Prentsa oharrak

Prentsa Oharren banner

Gasteizek agintaldiko agendaren % 55 gauzatu du, 13 proiektu amaituta eta 73 abian dituelarik

Alkateak estrategia bat proposatu du udalaren aurrezpena eta inbertsio-ahalmena handitzeko, udal zerbitzuen sare iraunkorra eraikitzeko, auzoak eta espazio publikoa zaintzeko eta hiri seguruagoa eta garbiagoa edukitzeko.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Alkateak udal politikari buruzko eztabaida orokorraren lehen saioaren erdia baino gehiago Agenda gasteiztarraren betetze-mailaren berri emateko erabili du; hau da, udal gobernuak 2019-2023ra bitartean martxan jarriko dituen ekimen nagusiak biltzen dituen agintaldiko planaren berri emateko. Programaren xede dira kalitatezko zerbitzu publikoei eustea, ekonomia berde eta lehiakorra garatzea, eta hiriari azpiegiturak ematea, Europan tamaina ertaineko hirien abangoardian egon dadin.

Gorka Urtaranek bere konpromisoen betetze-mailaren berri emateaz gain, estrategia bat proposatu die talde politikoei, udalaren aurrezpen garbia eta inbertsio-ahalmena handitzeko, adinekoak eta ahulak artatzeko udal zerbitzuen sare iraunkorra eraikitzeko, auzoak eta espazio publikoa zaintzeko, eta hiri seguruagoa eta garbiagoa izateko, besteak beste.

 

Agintaldiko konpromisoen erdia baino gehiago beteta

Gorka Urtaranek adierazi duenez, agintaldiaren erdian agendaren % 55 gauzatuta dago; 13 proiektu eginda daude eta beste 73 martxan. Gainera, Agenda gasteiztarra auzoz auzo izan da berriki. 6.610 pertsonak ikusi dute eta 1.658 ekarpen egin dituzte, eta horrek herritarren konpromiso-maila erakusten du.

Alkateak hiriko arlo estrategiko handietan egindako lana azaldu du, eta garatu beharreko erronka zehatzak identifikatu ditu.

Gizarte-ongizateari dagokionez, alkateak esan du “adinekoen taldea lehentasunezko kolektiboetako da. Bakardadea eta isolamendu-egoerak saihesteko adinekoei laguntza emateko udal sarea funtsezkoa izan da, eta funtsezkoa da, adineko guztiak ondo zainduta egon daitezen”. 

Aurreko agintaldian, Piztu zure auzoa programa jarri zen martxan Pilarren, Koroatzean eta Landazurin adinekoen bakardade eta isolamenduari aurre egiteko, eta orain auzo guztietara zabaldu da. Eta aipatutako helburu hori lortzeko zerbitzuek aintzatespena jaso dute estatuan eta autonomia-erkidegoan. “Piztu zure auzoa programak” Pilares Fundazioaren sari nazionala jaso du, eta “Zurekin gaude” programak Euskadi Lagunkoia 2020 saria. Azken honen bitartez, telefono deiak egin zaizkie konfinamenduan bakarrik bizi ziren adinekoei.

Bete den beste konpromisoetakoa da iazko urtearen amaieran San Martin adineko zentro berria (BIZAN) inauguratu zela.

Alkateak Etxean Laguntzeko Zerbitzua ere nabarmendu du mendekotasuna duten adinekoei etxean laguntzeko eta, hartara, komunitatean parte har dezaten errazteko baliabide gisa. “Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren aurrekontua duela sei urte sartu ginenean zuenaren halako sei da ia. 2015ekoa baino sei aldiz handiagoa da ia. Gure adinekoen aldeko apustu garbia. Ekintzak dira, ez hitzak”.

 

Eguneko arreta-zentroetako itxarote-zerrendak desagertzea

Halaber, Gorka Urtaranek gogorazi duenez, eta hartutako konpromisoa betez, udal gobernuak zorroari buruzko dekretuak ezarritako eskumenen berrantolaketa bultzatzea adostu zuen aldundiarekin. Bultzada horri esker, Gasteizek etxebizitza komunitarioetan 25 plaza gehiago ditu eta 40 gehiago eguneko arreta zentroetan, eta horiei Berpizkundearen plazako eguneko arreta-zentroan sortuko direnak gehitu behar zaizkie. Ildo horretan, gobernu-taldearen helburua eguneko arreta-zentroetako itxarote-zerrenda desagertzea dela iragarri du alkateak 

Haur eta Nerabeentzako Tokiko Plana, hau da, egoerarik ahulenean dauden haur eta nerabeei arreta egokia emateko abian jarri beharreko ekintzak jasotzen dituen bide-orria, % 75ean gauzatuta dago 

Agenda gasteiztarraren beste konpromisoetako bat gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonei arreta ematea da. Azken urteotan nabarmen igo da bizitegi-bazterketa bizi duten pertsonen larrialdi-egoerei aurre egiteko etxebizitzen kopurua. Agintaldi honetan, 34 leku izatera igo da. Gainera, 21 Zabalguneko etxebizitzak bizitegi-bazterketa bizi duten familiei alokairuan esleitzeko prozedurari esker, beste 8 etxebizitza gaitzen ari dira, eta guztira 15 etxebizitza izango dira baliagarri.

Berdintasun Planak eta indarkeria matxistari aurre egiteko borroka ere alkateak azaldutako konpromisoetakoak izan dira, hiri plural eta inklusiboa izateko, non identitate eta orientazio guztiek leku izan dezaketen.

