Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak terrorismoaren eta polizia-indarkeriaren 33 biktimari egin die omenaldia 2016an zehar

Gorka Urtaran alkateak azpimarratu duenez, “haien familiek gasteiztarren berotasuna eta sostengua sentitzea nahi izan dugu”

Orotara, Gasteizko Udalak terrorismoaren eta polizia-indarkeriaren 33 biktimari egin die omenaldia 2016an zehar. Familiek 23 kasutan hartu dute parte aitorpen-ekitaldietan: harrera udaletxean eta lore-eskaintza hilketak gertatu ziren lekuan.

Biktimei aitorpena adierazteko eta ordaina emateko ekintza horien atzean alkatearen konpromisoa dago, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak “Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri” agiria argitaratu ondoren hartutakoa.  Une hartan, Gorka Urtaranek hitz eman zuen 2016an omenaldiak egingo zituela hilketa bakoitzaren urteurrenean, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioari jarraituz betiere.

Gasteizen jaiotako, bizi izandako edo hildako biktimak aitortzea hartu zen irizpidetzat. Guztira 43 pertsona zenbatu ziren. Hilketen egileei dagokienez, 32 kasutan ETA talde terrorista izan zen, 10etan Estatuko segurtasun indarrak, eta batean Batallón Vasco Español izenekoa. Datak hurbil zirenean, alkatea harremanetan jartzen zen familia bakoitzarekin, ekimenaren berri eman eta oniritzia eskatzeko. Hala ez zenetan, ez zen ekitaldirik egin, baina familiek oro har eskertu egin zuten, harremanari uko egin zion batek izan ezik. Azkenean, 10 kasutan senideek nahiago izan zuten omenaldirik ez egitea.

Orotara 23 aitorpen-ekintza egin dira, 33 pertsona omentzeko. Helburua izan da “gogora ekartzea guztiz bidegabeki erail zituzten pertsona haiek, ez baitute beti jaso merezi duten aitorpena. Gainera, haien familiek gasteiztarren berotasuna eta sostengua sentitzea nahi izan dugu. Erakunde gisa, indarkeria mota ororen aurrean oroimen kritikoa sustatzeko eta orainean zein etorkizunean giza eskubideekiko konpromiso sendoa proiektatzeko betebeharra dugu, bereziki bizitzeko eskubidearekiko eta pertsonen duintasunarekiko konpromisoa”, azaldu du alkateak.

Senideak etorri ziren kasuetan, harrera ofiziala egin zitzaien, oroitzapen-xafla eman, eta haien adierazpenak entzun ziren. Horretaz gain, lore-eskaintza eta minutuko isilaldia egin ziren hilketaren lekuan edo Forondako atean dagoen terrorismoaren biktimen monolitoan. Kasu batean, Salbatzailearen hilerrira joan zen segizioa. Bestetk, atentatuak izandako lekuetan lau xafla jarri dira, horrelakorik ez zegoen tokietan.

Omenaldietan udal talde politiko guztietako ordezkariak izan dira, Alderdi Popularrekoak izan ezik, haiek ez baitziren joan Batallón Vasco Español-aren biktima eta segurtasun indarren biktimak aitortzeko ekitaldietara (baina bai Martxoaren 3ko biktimen aldekora).

Ekitaldi guztien kostu osoa 15.193,42 euro izan da, loreak, xaflak eta kanpoan bizi ziren familien joan-etorriak eta hotela barne.

Share