Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 azaroa 2019 11:47

Gorka Urtaran eta Amaia Barredo

Mugikortasunari buruzko araudi berria Dosierra

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek trafikoa arautzen duen ordenantza aldatzen hasteko dekretua sinatu du gaur. Udal gobernuak eguneratu egin nahi du araudia, Gasteizko mugikortasunaren egungo egoerari moldatzeko. “Azken urteetan, bi egoera nabarmengarri sortu dira. Lehena, bizikletaren “booma”, gaur egun hirian egiten diren joan-etorrien % 13 bizikletaz egiten baita. Bigarrena, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu (MPI) txikien agerpena, patineteak, esaterako, zeinak batzuetan elektrikoak izaten baitira”, azaldu du Gasteizko alkateak. “Garai berriek eta haziz doan gizartearen eskaerak bultzatu gaituzte hiriko zenbait espazio publikotan oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailu berrien arteko erabilera partekatua berraztertzera. Segurtasuna bermatu nahi dugu, eta mugikortasun modu ezberdinen arteko bizikidetza sustatu, kontuan izanik oinezko joan-etorriak ere ugaritu direla, eta horrek pertsona dentsitate handiagoa sortu duela zona jakin batzuetan“, adierazi du Gorka Urtaranek. “Mugikortasun iraunkorra, segurua eta berritzailea sustatzen dugu gure superhiriaren ereduan, Europan erreferentea baita”, azpimarratu du.

Dekretuaren bidez, ordenantza aldakuntzari buruzko aurretiko kontsulta publikorako aldia irekitzen da, zehazki, 15 egun balioduneko epea emango da eragindako pertsona eta erakundeek iritzia ematerik izan dezaten. Lantalde tekniko bat ere osatuko du Udalak, udal proposamena lantzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi beharko du ordenantza-proiektua, eta irizpena dagokion batzordean zein Udalbatzan ere aurkeztuko da, udal taldeei zuzenketak egiteko epea emanda. Udalbatzak onesten duelarik, jendaurrean jarriko da, erreklamazioak aurkezterik izan dadin.

Urtaranen gobernuak hasierako proposamen bat egingo du antzemandako behar nagusiei aurre egiteko: oinezkoen alderdietan ibilgailuak sartzea eta MPIen agerpena. Alkateak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok udal gobernuak proposatuko dituen neurrietako batzuk laburtu dituzte prentsaurrekoan.

Bizikletak: Irizpide orokor gisa, txirrindulariek galtzadatik joan beharko dute, eta bizikleta-bideetatik, ingurabidearen barruan*. Salbuespen bakarra 14 urtetik beherakoak izango dira, horiek oinezkoen alderdietatik joan ahalko baitira; hiriaren kanpoaldeko auzoetan ere salbuespena egingo da. Ibilgailu motordunen abiadura orduko 50 kilometrokoa den inguruetan, eta bizikletentzako azpiegitura oraindik nahikoa garatua ez badago,bizikletak oinezkoen alderdietatik ibiltzea baimenduko da.

 

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak:

-Motorrik ez duten mugikortasun-gailuak: patineteek, skateek… bizikleta-bideetatik zirkulatu beharko dute, 30eko alderdietatik, eta bizitegi-zonatzat seinaleztatuta dauden bideetatik. 14 urtetik beherakoak oinezkoentzako bidetik joan ahalko dira.

-A motako ibilgailuak (motordunak, baina tamaina txikikoak, gehienez 1 x 0.60 metro eta 25 kilokoak, pertsona bakarrarentzat eta balaztatze-sistema dutenak): bizikleta-bideetatik eta 30eko zonetatik joan beharko dute, orduko 20 kilometroko abiaduran, gehienez. Erabiltzaileek 16 urtetik gorakoak izan beharko dute, eta bizikletentzako lekuetan aparkatu. Debekatuta izango dute 50eko zonetatik zirkulatzea. Argiak, txirrina eta islatzaileak eduki beharko dituzte.

