda.

“Beste aldaketa garrantzitsu bat bizikidetzarako lankidetza izeneko gidalerroa da; horren bidez, migratzaileen taldeen  lankidetza ekimenei lagundu nahi zaie, eta migratzaileen taldeen arteko interakzioa azpimarratu, bai eta jatorrizko herrialdeetako arlo sozialetako profesionalekin trukeak egiteko aukera bultzatu ere, migratzaileekin gehien erlazionatzen diren udal -zerbitzuentzat baliagarria izan baitaiteke”, azaldu du Lankidetzako zinegotzi Jaione Aguirrek.

Share

Gasteizko Udalak 30 pertsona prestatuko ditu mendetasuna dutenentzako gizarte eta osasun arretaren arloan

Tokiko Gobernu Batzarrak Arabako Foru Aldundiarekiko hitzarmena onetsi du, mendetasuna duten pertsonei etxean gizarte eta osasun arreta emateko lanerako prestakuntza programa bat antolatu eta burutzeko. Programara 70.000 euro bideratuko dira, bi erakundeek erdibana finantzatuta; horri esker, DBHko graduatua duten langabeek –45 urtetik gorakoak lehenetsiko dira– enplegurako prestakuntzako 480 ordu jasoko dute  gizarte eta osasun arretaren arloan. Ikastaroa bukatutakoan Lanbideren profesionaltasun ziurtagiri ofiziala jasoko dute.

“Datozen urteetan enplegu aukera ugari sortuko dira pertsonentzako eta komunitaterako zerbitzuen alorrean. Erakundeetatik enplegu hori kalitatekoa izatearen aldeko apustua egiten dugu eta, horretarako, funtsezkoa da prestakuntza. Aldundiarekin batera bultzatuko dugun programa honi esker, ia bostehun prestakuntza ordu emango ditugu, eta lanpostu kualifikatu baten ateak irekitzen dituen ziurtagiri ofiziala”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

30 pertsonak hartu ahalko dute parte mendetasuna duten pertsonei etxean gizarte eta osasun arreta emateko lanerako prestakuntza programan, bi taldetan (goizez eta arratsaldez).  Prestakuntza hiru modulutan banatuko da: etxeko higienea eta osasun arreta (170 ordu), etxeko arreta eta sostengu psikosoziala (210 ordu) eta etxeko laguntza eta elikadura (100 ordu).

Ikastaroak maiatzean hasi eta 2017ko otsailean bukatuko dira, eta apirilaren 8ra arte eman ahalko da izena. Matrikula doakoa da.

 

ASAFESekiko hitzarmena luzatzea

Orobat, Tokiko Gobernu Batzarrak urtebete luzatu du ASAFES elkartearekiko hitzarmena, zeinaren helburua baita ezintasunen bat duten pertsonak laneratzea, Arriagako gizarte etxean eta Adurtzako zentro sozialean garbiketa lanak eginez. Horretara 121.548 euro bideratuko da; hitzarmen hori 2000an sinatu zen lehenengoz, eta gizarteratze eta laneratzearen alorrean ASAFESekin sinatutako beste batzuei gehitzen zaie, esaterako, Olarizuko mintegi eta lorategiko lantegikoari.

Share