Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak eta Foru Aldundiak gizarte-zerbitzuen alorreko eskumenak eskualdatzeko akordioa sinatu dute

 

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gaur izenpetu dute bi erakundeek gizarte zerbitzuen arloko eskumenak eskualdatzeko hartu duten erabakia. Ekitaldia Aldundiaren jauregian egin da eta haiekin batera izan dira Peio López de Munain Gizarte Politiken zinegotzia eta Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatu berria.

Lankidetzako esparru hitzarmen horrek erantzuten dio abenduaren 26an indarrean jarriko den Prestazio eta Zerbitzuen Karteraren Dekretuari, uztailean onartu ondoren Arabako Lurralde Historikoko Gizarte Zerbitzuen Mapa, bien azken helburua baita gizarte zerbitzuen eskumenak antolatzea –zehaztea zeintzuk dagozkio udalari eta zeintzuk foru aldundiari– eta tresnak finkatzea bermatzeko prestazioetarako eskubidea eta horiek eraginkorrak direla.

Ildo horretan, hemendik aurrera Gasteizko Udalaren eskumenekoak izango dira zerbitzu hauek:

  • Etxez etxeko laguntza. 2019an, udalak bere gain izango du hartuta mendekotasun arriskuan dauden eta mendekotasuneko 1., 2. eta 3. graduak dituzten pertsonen etxez etxeko laguntzaren eskumena, orain tarteko aldi bat izango den arren (2017-2018) ebazteko banakako espedienteen eta kontratazio espedientearen eskualdatzeri buruzko kontu guztiak; hortaz, Arabako Foru Aldundiak bere gain izango du behingoan 2. eta 3. mendekotasun gradua daukaten pertsonen etxez etxeko laguntzaren kudeaketa.
  • Zaintzaileentzako laguntza. Udalak bere gain hartzen ditu bi erakundeek ASCUDEAN mendeko pertsonen zaintzaileen elkartearekin izenpetuta dituzten lankidetza hitzarmenak.

Arabako Foru Aldundiak, berriz, hauen ardura izango du:

  • Adineko mendeko pertsonen plazak San Prudentzio egoitzan. 2019an, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak bere gain izango du hartuta San Prudentzio egoitzako 99 egoitza plazen, eguneko zentroko 40 plazen eta asteburuetako eguneko zentroko 40 plazen kudeaketa, mendeko egoeran dauden adinekoei begira guztiak. Arabako Foru Aldundiak aldi berean erreforma lanak egingo dituenez egoitzan 60 plaza berri sortzeko, erabaki dute sortzen diren gai tekniko, asistentzial eta giza baliabideei buruzkoak ebazteko izango dela 2017-2018 aldia. Tarte horretan, GOFEk kudeatuko du mendeko erabiltzaile berrien sarrera eta zerbitzu guztien kostua hartuko du bere gain; udalak, aldiz, zerbitzuen kudeaketari eta prestazioari eutsiko die.
  • Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeentzako etxeak. GOFEk bere gain hartuko du hiru etxeen kudeaketa, guztira 30 plaza dituztenak, bai eta familia harrerarako udal programaren kostua eta haurren eta haien familien jarraipen teknikoa ere.
  • Gizartetik baztertuta bizi diren pertsonentzako egoitzak. Foru Aldundiak oso-osorik hartuko du bere gain Arabako Ihesaren Kontrako Herritarren Batzordearekin izenpetuta dagoen lankidetza hitzarmena, Besarkada Etxea zerbitzua kudeatzen duena.
  • Berehalako Harrera Zentroa (BHZ), genero indarkeriaren biktima diren emakume eta seme-alabentzako. Arabako Foru Aldundiak bere gain hartuko du zentroa, 12 plaza dituena.
  • Arreta soziojuridiko eta psikosozialaren zerbitzua, emakumeei eta adingabeei egiten zaizkien tratu txar matxistak eta eraso sexualak direla eta. GOFEk bere gain hartuko du oso-osorik zerbitzu hori.
  • Garraio egokituaren zerbitzua. Arabako Foru Aldundiak bere gain hartuko du oso-osorik taxibonua zerbitzua. Eskaerak jasotzeko prozesua urte amaieran hasten da; hortaz, udalak egingo du prozesu hori 2017ko ekitaldian, bai eta haiek ebatzi eta jakinarazpenak egin ere, GOFEk, berriz, gainerako prozesua kudeatuko baitu.
  • Gizarte Larrialdien Zerbitzua. Bi erakundeek erabaki dute mahai tekniko bat eratzea zerbitzu hori aztertzeko; aldi berean, egungo udal zerbitzuari eutsiko zaio eta erabaki da aldundiaren ekarpena, 2017rako, kostuaren % 50 izango dela.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esan du erabakia historikoa dela “ahalbidetzen duelako gizarte zerbitzuak berrantolatzea eta egokitzea laster indarrean jarriko den Prestazio eta Zerbitzuen Karteraren Dekretuari”. “Erabaki honi esker, hobetu egingo dira erakunde arteko koordinazioa eta lankidetza gizarte beharrizanei erantzuteko orduan. Zerbitzuak berrantolatuko dira, bikoiztasunak ekidinez eta, garrantzitsuena dena, hutsuneak ekidinez esku hartze publikoan”, erantsi du.

Bere aldetik, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak egiaztatu du berrantolaketa horren bidez erakundeen lehentasuna dela lortzea “arreta hobea Gasteizko gizarte zerbitzuen erabiltzaile guztientzako, errekuperazio bidean segitzeko horrela gizarte zerbitzuen lidergoan lurralde historiko guztian”.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmenaren jarraipen batzorde bat izendatuko dute, erabakiak gainbegiratu eta haien burutzapenaren jarraipena egiteko ardura izango duena.

Share