Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 azaroa 2019 13:09

Ecovidrio Saria Gasteiz hiriari emateko ekitaldia

 

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran audioa

Hiriak birziklatzearekin duen inplikazioa eta ingurumen-kontzientziaren sorkuntzan egindako lana ere aitortu dio Ecovidrio Sarien 20. edizioak.

 

Ecovidrio Sarien hogeigarren edizioak gaur banatu ditu bere sariak Madrilen. “Inpaktu handieneko hiria” saria Gasteizko Udalari eman zaio, garapen iraunkorrarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin duen konpromisoagatik. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek jaso du saria. Sariak orobat aitortzen du hiriak birziklatzearekin duen inplikazio jarraitua eta ingurumen-kontzientzia sortzeko egindako lana, zeinen bidez herritarren bizi-kalitatea hobetu baita.

Saritutako erakunde eta pertsonen familia-argazkia

Ecovidrio Sariek ingurumena hobetzen eta planeta kontserbatzen lagundu duten pertsonalitate, erakunde eta proiektuei egiten diete aitortza. Edizio honetako “personalidad ambiental” arloan, Costa Ricako Cristina Figueres andrea izan da irabazle, zein klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen hitzarmeneko idazkari betearazlea izan zen. Gasteizek irabazi duen “Inpaktu handieneko hiria” kategoriak, berriz, erakunde edo instituzioak saritzen ditu, herritarren inplikazioa bultzatzen duten eta iraunkortasunaren, ekonomia-zirkularraren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren balioen defentsan erreferente diren proiektu edo programengatik.

Gaur goizeko ekitaldian, Gasteizek azken mende laurdenean ingurumenaren zainketari emandako bultzada azpimarratu du Ecovidriok. Honako jarduerak, zehazkiago: hiri-iraunkortasuna hobetzeko ibilbidea, klima-aldaketaren kontrako borroka, 2130 Agendaren betetze-maila aurreratua, garapen iraunkorreko helburuak lortzea, birziklatzearekin duen konpromiso jarraitua eta ingurumen kontzientzia pizteko akuilu izatea. Halaber nabarmendu du Eraztun Berde aitzindaria 1993an hasi zela diseinatzen, eta udal gobernu desberdinek bide horri jarraitu diotela, guztia modu koherente, etengabe eta egonkorrean.

Sari-banaketa egin den NAVE MARÍA gunea

Hiritarrek arlo honetan duten kontzientziazioaren adierazle diren birziklatze-kopuruak ekarri ditu gogora Gorka Urtaranek: Arabak beiraren % 88ko birziklatze-tasa du, arlo honetan Europako herrialde aurreratuenen parekoa; Gasteizek 22 kilo beirazko ontzi birziklatzen ditu, batez beste, urteko eta biztanleko, Estatuaren bataz besteko mailatik gora (18). Hiriak beirazko ontzien 5.481 tona hondakin jaso zituen, 2015ean baino % 10,5 gehiago.

Orobat, ostalaritzarako atez ateko bilketa-zerbitzua ezartzen zuen Estatuko lehen hirietako bat izan zen 2000ko hamarkadan. Bestelako materialei dagokienez, Gasteizko biztanleen maila nabarmentzekoa da; birziklatze-tasa lurraldeko batez bestekoaren gainetik dago paper eta kartoian (30 kilo biztanle eta urteko) eta ontzi arinetan (19,5 kilo).

Alkatea eta Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa zinegotzia Cristiana Figueresekin, saritutako bat

Ekonomia berdea

Alkateak nabarmendu duenez, “hiriak garapen iraunkorrerako giltza gara. Arazoak globalak badira ere, erantzunak maila lokalean ehundu behar dira. Ingurumen arloko erroka handiak ditugu une honetan, eta Gasteizek arlo honetan duen ahalmen handiarekin egingo die aurre”.

Urtaranen ustez, aurrera egiteko eta etorkizunari optimismoz begiratzeko baliabideetako bat da “gure espiritu berdea, hiri industriala garela ahaztu gabe; BPGren % 30 sektore horretatik datorkigu eta hiriko eta familia ugariren ekonomiaren euskarri diren enpresa handiak ditugu”.

Alkatearen hitzaldia Herritarren saria jaso ondoren

Azpimarratu duenez, “gai izan gara industrian oinarritutako hazkunde ekonomikoa ingurumen-iraunkortasunarekin harmonizatzeko”. Potentzial hau guztia aprobetxatu egin behar dugu gure hiria ingurumenaren arloan erreferente bihurtzeaz gain, ekonomia berriaren, hau da ekonomia berdearen arloan ere izan dadin”.  

 

 

Share