Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2019 17:05

Vitoria-Gasteizen parte hartzea COP25 Klimaren Gailurrean

Alkate Gorka Urtaranek parte hartuko du ‘Ciudades sostenibles y resilientes’ izeneko mahai inguruan; Al Gore Estatu Batuetako presidente ohiaren ‘The Climate Reality Project’ fundazioak gonbidatu du bertara

Eguna. Astelehena, abenduak 2

Ordua. 12:30

Tokia. Madrilgo IFEMA Feria. Helsinki aretoa, eremu urdina (gune ofiziala)

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Vitoria-Gasteiz Spining EITB Maratoia ‘Igo bizikletara haur minbiziaren kontra’

Larunbatean, azaroak 30, haurren minbiziaren aurkako Vitoria-Gasteiz Spining EITB Maratoia egingo da, eta Gasteizko hainbat alorretako pertsona ezagunek parte hartuko dute.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Udalbatzako talde politikoen ordezkariak

Eguna. Larunbata, azaroak 30

Ordua. 13:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

* Ekitaldi horretarako 60 bizikleta ipiniko dituzte guztira

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, azaroak 29

  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa Elkarrekin Bizitzen Ikasi programako ‘Awlad’ filmaren emanaldian izango da 19:00etan, Florida zineman.
  • Garapenerako Lankidetza zinegotzi Jon Armentia ‘Yungai 1970’ erakusketaren inaugurazioan izango da 19:30ean, Montehermoso Kulturunean.
  • Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo Alangua higiezinen agentziaren 30. urteurreneko ospakizun ekitaldian izango da 20:00etan, Portalonen.

 

Larunbata, azaroak 30

  • Osasun eta Kirol zinegotzi Livia Lopez Goalball Liga Inklusiboaren lehen jardunaldiko inaugurazio ekitaldian izango da Almudena Cid Jarduera Fisiko Adaptatuaren Zentroan 10:00etan, Gabriel Zelaya kalean.
  • Alkate Gorka Urtaran; eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentia Migraziorako Euskal Itun Sozialaren aurkezpenean izango dira 11:30ean, Lehendakaritzan.
  • Alkate Gorka Urtaranek; alkateorde Maider Etxebarriak; Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok; eta Osasun eta Kirol zinegotzi Livia Lopezek parte hartuko dute haurren minbiziaren aurkako EITBren Vitoria-Gasteiz Spining maratoi solidarioan 13:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa APDEMAk antolatu duen familiei esker ona adierazteko topaketan izango da 13:00etan, Canciller Ayala hotelean.
  • Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Federación de Centros Regionales erakundeak antolatzen duen Zentroen arteko Txapelketa ikusten izango da 20:00etan, Hogar Extremeñon.

 

Igandea, abenduak 1

  • San Frantzisko Jabier eguna dela eta, Hogar Navarrok antolatu duen ospakizun ekitaldian izango dira Herritarren Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodriguez eta Ingurumen Plangintza eta kudeaketa zinegotzi Cesar Fernandez de Landa 12:00etan, Aldabe gizarte etxean.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:25

Bake Kaleko antzinako gartzelaren memoriagunearen inaugurazio ekitaldia

 

Udalak konpondu egingo ditu Santa Isabel hilerriko, Bake kaleko, Sagrado Corazón ikastetxeko, Karmengo elizako eta Senda ibilbideko plakak

 

Gorka Urtaran audioa

Gorka Urtaran alkateak gaitzetsi egin ditu hiriko bost memoriaguneei —Gasteizen frankismoaren biktima guztiei aitortza, elkartasuna eta maitasuna adierazteko jarritako memoriaguneei— egindako erasoak. Izan ere, pinturaz belztuta agertu dira gaur goizean.

