Prentsa Oharren banner

21 Zabalguneak amaitu ditu Adurtza eta San Kristobal auzoetako eraikinen aurretiazko azterlanak,  Agree europar proiektuaren barruan

 

Orain arte 60 jabe-erkidegorekin jarri da harremanetan.

 

21 Zabalgunea SAk amaitu ditu birgaitzerako eraikin tipologien araberako aurretiazko azterlanak Adurtza eta San Kristobal auzoetan, AGREE europar proiektuaren barruan, eta 60 jabe-erkidegorekin jarri da harremanetan.

MODEL aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zitzaizkion azterlan horiek lehiaketa publiko bidez. Adurtza eta San Kristobal auzoetan 1980. urtea baino lehen egindako 160 bizitegi-eraikin kolektibo sartu dira, inguratzailea eta irisgarritasuna hobetzeko beharra baitute.

Eraikinak moten arabera sailkatu ondoren, erakin bakoitzeko fitxa bana egin da, eta bertan honakoak jaso dira: birgaikuntza energetikorako eta irisgarritasuna hobetzeko konponbide bati buruzko informazioa, horien artean, laneko material kopurua eta lanen zein lotutako kostuen (lizentzia, tasak, teknikarien ordainsariak, BEZ, etab.) zenbatespen ekonomikoa.

Informazio hori oinarri izango da partikularren arteko solaskidetzarako eta jabe-erkidegoetan akordioak lortzeko, behin betiko proiektu teknikoak kontratatu aurretik, geroago lanak egin daitezen.

 

Hurrengo pausuak

21 Zabalguneak birgaitu aurretiko eraikin tipologien araberako azterlanak berrikusi ondoren, Agree proiektuaren egungo egoeraren berri emango die Adurtza eta San Kristobaleko auzo-elkarteei eta auzo horietako jabe-erkidegoak kudeatzen dituzten finka-administratzaileen ordezkariei. Ondoren, bilerak egingo dira jabe-erkidegoekin, eta hainbat ekimen baloratuko dira, harremanetan jartzerik lortu ez den erkidegoei informazioa helarazteko.

21 Zabalgunea orain 60 jabe-erkidegoren ordezkariekin jarri da harremanetan (horietako 7 finka-administratzaileak); guztira 600 etxebizitza dira, aztertutako eremuko etxebizitzen % 40a gutxi gorabehera.

Share

21 Zabalgunea aurretiazko azterlanak egiten hasi da Adurtza eta San Kristobaleko eraikinen inguratzailea hobetzeari begira

 

Orain arte 28 jabe-erkidegoen ordezkariekin jarri dira harremanetan, zeinek 265 etxebizitza batzen baitituzte.

 

21 Zabalgunea SA birgaitzerako eraikin tipologien araberako aurretiazko azterlanak lantzen hasi da Adurtza eta San Kristobal auzoetan, AGREE europar proiektuaren barruan. MODEL aldi baterako enpresa-elkartea gertatu da lan horiek egiteko lehiaketa publikoaren esleipenduna, eta dagoeneko hasi da proiektuaren barruan sartutako eraikinak bisitatzen.

AGREE proiektuan zedarritutako eremuan Adurtza eta San Kristobal auzoetan 1980. urtea baino lehen egindako 160 bizitegi-eraikin kolektibo sartu dira, inguratzailea eta irisgarritasuna hobetzeko beharra baitute.

AGREEk planteatzen du birgaitzerako aurretiazko azterlanak egitea hautatutako eraikin-multzoetarako, esku-hartzeen kostua gutxi gorabehera zenbatekoa den jakinda jabe-erkidegoek errazago erabakitzerik izan dezaten behar diren birgaitze-lanak egin ala ez.

Informazio horrek erraztu egingo luke jabekideen erkidegoetan akordioak lortzea, behin betiko proiektu teknikoak kontratatu aurretik, geroago lanak egiteko.

