Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2019 10:43

Gasteizek Europako Hiri Osasungarrien Sarearen VII. fasearekin bat egiteko akordioa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen du sarea, udal gobernuen gizarte-, ekonomia- eta politika-agendetan osasunak leku nabarmena har dezan. 32 herrialdetako 100 hiri inguruk osatzen dute mugimendu horren muina. Duela 31 urte sortu zenetik, aitzindaria izan da hiri ingurune osasungarriagoak lortzeko bidean.

Gasteizek OMEk ezarritako irizpideei jarraituz egindako lanaren emaitza dira osasun planak, zeinak 2007an hasi baitziren lantzen. Europako Hiri Osasungarrien Sarearen VII. faseak 2024ra arte iraungo du, eta osasunarekin eta ongizatearekin lotutako ekintzak garatzea ahalbidetuko du, 2020 Osasun Agendarekin eta Nazio Batuen 2030 Agendarekin koordinatuta.

Besteak beste, alderdi hauei erreparatuko die Europako Hiri Osasungarrien Sarearen VII. faseak: pertsonengan inbertitzea, osasuna eta ongizatea hobetzen duten lekuak diseinatzea, politika osasungarriekin lotutako partaidetza sustatzea, eta ondasun eta zerbitzu komunen eskuragarritasuna hobetzea.

“Osasunaren alorreko munduko erakunde gorenarekin koordinatuta lan egiteak politika sorta zabala bideratzeko ikuspegi estrategikoa ematen digu. Kirolaren eta osasunaren arteko lotura estutzen ari gara, mugikortasun jasangarri eta osasungarria diseinatzen, elikadura osasungarriaren alde egiten, eta adinekoen bizi-baldintzak hobetzen, beste jarduera-ildo batzuen artean eta gure helburuak partekatzen dituzten beste ehun hiri europarren eskutik” adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

OMEren Europako Hiri Osasungarrien Sarea 1988an sortu zen, osasun eta garapen iraunkorrerako tokiko estrategiak sustatu eta hirietan bizi eta lan egiten duten pertsonen ongizate fisiko, psikiko eta soziala, bai eta ingurumenekoa ere, lortzearren. Geroztik, Gasteiz sarearen kide izan da garapen faseetako batzuetan.

Share