“Nire gaitzespenik sendoena. Gasteiz hiri anitza da, memoria duen hiria, giza eskubideak errespetatzen dituen hiria, urraketa oro salatzen dituen hiria. Garai batean modu sistematikoan urratu ziren giza eskubideak, eta memoriaren leku horiek, plaka horiek, giza eskubideak urratuta ikusi zituzten ehunka eta ehunka gasteiztarren duintasuna eta memoria biltzen dituzte, haiek gogora ekartzen dizkigute. Erabat gaitzesgarria da hiri honetan pertsona horiei batere errespeturik ez erakustea. Gasteiz biktima guztiekin dago. Guztiek merezi dute aitortza eta begiramena”, adierazi du alkateak.

Erasotako plaka guztiak konponduko dituela Udalak, iragarri du Gorka Urtaranek.

Gasteizko Memoriaguneak

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:11

 

Vitoria-Gasteiz Green Deal plana aurkeztu du alkate Gorka Urtaranek

Urtaran mahai-inguru baten protagonista izango da, eta bertan azalduko du hiriaren etorkizunerako plan hori, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita

Orobat, hiri iberoamerikarren foroan hartuko du parte, espainiar estatuko eta Latinoamerikako beste alkate batzuekin batera, eta Estatu Batuetako lehendakariorde ohiak emango duen hitzaldian

 

Audioa: alkate Gorka Urtaran

VG Green Deal dokumentua

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek COP25 Klimaren Gailurraren zenbait jardunalditan hartuko du parte; abenduaren 2tik 13ra arte iraungo du horrek. Irekiera-egunean, mahai-inguru batean parte hartuko du, Estatu Batuetako lehendakariorde ohi Al Goreren fundazioak gonbidaturik. “Vitoria-Gasteiz Green Deal” plana azalduko du foro horretan hiriaren etorkizunera plana, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita. Ondorengo egunetan, hiri iberoamerikarretako alkateen foroan hartuko du parte, baita Gorek hautatutako entzuleen aurrean emango duen hitzaldian ere.

Gaur goizean aurkeztu du alkateak “Vitoria-Gasteiz Green Deal” plan sortu berria, Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan. Datorren astelehenean, aldiz, ordezkari publiko eta pribatuekiko mahai-inguru batean partekatuko du, Nazio Batuek Madrilen antolatutako Klimaren Gailurreko eremu ofizialean (eremu urdina).

Al Gorek sortutako The Climate Reality Project irabazi-asmorik gabeko entitateak antolatu du solasaldia, eta Gasteizko esperientzia izango da aztergai nagusia. Izan ere, fundazio horri arreta eman dio gure hirak ingurumenaren kontserbazioan urratutako bideak, garapen iraunkorraren alorrean nazioarteko erreferente bihurtu baikaitu; orobat, klima aldaketaren kontra abian jarritako ekintzei erreparatu diete, eta “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planaren bidez ingurumenarekin, ekonomiarekin eta gizarte politikekin lotutako alderdietan egiten den apustuari. Hiriak klima aldaketaren erronkari egokitzea izango da solasaldiaren hizpide nagusia.

“Dagoeneko lanean hasiak gara, hiri berdetik —joan den irailean mundu mailan halakotzat aitortu gintuzten, Etiopian— ekonomia berdera igarotzeko. Eta proposatzen dudan planak hori lortzeko garatzen ditugun ekimenak bideratuko ditu. Planetak dituen erronkei aurre egiteko irtenbide eta ekimenak erakartzeko plana da, gure hirian garatu daitezen”, azaldu du alkateak. Gorka Urtaranek azpimarratu du oso garrantzitsua dela “VG Green Deal” nazioarteko foro goren horretan aurkeztea, itunaren zutabeetako bat sinbolizatzen duten ordezkariak bildu baitira mahaian: erakundeen, enpresen eta ikerkuntza zentroen arteko lankidetza.

Udal agintariak Euskadiko hiriburuaren hiri-eredua plazaratuko du, eta gaur ezagutarazi duen planaren abiatzea. Hain zuzen ere, Estatu Batuetako biltzarkide gazteen Alexandria Ocasio-Cortez-ek 2019ko otsailean “Green New Deal” izeneko proposamena argitaratu zuelarik urratutako bideari jarraitzen dio: klima aldaketaren kontrako eta eraldaketa ekonomikorako plan handinahi bat, zein mundu osoko pertsona eta erakunde askorentzat erreferente bihurtu baita. Horren haritik, Europako Batzordeko presidente Ursula Von Der Leyenek “European Green Deal” bat aurkeztea proposatu du. Gasteizko lanak ere ildo horri jarraitu nahi dio.