Adurtza eta San Kristobaleko eraikinek ezaugarri ezberdinak dituzte tipologien arabera, kanpoaldeko inguratzailea (fatxada eta estalki motak) eta eskailera-zuloa nolakoak diren kontuan hartuz, eta kasu zehatz bakoitzari egokitutako aurretiazko azterlanak egin beharra dago.

Eraikinak moten arabera sailkatuko dira, bakoitzeko fitxa bana eginez, lanen zein lotutako kostuen (lizentzia, tasak, teknikarien ordainsariak, BEZ, etab.) zenbatespen ekonomikoa barne.

Bestetik, 21 Zabalguneak jabe-erkidegoen ordezkariekin harremanetan jartzen jarraitzen du, proiektuaren berri emateko. Orain arte 28 jabe-erkidegoen ordezkariekin jarri dira harremanetan, zeinek 265 etxebizitza batzen baitituzte.

 

 

Share

Adurtza eta San Kristobaleko familiei Agree birgaikuntza energetikorako proiektuaren gaineko informazioa emateari ekin dio 21 Zabalguneak

 

Adurtza eta San Kristobaleko auzokoei AGREE birgaikuntza energetikorako proiektuaren gaineko informazioa emateari ekin dio 21 Zabalguneak , bertan zabaldu nahi baita plan garrantzitsu hori.

Zehazki, gutun bat eta proiektuaren xehetasunen berri ematen duen azalpen-liburuxka bat banatuko ditu 21 Zabalguneak, eta datozen asteetan informazio bilerak egingo dira eragindako bizilagunekin.

Izan ere, behar handiena duten auzoak birgaitzearen aldeko apustuari eutsi dio Udalak, eta Gasteizko auzo horietan gutxienez 170 etxebizitzatan (1940 eta 1980 bitartean eraikitako 15-20 eraikin) esku hartzeko helburua du.

Hain zuzen, eraikin horietan antzeman da irisgarritasuna eta isolamendu termikoa hobetzeko ahalegina egitearen beharra; gainera, adineko biztanle ugari dituzte, eta talde hori bereziki sentibera da mugikortasunari eta osasunari dagokienez.

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik nabarmendu duenez, proiektuak ahalbidetuko du “biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta, aldi berean, birgaitzearen merkatua indartzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta eraikinak irisgarri bihurtzea. Orobat, ingurumen-onura handiak lortuko dira, hala nola CO2 isuriak nabarmen murriztea, eta horrek hiria deskarbonizatzen lagunduko du. Proiektu hau bat dator datozen urteetarako diseinatu dugun klimaren aldeko ekintza-estrategiarekin, eta 21 Zabalgunea hiri-birgaitzerako eta -biziberritzerako agentzia gisa sendotzen du”.

Agree proiektu europarrak eraikin tipologia ezberdinetarako proposamen teknikoak edo aurreproiektuak finantzatuko ditu. Ez, ordea, egin beharreko obrak; horretarako, administrazio publikoek unean-unean ematen dituzten laguntzak baliatu ahalko dira.

Azterlan teknikoek eraikinen ezaugarriak kontuan hartu eta esku hartzeko alternatiba edo irtenbide ezberdinak eskainiko dituzte, esaterako, igogailua instalatzea, fatxada birgaitzea eta beste.

Auzokideen erkidegoak lanak egitea erabakiz gero aurre egin beharreko kostuak ere zehaztuko dira.

21 Zabalguneak, berriz, informazioa eta sostengua emango die auzokoei prozesu osoan, eta beharrezko den dokumentazioa biltzen zein laguntza eta lizentzia eskabideak tramitatzen lagunduko, besteak beste.

AGREE europar proiektuan Eusko Jaurlaritzak, Tecnaliak, 21 Zabalguneak, Donostiako Etxegintza enpresa-entitate publikoak, Basauriko Bidebi etxebizitzarako udal sozietateak eta Ihobe ingurumen sozietate publikoak parte hartzen dute, eta bizitegietako energia-eraginkortasunaren arloan 8,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatzea aurreikusten du, Euskal Herriko bizitegien birgaikuntza energetikorako finantziazio-eskariak identifikatzeko, mobilizatzeko eta bideratzeko mekanismo berritzaileak baliatuta.

