Prentsaurrekoa. Gizarte etxeetako 2016-2017 ikasturteko euskara ikastaroak aurkeztea
Parte hartzaileak. Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla eta euskaltegietako ordezkariak: Roberto Gerenbarrena (IKA), Gorka Arbulu (AEK), Mª Jesus Aranguren (Udaberria) eta Blanca Ugarte (Hegoalde)
17.300dik gora lagunek eman dute izena dagoeneko, 34.527 lekuak banatzeko zozketan
17.300dik gora lagunek eman dute izena dagoeneko gizarte-etxe eta kirol-instalazioetako 2016-2017 ikasturteko jardueretarako. Guztira, 34.527 leku banatuko dira Udalak urtero bezala herritarrei eskaintzen dizkien jarduera horietarako —kirol-jarduerak, kultur jarduerak, gizarte-sustapena, osasunaren sustapena, ludotekak eta hiri-baratze ekologikoak—.
Irailaren 5ean bukatuko da zozketan izena emateko epea, eta biharamunean egingo da zozketa, 11:00etan. Ondoren, lekua lortzen dutenek irailaren 12ra arte izango dute ordaintzeko. Kirol-jardueretan hutsik geratzen diren lekuak irailaren 17ko —larunbata— 8:30etik aurrera emango dira, iristeko hurrenkeran, eta gainerako jardueretakoak, berriz, irailaren 20ko 8:30etik aurrera.
Tramitazioa bertatik bertara egin daiteke, baita 010 telefonora deituta edo Udalaren web-orriaren bitartez ere.
Orain artekoan, izen-emateen % 56 internet bidez egin dira, % 38,4 bertatik bertara eta % 5,6 telefonoz.
Atzo arratsaldean, Principal antzokiko sabai akustikoari eusten dioten kableetako bat hautsi egin zen, eta agertokiaren gainera erori elementu bat. Lurrean jo zuen, eta hainbat kalte eragin bi habetan, baina egitura ondatu gabe, eta ez zen inor zauritu.
Egokitze-lanak egiten ari ziren bitartean gertatu zen ezbeharra, baina oraindik ezin izan da jakin zergatik hautsi zen kablea.
Suhiltzaileak bertaratu ziren, eta, antzokiko teknikariek lagundurik, lurrera jaitsi zuten sabai akustikoa. Arriskuak ekiditeko, pieza eskegita dagoen bi motorretako bat erabili zuten horretarako.
Lehenengo momentutik, lanean jarri zen Kultura Zerbitzua, ez bakarrik egoera konpontzeko, baizik eta orobat bermatzeko aurki bertan izatekoak diren ekitaldiak egiterik izango dela. Esate baterako, Europa jauregiko aretoak blokeatu ziren ahalik eta lasterren, Principal antzokian egin ohi den FesTVala bertara aldatzeko.
Nolanahi ere, bihar arte ezingo da jakin zenbat denbora beharko den gaur bertan hasiko diren konponketa-lanak burutzeko. Baina bai ziurta daiteke FesTVala egin egingo dela, okerrenean ere Europa jauregira aldatuta, baldin eta ordurako obrak bukatzerik ez badago.
Udalaren web-orrian kontsulta daitezke jarduerak, eta irailaren 5ean hasiko da izena emateko epea.
Gaur aurkeztu du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok, prentsaurrekoan, 2016-2017 ikasturteko Gasteiz Hiri Hezitzailea programa. % 20 gehitu da oraingoan jardueren eskaintza; zehazki, 217 dira, aurreko ikasturtean baino 37 gehiago.
Cantok adierazi duenez, “hiria hiri hezitzailea izan dadin Udalak egiten duen ahalegina erakusten du horrek”; izan ere, 23 udal zerbitzuren lan kolektiboa izan da programa diseinatzea, Hezkuntza Zerbitzuak koordinaturik. “Politika publikoek eta praktika sozialek herritarren ikaskuntzan eta jarrera eta baloreen arloko prestakuntzan eragingo duten hiria lortzea da helburua”, Cantok adierazi duenez.
Hartzaileak hiru multzotan banatzen dira: alde batetik ikasle-taldeak —ikastetxean bertan egiten da izen-ematea, eta irakasleek jardueran laguntzea eta ikuskatzaile-lanak egitea eskatzen du—, bestetik kolektiboak, eta, azkenik, herritarrak, banaka —adinaren edo beste ezaugarriren baten arabera definituta egon daiteke jarduera bakoitza—.
Ahalik era modurik argienean ager daitezen guztien begietara, honako hamabi gai hauen arabera multzokatuta eskaintzen dira jarduerak:
Ingurumena (17 jarduera)
Hiria ezagutzea (18 jarduera)
Euskararen erabilera sustatzea (10 jarduera)
Artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza (56 jarduera)
Gorputz-hezkuntza eta kirola (8 jarduera)
Berdintasunerako hezkuntza (6 jarduera)
Osasunerako hezkuntza (33 jarduera)
Herritarren partaidetza sustatzea (6 jarduera)
Gaitasun pertsonaletan heztea (30 jarduera)
Bizikidetza eta aniztasuna (15 jarduera)
Garapenean laguntzea eta nazioarteko elkartasuna (6 jarduera)
Babesa eta segurtasuna (12 jarduera)
Informazioa eskuragarri dago dagoeneko web-orrian, eta irailaren 5ean hasiko da izena emateko epea.
Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok eta Santi Palacios fotokazetari entzutetsuak Bolivia kalean —Gasteiz hiribidearekiko izkinan— jarri den argazki-erakusketa inauguratu dute gaur. Egilearen beraren eskutik egin den inaugurazio horren bitartez, irekitzat jo da ‘Kazetaritza, bertatik bertara’ programa, gaurko kazetaritzari buruzko jardunaldiak. Aurtengoan, nagusiki, errefuxiatuen gatazka jorratuko da bertan.
Ia berrogeita hamar argazkik osatzen dute erakusketa. Egileak 2015eko udararen hasieratik 2016ko apirilera bitartean eginak dira, gehien bat Lesbosen.
Estíbaliz Cantok gogora ekarri zuenez, jardunaldi horiek “gaurko gaiak lantzea dute helburu, kazetari eta adituen eskutik, eztabaida- eta gogoeta-espazioak sortzeko asmoz”. Orobat gogorarazi zuen jardunaldiak abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean izango direla, eta Santi Palacios bezalako pertsonei eskerrak eman zizkien,“beren lanarekin mundu osoaren arreta jarri baitzuten Europaren atarian gertatzen ari zen gertakari lotsagarri horretan”.
Santi Palaciosek, berriz, azaldu zuen ezen, bere lana, hitzaldian, ikusi duena kontatzera mugatu behar dela, eta ez horrenbeste egoera horretatik ateratzeko proposamenen analisia egitera. “Konta dezaket zer aurki daitekeen han, nola ari diren erreakzionatzen agintariak, eta ondorio bat atera, heriotza asko ekidin zitezkeela, baina ez zirela ekidin.”
Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte. Arratsaldeetan, programarekin zerikusia duen film-zikloa izango da, 20:00etan, Florida zinema-aretoetan, hiru euroko sarrerarekin.
Ostegunean, irailak 1, irekiko da 2016ko “Ekin txekea” laguntza ekonomikoa eskatzeko epea. Ekimen horren helburua da enpresa sortu berriei Gasteizko udalerrian dauden coworking espazioetan edo enpresa zentro pribatuetan lehenengoz kokatzen laguntzea. Irailaren 30era bitartean, lokalaren alokairu garbiaren % 50eko diru-laguntza eskuratzeko aukera ematen duen programa horretan izena eman ahalko dute interesdunek —onuradun bakoitzak gehienez 1.500 euro jaso ahal izango ditu—.
“Jarduera bati ekiteko orduan, espazio bat ez edukitzea izan ohi da oztoporik handienetako bat. Ekin txartelarekin, enpresa-proiektu bat martxan jartzen ari direnei ekonomikoki lagundu eta gauzak errazteaz gain, coworking espazioetara eta enpresa-zentroetara jarduera eramatea lortzen dugu”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.
Ekin txekearen bitartez 2015eko urriaren 1etik 2016ko irailaren 30era bitartean sortutako alokairu-gastuak finantzatu ahal izango dira. Enpresa onuradunek ezingo dute eduki hiru langile baino gehiago, ezta lokalik ere, jabetzan, eta beren jarduerak hiru urtetik beherako antzinatasuna izan beharko du.
Gaur goizean egin da irailaren 25ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa, eta bertan izan dira Udal Errolda Ataleko zinegotzi arduradun Jaione Aguirre eta hainbat udal sailetako teknikariak.
Gasteizen bizi diren 186.651 pertsonek eman ahal izango dute botoa hauteskunde horietan, baita atzerrian bizi diren beste 4.201 gasteiztarrek ere. Guztira,190.852 pertsonek.
34 hautesleku izendatu dira, eta 298 hauteskunde-mahai, aurreko hauteskundeetako berberak.
Gaurtik aurrera jakinaraziko zaie izendapena mahaietako kide izango diren 2.682 pertsonei, eta jarraibide-eskuliburuak helaraziko. Udalak ez ditu argitaratuko zozketaren emaitzak, datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordetzeko. Aukeratuak izan diren jakin nahi dutenek bertatik bertara kontsultatu beharko dute herritarrei laguntzeko bulegoetakoren batera jo eta beren burua identifikatuz.
Irailaren 9an hasiko da, formalki, hauteskunde-kanpaina, eta irailaren 23ra arte iraungo du, hots, irailaren 25eko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte. Bozketa-egunean, goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-mahaiak, eta arratsaldeko zortzietan itxiko. Emaitzen zenbaketari ekingo zaio orduan.
