Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 azaroa 2019 13:19

Ainhoa Arenaza, Estibaliz Canto eta Elena Alexandrova

 

Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko azken ikasturteko zazpi ikasle eta bi irakasle San Petersburgora joango dira azaroaren 13an, Izarren Gala batean dantzatzeko, Errusiako hiri horretako antzoki zaharrenetako batean, Music Hall-ean. Hilaren 17ra arte iraungo du bidaiak, kontserbatorioa eta San Petersburgoko Balleta 2016az geroztik bideratzen ari diren lankidetza estuaren barruan.

‘Mugarik Gabeko Artea’ izeneko proiektuan parte hartzen du kontserbatorioak. Horren haritik, jaialdi bat egiten da urtero, azaroan, eta mundu osoko artistak bildu ohi dira bertan. Errusia, Frantzia, Alemania, Finlandia eta beste herrialde batzuetako taldeek parte hartu izan dute jaialdi horren bukaerako gala-kontzertuan. Aurten, Gasteiztik joango diren dantzariak izango dira ohorezko gonbidatuak.

“Kultura Sailarentzat, udal kontserbatorioko ikasleen maila erakusten dute horrelako nazioarteko lankidetza arrakastatsuek; izan ere, ikaragarri hazi eta hobetu da kontserbatorioa azken urteotan erakunde gisa, eta bere potentzial guztia atera du argitara”, nabarmendu du Kultura eta Gizarte-etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok.

Gaurko prentsaurrekoan aurkeztu du bidaia zinegotziak, Ainhoa Arenaza kontserbatorioko zuzendariarekin eta Compatriotas Rusos en España elkartearen zuzendaritza-batzordeko kide Elena Alexandrovarekin batera.

Azaroaren 14an, bi pieza interpretatuko ditu Music Hall-eko oholtzan kontserbatorioko azken ikasturteko ikasle guztiek eta bi irakaslek osatutako taldeak. Batetik, ‘Nebulosa’, Arantzazu Susunagaren koreografia soil eta dotorea, Hauska eta Federico Albaneseren musikak lagunduta. Eta bestetik, ‘Hau ez da tutu bat’ pieza, René Magritteren koadro bati erreferentzia egiten dion koreografia, Vivaldiren musikarekin lagunduta.

“Esperientzia ahaztezina izango da 16 eta 19 urte bitarteko neskentzat, balletaren sehaskan trebatutako dantzariekin igoko baitira oholtzara. Futbolaria izan, eta Messirekin jokatzen uztearen parekoa izango da”, azaldu du kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak.

Sei hilabeteko tartean, bigarrenez jardungo dute elkarlanean San Petersburgoko balletarekin. Ekainean, eskola magistralak eman zituzten Arabako hiriburuko udal kontserbatorioan Errusiako erakunde horretako hainbat izarrek. Gasteizen egoitza duen Sever elkartearen bitartez abiarazi zen lankidetza. Izan ere, Euskal Herriarekin eta Errusiarekin zerikusia duten ekitaldien antolakuntza dihardu elkarte horrek. 2016ko azaroan, ikasle eta irakasle talde batek San Petersburgoko jaialdia bisitatzeko gonbita jaso zuen. Xerezade balleta ekoitzi zuten gerora, elkarrekin, balleteko izarrek eta kontserbatorioko ikasleek, baita arrakasta handia lortu ere, 2018ko otsailean, Andorran.

Share