Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 abendua 2016 11:34

“Gasteiz osatzen duten kontzejuen bizi-kalitatea hobetu nahi dugu”, azaldu du alkateak

Urtaranen gobernuak  Hazi fundazioarekin hitzarmen bat sinatzea erabaki du gaur goizean, nekazaritza garapenaren ikuspuntutik udalerriaren diagnostikoa egin dezan. Entitate horrekin batera hiru hilabetez lan egitea da Udalaren asmoa, gerora udalerriko Nekazaritza Garapenerako Plana lantzeko oinarria izango den diagnostiko partekatu bat lortzearren. “Udalerria osatzen duten 63 kontzejuen bizimodua hobetzea ahalbidetuko duen bide-orria edukitzea da gobernu honen helburuetako bat. Gogoan izan dezagun Gasteiz hiria baino gehiago dela”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gobernu Batzarrak onetsi duen akordioak kontzejuen egoera hainbat ikuspegitatik aztertzea aurreikusten du: lehen sektorea, turismoa, natura, gizarte antolakuntza eta beste. “Horrelako plan bat edukitzea onuragarria izango da, nekazaritza lurraldea sustatzeaz gain aukera emango dielako kontzejuei beste erakunde batzuek nekazaritza eremura bideratzen dituzten laguntzez baliatzeko”, nabarmendu du alkateak.

Orobat, hitzarmenak HAZIrekiko eta ACOVIrekiko loturak sendotzeko balioko du, azken hori baita hitzarmenaren bultzatzaileetako bat. Era berean, hitzarmena Udala sustatzen ari den beste ekimen batzuekin uztartuko da, hala nola ibilbide berdeen sarea, paisaia plana eta, jakina, udalerrirako nekazaritzako elikagaien estrategia iraungarria.

 

Ur Agentziarekiko hitzarmena

Nekazaritza-eremua sustatzearekin lotuta, halaber, Urtaranen gobernuak Uraren Euskal Agentziarekiko hitzarmena sinatzea onetsi du, udalerriko jabari publiko hidraulikoko ibilgu eta ibaiertzetan elkarrekin esku hartzeko. Lankidetza formula horren bidez, ibaiak onik zaindu eta garbitzeko lanak eraginkorragoak izango dira, koordinazio disfuntziorik gabe, eta lanak egiteko behar diren tramiteak ere arinduko dira. Azken batean, hitzarmenak baliabide publikoak optimizatzen eta plan estrategiko bateratu bat lantzen lagunduko du.

Share