Liburuxka 

Share

Adurtza eta San Kristobaleko auzokoek AGREE birgaikuntza proiektuari buruzko argibide zehatzak jasoko dituzte, bileren eta informazio-materialaren bidez

Hiriko zona horretako 170 etxebizitza inguru hobetzea proposatzen du planak, hau da, 15-20 eraikin inguru.

 

 Agree aurkezpena

21 Zabalguneak AGREE birgaikuntza energetikorako proiektuari buruzko informazio zehatza emango die Adurtza eta San Kristobal auzoetako bizilagunei, bertan zabaldu nahi baita plan garrantzitsu hori. 21 Zabalguneak argibide-orriak banatuko ditu postontzietan, eta informatzeko bilerak egingo ditu inplikatutako auzokoekin.

Gorka Urtaran alkatearen ustez, funtsezkoa da interesa duten pertsonei jakinaraztea proiektuak “eraikinetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetuko” duela. “AGREE proiektuaren helburua da birgaikuntzaren merkatua sustatzea, eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzea eta irisgarritasun unibertsala lortzea.  Orobat, ingurumen-onura handiak lortuko dira, hala nola CO2 isuriak nabarmen murriztea, eta horrek hiria deskarbonizatzen lagunduko du. Proiektu hau bat dator datozen urteetarako diseinatu dugun klimaren aldeko ekintza-estrategiarekin, eta 21 Zabalgunea hiri-birgaitzerako eta -biziberritzerako agentzia gisa sendotzen du”.

Proiektua ezagutarazi eta horretaz informatzeko xede horrekin, 21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik, sozietate publikoko kudeatzaile Jorge Ozcarizek eta Isabel Pineda arkitektoak ekimenaren berri eman zuten duela gutxi auzogune (auzoko kontseilu) batean. Azaldu zutenez, birgaitze integraleko proiektuak egitea aurreikusten du planak, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna direlarik alderdi nagusiak. Finantziazio-sistema berriak egongo dira, esku hartze mota hauetarako berariazkoak, eta bermatu egingo da bizilagunek prozesuan parte hartzea. Gainera, 21 Zabalguneak une oro lagunduko die auzokoei eraikinak birgaitzeko prozesuan, aipatutako helburuak lortzearren.

AGREE europar proiektuan Eusko Jaurlaritzak, Tecnaliak, 21 Zabalguneak, Donostiako Etxegintza enpresa-entitate publikoak, Basauriko Bidebi etxebizitzarako udal sozietateak eta Ihobe ingurumen sozietate publikoak parte hartzen dute, eta bizitegietako energia-eraginkortasunaren arloan 8,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatzea aurreikusten du, Euskal Herriko bizitegien birgaikuntza energetikorako finantziazio-eskariak identifikatzeko, mobilizatzeko eta bideratzeko mekanismo berritzaileak baliatuta.

Gasteizen, zehazki, 170 etxebizitza (15-20 eraikin) inguru mobilizatzea proposatzen du proiektuak, eta aurreikusitako helburuak 36 hilabeteko epean lortzea. 21 Zabalguneak 83.680 euroko aurrekontua du orotara, eraikin tipologia ezberdinetarako proposamen teknikoak edo aurreproiektuak idazteko.  Azterlanek kostuekin, finantzaketarekin, plangintzarekin eta abarrekin lotutako aukerak barne hartuko dituzte, horrelako jarduerak egiteko interesa duten etxejabeentzat lagungarri izan daitezen erabakiak hartzerakoan.

Adurtza eta San Kristobal auzoak aukeratzeko garaian, 21 Zabalguneak egindako gizarte eta hirigintza alorreko azterlanak zein eremu degradatutzat jotzeko azterlanak hartu ziren kontuan, baita aurretiaz egindako lanak ere, Horizon 2020 europar programaren barruan zein Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera garatutako IEA EBCren proiektuan (“Barruti mailako eraikinak berritzea, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak uztartuz”).

 

Share