Prentsa Oharren banner

Abetxukuk eta Zaramagak lortu dute Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko laguntza gehiagotarako aukera izateko ematen duen aitorpena

Adurtza eta Ariznabarra auzoei tramite batzuk falta zaizkie aitorpen horretarako aukera izateko. 

Arana, Judimendi, San Kristobal eta Anglo auzoetako azterlan sozio-urbanistikoak urte hasieran aurkeztuko dira.

Abetxuku eta Zaramaga auzoek lortu dute eremu degradatuaren aitorpena. 21 Zabalgunearen laguntza propioez gain, figura horren bitartez, auzo horietako bizilagunek baldintza hobeetan eskuratu ahalko dituzte Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko ematen dituen laguntzak. Adurtza eta Ariznabarra auzoetan tramite batzuk falta dira aitorpen horretarako aukera izateko.

Gogoan izango denez, 21 Zabalguneak atariz atariko azterlan bat kontratatu zuen aurreko legealdian, Zaramaga, Ariznabarra, Adurtza, Abetxuku eta Koroatze auzoetarako erradiografia sozial eta urbanistikoa izateko. Horretaz gain, 21 Zabalguneak ekimen hori Arana, Judimendi, Anglo eta San Kristobal  auzoetara zabaltzea erabaki zuen, eremu degradatutzat jo ahal izateko, figura horrek birgaitzeko laguntzak baldintza hobeetan eskuratzeko aukera emango baitie auzokoei. Arana, Judimendi, Anglo eta San Kristobal auzoetako azterlan sozio-urbanistikoak berrikusketa prozesuan daude, eta urtearen hasieran aurkeztuko dira.

Administrazioak hiriko urrezko auzoen egoeraren erradiografia argia izan dezake, arkitekto, hirigile eta paisajistek eraikinetara egindako bisita teknikoetan eta bizilagun eta merkatariei egindako elkarrizketetan jasotako datuei esker.

Gehien bat 1980. urtearen aurretik altxatutako auzoak dira. Eraikinek hainbat arazo dituzte: kalitate txikiko erakuntza, irisgarritasun arazoak atari eta/edo etxebizitzetan, isolamendurik eza edo isolamendu eskasa, patologia puntualak eta hezetasunak fatxadetan. Bestetik, hiriko beste inguru batzuen aldean, auzo horietan adineko biztanle gehiago daude, langabezia maila handi samarra dute, eta gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsona gehiago bizi dira; horrenbestez, Gasteizko egitura urbanoan eremu ahultzat jotzen dira.

Hori guztia dela eta, Gasteizko Udalak beharrezkotzat jotzen du eremu horietan esku hartzea, hondatze progresiboa geldiarazi eta saihesteko, bertako gizarte, ekonomia, hirigintza eta eraikuntza baldintzak hiriko gainerako alderdienekin parekatzeko, eta hirigintzari, eraikuntzari, iraunkortasunari eta energia eraginkortasunari buruzko araudiak betetzeko.

Hori lortzeko lehen urratsa etxebizitzak eta bizitokietarako eraikinak birgaitzeko laguntzak emateko araudian —21 Zabalguneak kudeatzen duena— auzo horiek lehentasunez birgaitu beharreko eremutzat jotzea da. Hala ere, neurri horrekin batera beste neurri osagarri batzuk hartu beharko lirateke.

 

Zer da eremu degradatua?

Zehazki, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaz baliatuz, aztertutako auzoetan dekretuan adierazten diren degradazio ekonomiko-sozialeko eta hirigintza-arkitektura degradazioko baldintzak betetzen dituzten alderdiak eremu degradatutzat jotzea eta izendatzea lortu nahi da, horiek berreskuratu eta biziberritzeko administrazioaren jarduera berezia behar baitute. Izendapena lortuz gero, auzokoek Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko ematen dituen laguntzak eskuratu litzakete, horiek handiagoak baitira, Eraberritze Integratuko Eremuetarako zehaztutakoen parekoak.

Halaber, gizarte eta hirigintza alorreko azterlanak baliagarriak izango dira Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena informatu eta inplementatzerakoan.

 

 

Share