Gasteiztar askok udararen bukaera hau oporretarako baliatzen duten sasoi honetan etxebizitzetako lapurretak ekiditeko kontseilu eta gomendioen dekalogoa argitaratu du Gasteizko Udaltzaingoak.
Pistarik ez eman, etxean ez gaudela adierazten duten kanpo-seinaleak ahalik eta gehien murriztu edo ate sendoa jarri, horra Udaltzaingoak ematen dituen segurtasun-kontseiluetako batzuk. Orobat gogorarazten digute komenigarria dela segurtasun-kutxa jartzea, eta dirurik ez edukitzea etxean.
Gainera, etxean egonez gero, ezezagunei ataria ez irekitzea gomendatzen da, beste etxebizitzaren batean lapur dezaten ekiditeko, eta norberaren etxebizitzako atea ez irekitzea, zulotik begiratu aurretik. Oso garrantzitsua da balioa duten gauzen inbentarioa eguneratuta edukitzea, baita giltzak galdu edo lapurtuz gero sarraila aldatzea ere. Azkenik, itzulitakoan atea behartuta edo irekita aurkituz gero, ez da sartu behar, ezta deus ukitu ere, poliziari abisu eman eta haiek etorri arte.
Etxebizitzan lapurretarik ez gertatzeko aholkuak
Fecha de publicación:
Ez eman pistarik. Bidaia egin edo etxebizitza, denbora edo asteburu batez, hutsik geratu behar bada, ez esan jendaurrean, are gutxiago zein egunetan izango den hori.
Etxebizitzan ez zaudela adierazten duten kanpo-seinaleak ahalik eta gehien murriztu.
Konfiantzazko pertsona bati (familiakoa edo auzokidea) postontzia maiz husteko eskatu.
Harremanetarako telefono-zenbakia utzi, etxean ez zaudenean gerta daitezkeenen berri eman diezazuten.
Normaltasun itxura eman. Konfiantzazko pertsonari etxebizitzatik, maiz, pasa dadila eskatu, pertsianak igo eta jaisteko.
Izanez gero, programa daitekeen erlojua jarri, argia edo irratia ordutegi desberdinetan pizteko, bereziki, arratsalde-gauetan eta asteburuetan.
Ate sendoa jarri etxebizitzako sarreran. Blindatua, gutxienez, hiru ainguraketa-puntu eta marko indartuak dituena; segurtasun-sarraila duena, baita palankaz irekitzea ekidingo duten elementuak ere. Ez ahaztu balizko beste sarbideak (leihoak, balkoiak…).
Etxebizitzan zaudenean, ezagutzen ez duzun pertsona batek atean jotzen badu, ez ireki, bereziki, gutunak edo publizitatea banatzen ari dela badio eta horretarako ohiko ordua ez bada, edo eskatu ez duzun zerbitzu teknikoa bada.
5. Zure etxebizitzako atean jotzen badute, ireki baino lehen, zulotik begiratu. Ezezagunen bat bada, ireki baino lehen, segurtasun-katea erabili arreta-neurri gisa. Etxebizitzatik ateratzen zarenean, giltzaz itxi, bi buelta emanda.
Herritarren lankidetza funtsezkoa da.
Zure etxean edo auzokideenetan zerbait arraro sumatzen baduzu, adibidez, bertakoak ez diren pertsonak daudela horretarako justifikaziorik gabe, ez ireki eta poliziari deitu (092).
6. Kutxa gotorra instalatzea komenigarria da.Hobe da bitxi, txanpon, balio handiko objektuak edo garrantzi handiko dokumentuak ez gordetzea bertan. Baina beste aukerarik ez badago, utzi segurtasun-kutxa horretan.
Saiatu etxean dirurik ez gordetzen, ez eta kreditu-txartelik ere, erabiltzeko gakoekin batera. Dirua gordez gero, kopuru txikia izan dadila saiatu eta leku batean baino gehiagotan jarri, aurkitzea eragozteko.
Gomendagarria da balioa duten objektuen inbentarioa egitea (bitxiak, erlojuak, musika ekipoa, telebista, DVDa, ordenagailuak eta abar), non marka, modeloa, fabrikazio-zenbakia edo grabazioak adieraziko baitira, are gehiago, inbentarioko elementuen argazkia ere egin daiteke. Audio- eta bideo-aparatuak markatu daitezke, NANaren zenbakia ezabatzen eta ikusten ez diren errotuladoreekin jarrita, berreskuratzen badira errazagoa izan dadin itzultzea.
Eguneratuta eduki objektuen inbentarioa, haren balio ekonomikoa barne, eta aseguru-etxeari jakinarazi.
10. Giltzak galdu edo lapurtzen badizkizute, SARRAILA ALDATU. Aurretik beste pertsona batzuk bizi ziren etxebizitzara joaten bazara, berdin egin.
Gogoratu, etxera heltzen zarenean atea behartu dutela edo irekia ikusten baduzu, EZ SARTU. Poliziari deitu, berehala lagunduko dizute. Ez ukitu ezer haiek heldu arte.