Prentsa Oharren banner

“Gauekoak” gazteentzako aisialdi programa “pilak kargatuta” itzuliko da, “hiriak gazte jendeari eskaini ahal dizkien aukerak” ikusgarri egiteko

 

 

 

 

 

 

 

 

2016ko udaberri-udako denboraldia aurkezteko larunbatean jai bat egingo da Artiumen, 18:00etatik aurrera

Maiatzetik uztailera bitartean hiriko elkarteek eta kultur eragileek egindako  16 proposamen eskainiko dira, 20 egunetan

“Gauekoak” gazteentzako aisialdi programa “pilak kargatuta” itzuliko da Gasteizera, “hiriak gazte jendeari eskaini ahal dizkien aukerak” ikusgarri egiteko. Larunbatean,  18:00etatik aurrera, jai bat egingo da Artiumen programaren itzulera ospatzeko, “zeina gazteei beren aisia sortzen lagundu nahi baitie, eta haien konplize izan, haien bizi-kalitatea hobetzearren. Gazteen parte-hartze aktiboa eta gazte  elkarteen zein banakoen eta tokiko administrazioaren arteko kudeaketa partekatua dira programaren oinarriak, programa partaidetzazko proiektu gisa eraiki eta gauzatzen baita”, azaldu du Gazteria zinegotzi Iñaki Prusillak prentsaurrekoan.

Prusillarekin batera Gazteria Zerbitzuko buru Oskar Fernándezek eta Gauekoak programaren koordinatzaile Mikel Martínezek aurkeztu dute 2016ko udaberri-udako denboraldirako programazioa, zeinean hiriko elkarteek eta kultur eragileek egindako  16 proposamen eskainiko baitira, hainbat lekutan: Artium, Baratza aretoa, gizarte etxeak, The End eta Mitika aretoak, eta aire zabaleko espazioak.

“Denbora luze honetan hamarnaka elkartek hartu dute parte Gauekoak garatzen eta sendotzen. Horiei guztiei, lehen zeudenei, orain daudenei  eta gero egongo direnei, eskerrak eman nahi dizkiegu, eta proiektu honen parte izatera gonbit egin, aisialdiari gazteen eta partaidetzaren ikuspegitik begiratzeko modua baita”, azpimarratu du Prusillak.

Oskar Fernandezek, berriz, ekimenaren balioa nabarmendu du, “urtez urte eraikitakoa baita, eta elkarteen zein banakoen parte hartzea eta sareko lana sustatzen baititu.  Proposamen berritu, sendo, inklusibo eta parte-hartzailearen aldeko apustua egin dugu. Gauekoak berria eraiki nahi izan dugu, aurreko urteetako ibilbidean erro sakonak dituena baina etorkizunari begiratzen diona”.

INFORMAZIO OSOA (pdf): DOSSIER GAUEKOAK EUSK

 

Share