Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2018 12:30

“Berdintasunean oinarritutako elkarbizitza baterako” konpromiso-adierazpena banatuko die ezkontideei

Azarotik aurrera, udaletxera ezkontzeko asmoz hurbiltzen diren bikoteek “Gurasotasun positiboaren aldeko sentipen adierazpena eta konpromisoa” izeneko agiria jasoko dute. Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak sustatu du hori, besteak beste, gizonak hazkuntza eta zaintza lanetan gehiago inplikatu daitezen eta etxeko erantzukizunak partekatu ditzaten.

Duela hilabete batzuk landu zen adierazpena, ehun pertsonak baino gehiagok (gurasoak eta berdintasunaren eta gurasotasunaren alorreko adituak) lagundu zutelarik.

Adierazpenean, aitek konpromiso hauek hartzen dituzte, besteak beste: “etxetik kanpo lan gutxiago egitea, eta barruan gehiago”; “bikotekidearen eta nire artean modu orekatuan banatzea etxeko lanak eta zainketa-lanak”; “kontziente izatea gizon jaiotzeagatik bakarrik izan ditudan eta oraindik ere ditudan pribilegioez, eta horiek deuseztatzen laguntzea”, “emakumeek hazkuntzan izan duten funtsezko eginkizuna onartzea eta baloratzea”, eta abar.

Emakumeek, berriz, konpromiso hauek hartzen dituzte beren gain: “bikotekidearekin partekatzea lanaldi-murrizketak, eszedentziak edo baimenak, zainketa-lanetarako edo kontziliaziorako hartzen ditugunak”; “aisialdirako eta neure gozamenerako denbora hartzea”; “nire ahalduntze pertsonal eta kolektiboaren bidean aurrera egitea”; “konfiantza izatea nire bikotekideak dagokion zatia ondo egingo duela, eta onartzea gauzak beste modu batean egiten dituela”, eta beste.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainen iritziz, konpromiso horiek beharrezkoak dira, “gizonok pribilegioak izaten jarraitzen dugulako. Berdintasun-eza dago, eta horrek desoreka dakar amatasunaren eta aitatasunaren jardunean. Emakume eta gizonen arteko harremanetan oreka egon behar da, bereziki bizitzako egoera berdingabeetan, horixe baita aita eta ama bihurtzea”.

“Gurasotasun positiboaren aldeko sentipen adierazpena eta konpromisoa” agiri bizia da, herritarrek azaltzen dituzten iritziak eta ekarpenak gehituz zabaldu eta aberastu daitekeena.

Share