Prentsa Oharren banner

91.224 abonatu zituzten Udalaren kirol-instalazioek 2020. urtea bukatzean

2020ko abenduaren 31n, 91.224 abonatu zituzten Udalaren kirol-instalazioek, 2019. urtearen bukaeran baino % 6,44 gutxiago. Hain zuzen ere, 2.466 alta izan ziren joan den urtean, eta 8.751 baja; beraz, 6.285 pertsonako saldo negatiboa.

Adin-tarteei gagozkielarik, 5 urtetik 17ra bitartekoena zen ugariena 2020. urtea bukatzean —19.705 abonamendu—, eta, ondotik, 45 urtetik 54ra bitartekoena —15.854 abonamendu— eta 35 urtetik 44ra bitartekoena —15.361 abonamendu—. 55 urtetik 64ra bitarteko abonatuak 9.258 ziren, 65 urtetik 74ra bitartekoak 7.580, 18 urtetik 24ra bitartekoak 7.243, 25 urtetik 34ra bitartekoak 7.211, 4 urtera artekoak 5.098, 75 urtetik 84ra bitartekoak 3.497, eta 85 urtetik gorakoak 417.

Emakumezko abonatuak 47.083 ziren —% 51,6— eta gizonezkoak, berriz, 44.141 —% 48,4—. 45 urtetik 54ra bitartekoen tartean izan ziren baja gehien joan den urtean, guztira 1.499, adin-tarte horretako abonatuen % 9,5. Aitzitik, 4 urtera artekoen adin-tartean izan zen aldaketarik txikiena, 2019ko kopuruaren aldean: 169 abonamendu gutxiago.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek adierazi duenez, datu horiek erakusten dute herritarrek kirol-instalazio eta zerbitzuen udal-sarearekiko fideltasunari eutsi egin diotela, kirola egitea hain zail izan den urte horretan. “Udalaren kirol instalazioak hiru hilabetez itxi behar izatea ekarri zuten berekin krisi sanitarioak eta alarma-egoerak. Ulertzekoa da egoera horrek eragina izatea abonatuen kopuruaren bilakaeran, baina, batez ere, abonatu gehienek gure instalazio-sareak eskaintzen duen zerbitzuan duten konfiantza nabarmendu da”, azpimarratu du.

Joan den urriaren bukaeran, Gasteizko Udalak kirol-instalazioetako abonamenduaren zenbatekoaren % 25 itzuli zuen, baliatu gabeko aldia konpentsatzeko; guztira, 1,5 milioi euro ordaindu zituen. Gogora ekarri beharra dago Udalak kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen duenak ekipamendu sare horren kostu osoaren herena estaltzen duela, gutxi gorabehera.

Share