Prentsa Oharren banner

Herritarren eskari nagusiei erantzutea xede duen aparteko inbertsio-plana aurkeztu du udal gobernuak

  • 7,2 milioi euro baliatuko dira espazio publikoa eta udal instalazioak mantendu eta hobetzeko
  • 2,7 milioi euro hiriko galtzadetako asfaltoa hobetzeko izango dira; besteak beste, Mendizabaleko aparkalekuko zoladura osoa berrituko da
  • Beste 2 milioi euro inguru gizarte-etxeak, ikastetxeak, kiroldegiak eta udal eraikinak hobetzeko hainbat neurri bideratzeko izango dira

Gorka Urtaran audioa

Dagoeneko erabaki da zertarako baliatuko den 2020ko aurrekontuaren emaitzaren saldo positiboa. Hain zuzen ere, Urtaranen gobernuak herritarren eskari nagusiei erantzuteko taxutu duen aparteko inbertsio-planean erabiliko dira. Horretarako, bi lan-eremu nagusi finkatu dira, espazio publikoa eta udal instalazioak, eta hainbat mantentze- eta hobekuntza-lan egingo dira bertan. Horrez gain, atal berezi bat izango da, pandemiak eragindako sektoreei laguntzeko. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eman ditu aparteko funts ekonomiko horren inguruko xehetasunak, lehen alkateorde Maider Etxebarriarekin eta alkateorde eta Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubairekin batera.

“Ez diegu inbertsio berriei ekingo, baizik eta lehendik ditugunak hobetu, eta, horretarako, herritarrek hainbat bidetatik helarazten dizkiguten lehentasunetan oinarritu gara. Pertsonen eguneroko bizitzan eragiten duten kontuak jo ditugu begiz, horien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko. Hori da hiria egiteko gure modua, guztiongan pentsatuz, herritarrei entzunez, gero udal baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiltzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Orobat azaldu du zein diren plana posible egin duten hiru faktoreak: zorroztasuna, efikazia eta eraginkortasuna, baliabide publikoen kudeaketan. 2020ko aurrekontuetan izandako soberakina, nagusiki, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren bitartez Udalari egin zaion ekarpenari zor zaio batetik, eta bestetik, eta batez ere, pandemiak sortutako krisiaren hasieran udal gobernuak gastua kontrolatzeko abian jarri zituen neurri zorrotzei. “Hala jokatu izan ez bagenu, kontrako egoeran geundeke orain. 2020ko zorrak konpentsatzeko baliatu beharko genituzke 2021eko baliabideak”, gehitu du.

Aparteko inbertsio-planeko 7,2 milioi euroak zertarako baliatuko diren erabakitzeko, herritarrei modu aktiboan entzuteko udal ekosistema baliatu da, hau da, herritarren postontzia, webguneko “Alkateak entzuten dizu” atala, udal soziometroa eta herritarren partaidetza-organoen bitartez, hots, auzogune eta elkarguneen bitartez, jasotako ekarpenak. Jasotako eskaera guztiak gaika sailkatuz gero, hau da emaitza: % 67 bost multzotan biltzen dira, zein baitira udal eraikin eta instalazioetako inbertsioak, galtzadetako asfaltoaren konponketa —beharrezko den kaleetan—, zuhaitzak inausteko jarduketak, espazio publikoko argiteriako hobekuntzak eta pandemiak eragindako sektoreentzako laguntza.

Eraikin eta instalazioetako inbertsioak

Sozialisten esku dauden sailetatik udal ekipamenduak hobetzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurriak garatzeko, administrazio elektronikoan aurrera egiteko eta kulturari laguntzeko egingo den ahalegin handia nabarmendu du Maider Etxebarriak.

Horretan guztian, 2,8 milioi euro inguru inbertituko dira. Besteak beste, kamerinoak eraikiko dira Europa jauregian, “Principal antzokiaren alternatiba izan dadin, hura eraberritzen hasten garenerako. Ehundik gora urte dituen antzokiko kultur jarduera hartuko duten agertokiak behar ditugu, eta Europa jauregia, Iradier Arenarekin eta Udalaren antzoki-sarearekin batera, aukera bikaina izango da, antzerki-konpainiek Gasteiza etortzen jarri dezaten”. 130.000 euro erreserbatu dira kamerinoak egiteko.