Garbiketa eta hondakinen kudeaketa ere izan ditu hizpide, kontrata berriak ekarriko dituen hobekuntzekin. Halaber aipatu ditu hirian segurtasuna hobetzeko emandako pausuak.

Gorka Urtaranek Kultura Sailaren ahalegina ere nabarmendu du, kultura sektorearentzat bereziki zailak izan diren hilabeteetan. Alkateak Kultura Bizia plataformari emandako laguntza gogoratu du,  Iradier Arenan —Euskadiko, Arabako nahiz Gasteizko erakundeekin elkarlanean— kultura-programazio zabala garatzen ari baita horri esker. Hezkuntzaren eta euskararen arloan emandako pausuen berri ere eman du.

 

Udalaren instalazioak eta espazio publikoa berritzea

Azken hamabost urteetan 75 udal eraikin eta instalazio berriri eman zaie alta (gizarte-etxeak, futbol-zelaiak, pilotalekuak, haur-eskolak, enpresa-mintegiak, auzokoentzako lokalak….). Ia denbora tarte berean, urbanizatutako azalera % 40 handitu da, hiria Salburua, Zabalgana eta Aretxabaletarantz hedatu baita. Bi datu adierazgarri horiek kontuan harturik, alkateak azpimarratu egin du  gero eta handiagoa dela erakinak, instalazioak, kaleak eta parkeak onik zaintzeko beharra.

“Ekitaldi honetan 7,2 milioi soberakineko dirua ere baliatu dugu herritarrek gehien eskatzen dituzten elementuak mantentzeko: udal eraikin eta instalazioetako inbertsioak, kaleen asfaltoa berritzea, zuhaitz-inausketak, espazio publikoko argiztapena hobetzea eta pandemiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzea. Aurtengoa apartekoa izan da kudeaketa ekonomiko arduratsuari esker, eta denboran zehar jarraitu beharko luke” azpimarratu du alkateak.

Kirol eta osasun arloko ekintzei dagokienez, Gasteiz Sleep Smart City proiektua eta kirol-instalazioak hobetzeko inbertsio-ahalegina aipatu ditu Gorka Urtaranek.

 

Herritarrek aurkeztutako proiektuak, guztiak eginda edo martxan 

Herritarrek Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren bitartez aurkeztutako proiektuen betetze-mailari dagokionez, alkateak gogorarazi du lehenengo bi edizioetako proiektu guztiak gauzatuta daudela edo gauzatzen ari direla.

 

Zorroztasuna ekonomia-kudeaketan

Alkatearen ustez, XXI. mendeko hiriaren ardatzetako bat da konbinazio harmonikoa izatea industria-aztarna handia duen tokiko ekonomiaren eta ekonomia berdearen aldeko apustua egiten duen hiriaren artean.

“2020. urtea parentesi bat da, guztion osasuna izan baita lehentasuna. Orain, 2021eko udan, indarberritu egin behar dugu: bada baikorra izateko arrazoirik, zuhurtziaz ari gara bizitza-soziala, aisialdia eta kultur jarduerak berreskuratzen. Azken hamabi hilabeteetan, Orain Gasteiz Planaren lehentasunetako bat izan da tokiko ekonomiari, gure industriari, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzea”  gogorarazi du alkateak.

Ekonomia Sustapenerako Sailak 3.81 milioi euroko aparteko funtsa bideratu du ehun ekonomikora, eta enplegua sustatzeko neurrien bitartez, 445 lanpostu sortzen lagundu du pandemia hasi zenetik.

Testuinguru ekonomiko benetan zail batean, diru-sarrera publikoen arloko ziurgabetasun handia eta pandemiari lotutako gastuen igoerarekin, pentsatu dugu ezinbestekoa zela udal gobernu serio eta zorrotza izatea” azaldu du Gorka Urtaranek. Berak azaldu duenez, 2020an 38 milioi euro murriztu dira diru-sarrerak, eta pandemiarekin lotutako gastuak, berriz, 23,12  milioi euro igo dira.

Zailtasun objektibo horiek gorabehera, lortu egin dugu aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betetzea, hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea betetzea  (20,71 egun), zor publiko biziaren gehieneko mailen oso azpitik egotea eta gastu-araua betetzea.

 

Beste erakunde batzuekin hitzarmenak egitea hirira inbertsioak ekartzeko.

Ekonomia kudeaketarekin lotuta, ekintza hauek ere aipatu ditu: Iruzur Fiskalaren kontrako Plana 2021-2023, zeinen bidez hiru urte horietan 10.5 milioi euro lortu nahi diren;  Elkarrekin Podemos taldearekin lortutako aurrekontu-akordioa, hiriko inbertsioak finantzatzea xede udalaren lurzoru-ondarea saltzeko eragiketak zehazteko; hiriburutza kanona, 40 milioi euro lau urtean; foru-kanona, 2,5 milioi euro urtean lurraldean eragina duten inbertsioetarako; eta beste erakunde batzuekin egindako hitzarmenak hirira inbertsioak ekartzeko.

Atal honetan, berriki CONAMAn aurkeztu den Vitoria-Gasteiz Green Deal planarekin ematen ari diren aurrerapenak azpimarratu nahi izan ditu alkateak. “Zientzian oinarritutako plana. Zientziak lagunduko digu pandemiatik ateratzen, eta zientziak emango dizkigu eredu ekonomiko berrian ondo kokatzeko gakoak. Orain, inoiz baino gehiago, munduak eredu ekonomiko iraunkorrago eta “berdeago” baterako trantsizioaren alde egiten du. Europako ekimen nagusiekin bat gatoz eta norabide egokian pausoak ematen ari gara “.

 

 

Share