Prentsa Oharren banner

Atariak Euskal Herriaren ikuspegi ezberdina proposatzen digu intsektuen bidez

Arantza Eziolaza ilustratzaileak “Euskal Herriko historia garraiolariak eta ibiltariak” erakusketa inauguratu du Atarian.

 

Arantza EziolazakHistoria garraiolariak” bere obra eskaintzen digu Atarian, eta ekainaren 20ra arte egongo da ikusgai. Erakusketan, intsektuen siluetak erabili ditu gure ohiturak eta kultura kontatzeko, baita Euskal Herriko zenbait toki garrantzitsu erakusteko ere. Horretaz gain, haien gorputzen zenbait atal marraztu ditu, haien testura bereizgarriak erakusteko.

Halaber, erakusketak badu bigarren atal bat, “Ibiltariak” izenekoa: horretan, “gure” intsektuak gizatiartu, eta, hala, bizitzan zehar dabiltzan benetako ibiltari bihurtu ditu. Horrekin, omenaldia egin nahi izan dio Antonio Machado poeta ospetsuaren poemarik ezagunenetako bati.

Animalia horiek planetako izaki bizidunen % 90 baino gehiago dira, guztira (200 bat milioi intsektu pertsona bakoitzeko); orain dela 550 milioi urte baino gehiagotik daude gure artean, eta posible egin dute gaur ezagutzen dugun bezala izatea bizia. Beraz, gure errespetu osoa merezi du haien kontserbazioak.

Historia pixka bat

Gure historiarik antzinakoen eta borrokalarienaren irudi batek ematen dio hasiera kontakizunari, eta Anthaxia scutellaris “bitxi-kakalardoa” ezin egokiagoa da Euskal Herriko sinbolo eta kondairetako batzuk kontatzeko. Bitxiloreetan eta beste unbelifero batzuetan (perrexila, anis-belarra, ezamihilua…) bizi da, eta arreta handiz begiratu beharra dago bera naturan ikusteko, ñimiñoa baita (5-6 mm luze). Garraiolari honek Gernikako Batzar Etxearen irudiak dakarzkigu: hura 1937ko apirilaren 26an bonbardatu izanak eman zion inspirazioa Pablo Picassori historiako margolanik ospetsuenetako bat sortzeko.

Amaiurko monolitoa ere ageri da kakalardo honen barnean. Monolitoa dagoen tokian, lehen Amaiurko gaztelua zegoen, Nafarroaren defentsaren azken gotorlekuetako bat Gaztelako Koroaren konkistaren aurka (XVI. mendea). Errolan, berriz, bere izena duen “Kantuaren” protagonista da; Orreagako gudukari buruzkoa, ezagutzen den gesta-kantarik zaharrena da, seguruenik. Beste zenbait ikono ageri dira: Arrano Beltza (zeina Antso VII.ak zigilu pertsonala baitzuen), lauburua, eguzki-lorea eta argizaiola, besteak beste.

Euskal Herriko zazpi hiriburuak

Aurkezpen horren ondoren, Arantza Eziolazaren obrak Euskal Herriko zazpi hiriburuak erakusten dizkigu intsektu banaren bidez: Longitarsus melanocephalus urre-koloreko kakalardoa Donostiaren garraiolaria da; Lucanus cervus Europako kakalardorik handienak Maule garraiatzen du, Zuberoako hiriburua; Pyrrhocoris apterus malben izerdiaz elikatzen den zimitzak Baiona irudikatzen du; Psylliodes napi-k metal-tonuak dituen intsektuak Bilboko Guggenheim museoaren fatxadak garraiatzen ditu lepoan;  Anaglyptus mysticus urritzen, pagoen, astigarren, intsusen eta abarren hostoez elikatzen da, eta Gasteiz irudikatzen du; Albana m-griseum otaberaz elikatzen da, eta Iruñearen irudia dakar; eta Neocrepidodera ferruginea urre-koloreko distiraduna, gramineoz eta bitxilorez elikatzen da, eta Donibane-Garaziren garraiolaria da.

Erakusketa Euskal Herriaren etengabeko alegoria da: euskal kirolak (esku-pilota, estropadak, sokatira, herri-kirolak, eta abar), mus jokoa, musika-tresnak… erakusten dizkigu. Halaber, ondo antolatutako ibilbide batean, kultura gastronomikora eroaten gaitu, zer jan eta edaten dugun, zer ekoizten dugun berezi eta ezberdin, edo zer delicatessen ekoizten diren gure herrietan.

 

Share