Prentsa Oharren banner

Mamen Mendizábalek eta Alberto Chicotek sustatuko dute Gasteizko eta Arabako natura eta gastronomia Fiturren

“Más Vale Tarde” saioko aurkezlea eta chefa izango dira hiriburuaren eta lurraldearen enbaxadore berriak.
Maiatzaren 20an jakinarazi da nor izango diren Gasteizen eta Arabaren 2021eko enbaxadore turistiko berriak Fiturren: Mamen Mendizábal eta Alberto Chicote. Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztu dituzte, Euskadiren standean egindako ekitaldi batean. Kazetaria eta chefa “ilusioz beterik” agertu dira lurraldearen eta haren hiriburuaren natura- eta ondare-baliabideak eta gutizia gastronomikoak Espainian ordezkatzeko eta ezagutarazteko aukerarekin.
Badira urteak bi enbaxadoreek Gasteiz eta Araba ezagutzen dituztela, eta haien baliabide turistikoen miresle dira. Mamen Mendizábal kazetaria FesTValera etorri zen 2014an, “Las caras de la noticia” dokumentalen estreinaldia zela eta, eta amaitzeko galan parte hartu zuen. Mendizabal gaurkotasunarekin oso loturik egon da beti, eta mendiaren eta aire zabaleko kirolen zalea da oso. Aurkezleak azpimarratu duenez, “ingurumenaren aldeko bere apustuagatik eta naturarekiko bere errespetuagatik nabarmentzen da Gasteiz”.
Alberto Chicote chef eta aurkezleak, berriz, harreman berezia du Arabako hiriburuko Telebista Jaialdiarekin, eta zenbait alditan hartu du parte horretan. Gogorarazi du Gasteizen aurkeztu zuela lehenengoz gero ospea ekarriko zion saioa: “Pesadilla en la Cocina”. Halaber, aitortu du “sukaldari lagunak dituela hirian” eta Gasteizko pintxo-ibilbideak gomendatu ohi dituela.
Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatu Cristina Gonzálezek FesTVal jaialdiak Gasteiz eta Araba sustatzeko eta ezagutarazteko egiten duen lan “garrantzitsua” nabarmendu dute, lehiaketako zuzendari Joseba Fiestrasek gidatutako ekitaldi batean.
Cantok azpimarratu duenez, “kazetaritzaren eta gastronomiaren bi erreferente aukeratu ditugu: biek gure baliabide turistikoak maite dituzte, eta zabalkunde-lan bikaina egingo dute hemendik aurrera. Gasteizera itzultzera gonbidatzen ditugu, gure kultura-ekitaldiak goza ditzaten, FesTVal barne, zeinak telebistaren hiriburu bihurtzen baitu urtero gure hiria”.
Gonzalezek azpimarratu duenez, “gure lana beti da Arabaren eta bere hiriburuaren alderdi xarmangarriei zabalkundea ematea, hala nola Gatz Haranari, harresiak dituzten hiribilduei eta gastronomiari, eta jendeari horiek ezagutaraztea. Eta, zalantzarik gabe, errazago bihurtzen da helburu hori Alberto Chicote edo Mamen Mendizábal bezalako aurpegi ezagun eta ospetsuei esker”.
Enbaxadore turistikoak aurkezteko ekitaldiak aukera ematen du iritziak trukatzeko eta lurraldea eta haren hiriburua sustatzen laguntzen duten sinergiak bultzatzeko. “El Intermedio” saioko aurkezleetakoa den Sandra Sabatésen eta Jesús Álvarez kirol-kazetariaren lekukoa hartu dute Mendizábalek eta Chicotek.
Share