Prentsa Oharren banner

Gasteizek hirigune historikoetako energia hobekuntzarako proiektu batean hartuko du parte, Cahors eta Portorekin batera

Proiektuaren barruko jarduera nagusia Hedegile kaleko etxebizitza eraikin batean egingo da, 414.748 euroko inbertsioarekin

Enerpat proiekturako hitzarmena irailaren 26an eta 27an sinatu zen, Santanderren.

Gasteiz aukeratu dute hirigune historikoetako energia-eraginkortasuneko politikak hobetzeko proiektu bateratu batean parte hartzeko, Cahors eta Portorekin batera. Udalak 21 Zabalgunea sozietatearen bidez hartzen du parte ENERPAT-SUDOE proiektuan, Interreg SUDOE programaren lehen deialdiaren barruan —ENERPAT izena “ENERgía en PATrimonio” hitzetatik hartu dute—. Hitzarmena joan den astean sinatu zen, Santanderren, eta atzo eman zuen horren berri 21 Zabalgunea sozietatearen kontseiluak.

Proiektuaren bidez, lan bana egingo da Cahors, Porto eta Gasteizko hirigune historikoetan, birgaitzeko irizpide berei jarraituz. Gasteizen Hedegile kaleko eraikin bat energetikoki birgaituko da.

Horretaz gain, hiri bakoitzean “LivingLab” bat egingo da, zeinean balio katearen agente ezberdinek hartuko baitute parte: agente publikoak, eraikuntzaren sektorea, biztanleak eta ikerketa eta berrikuntzaren alorreko agenteak. Hiri bakoitzean, LivingLab laborategia erakusle baten bidez (Hedegile kaleko esku-hartzea) artikulatuko da.  Erakusle horietatik sortuko dira energia-eraginkortasuna hobetzeko irtenbideak, Europa hego-mendebaldeko hirigune historikoetako eraikinetara zabaldu daitezkeenak.

Enerpat proiekturako programazio batzordeak 1.415.814,93 euroko finantzaketa onartu du, eta Gasteizen garatzekoak diren jarduerei 310.411 euro dagozkie. Horrenbestez, 21 Zabalguneak proiekturako aurkeztu duen inbertsio-aurrekontu osotik —414.748 €—, Gasteizek % 74,84ko diru-laguntza jasoko du Europar Batasunetik. Proiektuak 3 urte iraungo du.

Proiektuan sei bazkide onuradunek hartzen dute parte: aipatutako hiru hiriak, Tecnalia Research & Innovation fundazioa, Tolosako Zientzia Aplikatuen Institutu Nazionala eta Frantziako Hiri Historikoen Elkarte Nazionala. Gasteizek, bestetik, bazkide nagusi hauek ditu: Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) taldea, Santa Maria Katedrala Fundazioa eta ERAIKUNE (Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra).

 

Share