“Klima-aldaketaren ekonomia, ingurumen eta gizarte ondorioak begi bistakoak dira. Lasaitasunez baina irmotasunez lan egiteko unea da, elkarrizketa eta adostasuna baliatuz. Hiriaren aldeko itun bat da Gasteiz Green Deal, hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldekoa, baita planetaren aldeko ituna ere. Gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzeko plan bat, akordio zabal eta plurala, ikuspegi askotarikoak baina osagarriak biltzea helburu duena“, adierazi du.

Vitoria-Gasteiz Green Deal plana aurkeztu du alkate Gorka Urtaranek

Beharrezkoa izango den transformazioa prestatzeko Gasteizen gara litezkeen ekintzen bidez gauzatuko da plana, eta horietako batzuek nazioarteko garrantzia lukete. Hiriaren eredu ekonomiko eta sozial berrirako trantsizio “berdea”. “Bat egiten badugu, eta erabakitasunez lan egiten, lor dezakegu aldaketa horietatik hiri hobea ateratzea, puntako zerbitzu publikoekin, ekonomia dinamiko eta modernoarekin eta jarraitu beharreko eredu izaten jarraituko duten azpiegitura berdeekin”, nabarmendu du alkateak.

“Badakigu nola ekin hiri-aldaketa handi bati; gainera, eredu ekonomiko eta industrial sendoa dugu, badakigu zer-nolako balioa duten hitzartzeak eta akordioetara iristeak gauza handiak lortzeko. Horiek dira aurrean dugun erronkarako behar ditugun osagaiak”, argudiatu du. Hainbat alderdi hartu dira aintzat planean: mugikortasun iraunkorra (zeinean berebiziko zeregina baitute oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasunak, superetxadiek, autobus elektriko adimentsuak, tranbiak eta Mobility lab-ek), hiri azpiegitura berdeak (bereziki, Eraztun Berdea), izaera industriala (neurri handi batean automobilgintzan oinarritua), logistika (abiadura handiko trena eta Jundizko garapen logistikoa lehen lerroan direla) eta zerbitzu publikoen hobekuntza (garbiketatik hasita hiriaren mantentzeraino, segurtasunetik eta gizarte kohesiotik igarota).

Alor horretan garatzen diren ekintza guztiek hiru jarraibide hauek hartu beharko dituzte kontuan: garapen ekonomiko iraunkorra, gizarte kohesioa eta ingurumen iraunkortasuna. Eta hauek dira lortu nahi diren helburuak: negutegi efektuko gasen isurketa gutxitzea; kalitateko enplegu berriak sortzea; ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoa bultzatzea; ekonomia berderanzko trantsizioa; hirian konexio handiagoa izatea ahalbidetuko duten azpiegiturak; trantsizio energetikoa, energia jasangarriak sustatuz; gizarte kohesioa indartzea, eta auzoen arteko oreka.

Gaur alkateak aurkeztu duen agiria proposamen bat da, eta era guztietako entitate eta gizarte eragilerekin eztabaidatu eta aberastuko da. Nolanahi ere, oso konpromiso argiak ditu:

  • Hemendik eta 2030era arte, proiektu eta multzo bat bultzatzea, zein jarduera-plan bateratu batean jasoko baitira, ezarritako helburuei erantzuteko —2020. urtean aurkeztuko da plan hori—.
  • Hartutako konpromisoen jarraipena egiteko eta kontuak emateko lantalde bat sortzea.
  • Horren barruan garatzen diren ekimenak giza baliabidez eta baliabide ekonomikoz hornitzea.
  • Itun horren esparruan hartutako konpromisoak eta egindako aurrerapenak defendatu eta zabaltzea, beste eragile batzuk inplikatzeko eta beste erakunde batzuentzat eredu izan daitezen.