Handiagoa izango da Mendizorrotzeko udal-igerilekuetako eraikin soziala eraberritzeko baliatuko den partida, 550.000 euro inbertituko baititu bertan Mantentze Zerbitzuak, gehien bat irisgarritasuna hobetzeko obrak egiten. Era berean, 500.000 euro baliatuko dira Gamarrako kirol esparruko eraikina berritzeko.

Beste 376.000 euro ikastetxeetan pintatze-lanak egiteko, argiteria hobetzeko eta ekipamendu berriak jartzeko izango dira. Sansomendi eta Txagorritxun, berriz, 60.000 euro inbertituko dira bi osasun-parke eraikitzen, “adinekoek aukera izan dezaten ariketa egiteko eta aktibo mantentzeko, beren ongizate pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzeko”, azaldu du Maider Etxebarriak.

Administrazio elektronikoaren hobekuntzan aurrera egiteko aukera emango duten neurrietan ere inbertsio nabarmena egingo da (250.000 euro), baita hirian jarduera ekonomikoa bultzatzeko ekintzetan ere (258.600 euro). Hezkuntza eta Kultura Sailak, berriz, 40.000 euro bideratuko ditu Kultura Bizia hitzarmenera, eta 73.000 euro baliatuko udal liburutegietarako bibliografia-funts berriak erosteko. Liburu-denda lokaletan gastatuko da kopuru hori, eta 2020ko aurrekontuetan jasotako 90.000 euroko partidari gehituko zaio.

Galtzadetako asfaltoa berritzea

Iñaki Gurtubai alkateordeak zehaztu ditu inbertsio-planeko gainerako atalak, espazio publikoari dagozkion kontuen ingurukoak. Nabarmentzeko da asfaltoa hobetzeko egingo diren inbertsioen blokea, guztira 2.724.000 euro. Gasteizko kaleetako zoladura konpontzeko azken agintaldietan egin den kanpainarik handienari ekiteko aukera emango du, autobus elektriko adimentsuaren ibilbide osoan lehendik egiten ari diren lanez gain. Aurreikusitako jardueren artean, nabarmentzekoa da Mendizabaleko aparkaleku osoan berrituko dela asfaltoa, guztira 25.000 m2tik gorako azalera.

Zuhaitz-inausketak

Hiriko zuhaitzak onik zaintzeko lanekin du zerikusia hirugarren blokeak. Hiriko inausketak hobetzeko 500.000 euroko inbertsioa aurreikusi da. 2021eko aurrekontuan auzoetako zuhaitzak kudeatzeko planerako lehendik zegoen 300.000 euroko kopuruari gehitu zaio hori, eta zuhaiztien gida-planeko 50.000 euroei.

Argiteria hobetzea

Laugarren multzoa, zenbatekoari dagokionez, argiteriaren hobekuntzari dagokio, 300.000 euro baliatuko baitira horretarako. Diru-kopuru hori ez da izango orain arteko luminarien ordez LED lanparak jartzeko, 150.000 euroko berariazko aurrekontu-partida baitago horretarako, ezpada argitasun gehiago emateko, beharrezko gertatzen den lekuetan.

Sektore ekonomikoei laguntzea

Herritarren eskari nagusiak aintzat hartzeaz gain, pandemiak eragindako krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntza ekonomikoa emateko erreserbatuko da funtsaren parte bat. Hain zuzen ere, 800.000 euro ostalaritzari eta jatetxeei emango zaizkien hobari fiskalak —mahaitxoen tasa eta zabor-tasa ordaintzetik salbuetsiz— berdintzeko izango dira. “Azken urtean egoera oso zailari aurre egiten ari diren mila bat negozio izango dira neurri horren onuradun”, adierazi du Iñaki Gurtubaik. Gorago aipatutako jarduera ekonomikoa sustatzeko 268.000 euroak gehitu behar zaizkio kopuru horri, eta kulturaren sektoreari laguntzeko 113.000 euroak.

 

 

Share