-B motako ibilgailuek (motordunak, gehienez 1,90 x 0,80 metro eta 50 kilokoak) galtzadatik baino ezingo dute zirkulatu, orduko 30 kilometroko abiaduran gehienez. Debekatuta izango dute bizikleta-bideetatik eta 50eko zonetatik zirkulatzea. Motorrentzat egokitutako lekuetan aparkatu beharko dute. Argiak, txirrina eta islatzaileak eduki beharko dituzte. 16 urtetik beherakoek debekatuta izango dute erabiltzea.

Horrenbestez, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu eta gailuak, oro har, ezingo dira espaloi, parke publiko eta oinezkoen alderdietatik zirkulatu. Hala  ere, bizikleten zirkulazioa baimenduta dagoen ibilbideetatik joan ahalko dira, oinezkoen lehentasuna errespetatuz. 14 urtetik beherakoak espaloi eta oinezkoen alderdietatik ibili ahalko dira zero taldeko mugikortasun-gailuetan (monopatinak edo motorrik gabeko patineteak), oinezkoen abiadura berean eta haiei enbarazu egin gabe.

0 taldeko mugikortasun-gailuetan edo A taldeko ibilgailuetan doazen pertsonek trafikotik fisikoki bereizita dauden bizikleta-bideak edo bidegorriak erabiliko ahalko dituzte.

Oinezkoek lehentasuna duten bizikleta-ibilbideetatik ere joan ahalko dira mugikortasun-gailuak edo A taldeko ibilgailuak, baldin eta dagoen seinaleztapena eta oinezkoen lehentasuna errespetatzen badute eta gehieneko abiadura orduko 10 kilometrokoa bada; gainera, metro bateko segurtasun distantzia gorde beharko dute oinezko bat aurreratu edo gurutzatzean. Oinezkoen multzoak haiek aurreratzea eragozten badu, gidariak ibilgailutik jaitsi beharko du, eta oinez jarraitu.

 

Galtzadak

Zero taldeko patineteak ezingo dira inola ere galtzadatik joan. A taldeko patinete elektrikoek, galtzadatik badoaz, eskuineko erreitik joan beharko dute.

A motako MPIak bizikleta-bideetatik eta galtzadatik zirkulatu ahalko dira. B taldekoak, berriz, bakarrik galtzadatik joan ahalko dira, zirkulazioa berariaz debekatuta duten kaleetan izan ezik. Gehienez orduko 30 kilometroko abiadura hartu ahalko dute, eta ezingo dira zirkulatu garraio publikorako erreserbatutako erreietatik edo autobus-bideetatik.

Alkate Gorka Urtaranek azaldu duenez, araudi berriarekin batera informazio eta kontzientziazio kanpaina egingo da, eta bestelako neurriak ere hartuko dira: bidegorriak luzatzea, trafikoa moteltzea, eta azpiegiturak hobetzea, oro har. Araudi berria ezartzen denean, orobat, zigor kanpaina egingo da. “Araudi berriak bizikletak eta patineteak espaloietatik ateratzea ahalbidetuko du”, laburbildu du Gasteizko alkateak.

* Hiriaren erdialdeko kaleen luzera (garai bateko ingurabidearen barruan): 108.005 metro

Oinezkoentzako kaleak: 23.405 (% 21,6)

20ko kaleak (S28 seinalea): 2.808 (% 2,6)

30eko kaleak (seinaleztatua): 13.098 (% 12,2)

30eko kaleak, ordenantzaren arabera (seinaleztatu gabe): 38.795 (% 35,9)

50eko kaleak: 29.900 (% 27,6)

50eko kaleen luzera ingurabidearen barruan: 29.900 metro

Bidegorria dutenak: 11.000 metro (% 37)

Bidegorririk ez duten 50eko kaleak: 18.900 metro.

Share