Beste esku-hartze batzuk Klimaren Gailurrean

Klimaren Gailurreko asteleheneko hitzorduaz gain, zeinean “Vitoria-Gasteiz Green Deal” aurkeztuko baitu ofizialki, Urtaranek beste bi ekitalditan hartuko du parte. Abenduaren 7an, hiri iberoamerikarren foroan hartuko du parte, espainiar estatuko eta Latinoamerikako beste alkate batzuekin batera; abenduaren 10ean, berriz, Estatu Batuetako lehendakariorde ohi The Climate Reality Project-en fundatzaile Al Gorek emango duen hitzaldian —bereziki hautatutako entzuleen aurrean hitz egingo du, eta Gasteizko alkatea berariaz gonbidatu dute—.

Alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik ere parte hartuko du Gailurraren zenbait forotan.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:50

Bihar, azaroak 30, Hiri Hezitzaileen Eguna da, eta horrekin bat egiten dute hezkuntza politika lokal guztiak zeharkatzen dituen ardatza bihurtzeko lanean ari diren udalerriek.

Hori dela eta, talde politikoek “Gasteiz, Hiri Hezitzailea” izenburua duen adierazpena irakurri dute. Udalak “garapen iraunkorreko helburuekin duen konpromisoa” gogorarazten du testuak, “guztientzako bizitza osoko hezkuntza inklusibo eta kalitatekoa lortzearren, garapen pertsonal eta kolektiboaren eta hiri eraldaketaren motor gisa, hiri bidezkoago, solidarioago eta kulturartekoagoen alde. Pertsona guztiak benetan berdinak diren hiriak, desberdintasunen errespetua oinarri delarik pertsona guztiak elkarren artean hitz egiteko eta elkarrekin bizitzeko gai diren hiriak”.

Gainera, Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 30a Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna izendatzeko eskaerari atxikitzeko gutuna sinatzeko konpromisoa hartu dute Udalbatzako 27 zinegotziek.

Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunaren adierazpena, 2019

Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna dossierra

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:26

Udaltzaingoaren agenteek 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egilea delakoan.

Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Abetxuko auzoko etxebizitza batera joan zedila, emakume batek adierazi zuelako senarrak jo egin zuela. Bertara iritsi zirenean, udaltzainak bi bikotekideekin elkarrizketatu ziren bereizirik, eta bi bertsio kontraesankorrak entzun zituzten.

Gizonezkoa etxebizitzatik atera zen une batean, emakumeak Udaltzainei adierazi zien bere bikotekidea legez kanpoko substantzien trafikoan aritzen zela, eta etxebizitzan gorderik zeukan materiala eman zien: kokaina eta haxixaren bilgarri batzuk eta mahai gaineko baskula bat.

Gizona etxebizitzara itzuli zenean, udaltzainek atxilotu egin zuten eta haren gauzak konfiskatu zituzten. Gaur epailearen aurretik pasatuko da. Horrez gain, izapideak abiarazi dituzte Epaitegian, genero-indarkeriaren kasu bat izan daitekeelako.

Udaltzaingoak atzo 20 trafiko-istripu erregistratu zituen, nahiz ez den zauriturik izan eta ez den inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik.

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:07

Webgunean dago eskuragarri Klimaren Aldeko Ekintzaren eta Nekazaritza Eremuaren Batzordeak abenduaren 3an (asteartea), 8.30etan, egingo duen aparteko eta premiazko bilkuraren gai-zerrenda. 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:29

Tokiko Gobernu Batzarrak baliabide ekonomiko gutxiko pentsiodunei energia-gastua finantzatzeko laguntza-poltsaren deialdi berria onetsi du gaur.

Urteko bigarren deialdia da, eta 2019ko uztailaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egindako gastua finantzatzera bideratuko da. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 30.000 €-ko partida erreserbatu du horretarako.

Energia-gastuagatik justifikatutako zenbatekoaren araberakoa izango da onuradunek jasotzen duten laguntza. Pertsona bakoitzak 300 euro jaso ahalko du gehienez, eta kopuru horrek ezingo ditu egin diren gastuak gainditu.

Energia-gastua finantzatzeko laguntzak eskatu ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

  • Gizarte Segurantzaren sistemako pentsioduna izatea.
  • Diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzailea izatea, pentsioaren osagarrien kategorian.
  • Eskabidea aurkezten den uneari dagokionez, azken 10 urteetan gutxienez 5 urtez Gasteizen erroldatuta egon izana, eta gutxienez urtebetez, modu jarraikian, eskabidea egin aurretik.
  • Ohiko etxebizitzako elektrizitate, gas eta bestelako erregaien fakturak ordaintzen aritzea.
  • Bonu soziala eskatu izana.
  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean aipatzen diren debeku-egoeretakoren batean ez egotea.

Eskabideen tramitazioa Herritarrei laguntzeko bulegoetan egin ahalko dira, behin gaur onetsitako deialdia ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.) argitaratzen denetik aurrea.

2019Ko lehen deialdian 83 familia onuradun izan ziren; horietatik 78k gehieneko zenbatekoa jaso zuten (300 €), eta beste 5ek % 80 (hau da, 240 €).

Janari-garraioa

Bilera berean, Gobernu Batzarrak Udalaren janaria etxez etxe eta Udalaren baliabide sozialetara garraiatzeko kontratua luzatzea erabaki du.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 226.689 € bideratuko ditu urtebetez San Prudentzioko sukalde zentraletik menuak etxez etxe, eta Udalaren zentro soziokultural eta zentro gerontologikoetako, CMASeko eta Etxe Irekiko jantokietara garraiatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:43

Gasteizek Europako Hiri Osasungarrien Sarearen VII. fasearekin bat egiteko akordioa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen du sarea, udal gobernuen gizarte-, ekonomia- eta politika-agendetan osasunak leku nabarmena har dezan. 32 herrialdetako 100 hiri inguruk osatzen dute mugimendu horren muina. Duela 31 urte sortu zenetik, aitzindaria izan da hiri ingurune osasungarriagoak lortzeko bidean.

Gasteizek OMEk ezarritako irizpideei jarraituz egindako lanaren emaitza dira osasun planak, zeinak 2007an hasi baitziren lantzen. Europako Hiri Osasungarrien Sarearen VII. faseak 2024ra arte iraungo du, eta osasunarekin eta ongizatearekin lotutako ekintzak garatzea ahalbidetuko du, 2020 Osasun Agendarekin eta Nazio Batuen 2030 Agendarekin koordinatuta.

Besteak beste, alderdi hauei erreparatuko die Europako Hiri Osasungarrien Sarearen VII. faseak: pertsonengan inbertitzea, osasuna eta ongizatea hobetzen duten lekuak diseinatzea, politika osasungarriekin lotutako partaidetza sustatzea, eta ondasun eta zerbitzu komunen eskuragarritasuna hobetzea.

“Osasunaren alorreko munduko erakunde gorenarekin koordinatuta lan egiteak politika sorta zabala bideratzeko ikuspegi estrategikoa ematen digu. Kirolaren eta osasunaren arteko lotura estutzen ari gara, mugikortasun jasangarri eta osasungarria diseinatzen, elikadura osasungarriaren alde egiten, eta adinekoen bizi-baldintzak hobetzen, beste jarduera-ildo batzuen artean eta gure helburuak partekatzen dituzten beste ehun hiri europarren eskutik” adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

OMEren Europako Hiri Osasungarrien Sarea 1988an sortu zen, osasun eta garapen iraunkorrerako tokiko estrategiak sustatu eta hirietan bizi eta lan egiten duten pertsonen ongizate fisiko, psikiko eta soziala, bai eta ingurumenekoa ere, lortzearren. Geroztik, Gasteiz sarearen kide izan da garapen faseetako batzuetan.

Share

Aurrekoak »