Prentsa Oharren banner

Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarra egingo da Zabalganen

Ekainaren 17tik 20ra izango da eta 20 jarduera inguru antolatuko dira herritar guztientzat

 

Zabalgana Batuz auzo elkarteak Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarra antolatu du; ekimen berri horrek auzoko Mariturriko sektoreko aztarnategiaren garrantzia nabarmendu nahi du, eta, bide batez, herritar guztientzako jarduera kultural eta sozial bat sortu. Ekainaren 17tik 20ra.

Ekimenaren aurkezpenean izan dira Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Canto, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua, eta Zabalgana Batuz arduradun Alain Larreina.

“Ekimen honen bidez, Armentumeko Aztarnategia ezagutzera eman nahi dugu, ondare-balio handia duelako, bai eta kokatuta dagoen gunea sozialki suspertu ere. Erromatarrek aztarna garrantzitsua utzi zuten gure hirian, eta Historian erabakigarria izan den zibilizazio horren handitasuna eta jakintza zabaltzeko aukera ematen digu”, adierazi du Hezkuntza eta Kulturako zinegotziak.

Alain Larreinak, berriz, Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarraren egitarauaren xehetasun batzuk aurreratu ditu; iragarri duenez, hogei bat hitzordu izango ditu, eta “era askotako jarduerak egingo dira herritar guztientzat, tokiaren historia ezagutarazteko: antzerkia, dantza, musika, lantegi didaktikoak, erromatar bizitzaren antzezpenak eta hainbat sorpresa…”

 Larreinak Paquita Sáenz de Urturi arkeologoaren parte hartzea nabarmendu eta eskertu du; izan ere, Sáenz de Urturi indusketa proiektuaren egilea da eta hitzaldi bat eta gunearen bisita gidatu bat egingo ditu ekainaren 20an.

Adituak Armentum-Mariturri parkearen sekretuetan sakonduko du, zeinak oso ondo lortu duen arkeologia aztarnategia hiri- eta etxebizitza-ingurune berri batean integratzea eta musealizatzea.

Hauxe da jardueren egitaraua:

Ekainak 17-18 

Erakusketa ibiltaria Mariturriko saltoki eta eskoletan.

Ekainak 19, goizean

  • 11:00 Informazio-panelen erakusketa: iraunkorra
  • 11:00 Familientzako lantegiak
  • 12:00 Kirola Erromatarren garaian
  • 12:00 Enperadorearen altxorraren bila
  • 12:00 Ipuin kontalaria: Mari Mariturrira doa bisitan
  • 13:00 Dantza

Ekainak 19, arratsaldean:

  • 17:00 Erromatar bizitza birsortzea
  • 17:00 Familientzako lantegiak
  • 18:00 Antzezpena: Mariturriko kondaira
  • 20:00 Kontzertua historiarekin

Ekainak 20, goizean:

  • 11:00 Erromatar bizitza birsortzea
  • 11:00 Familientzako lantegiak: Erromako mapa / Mariturriko maketa
  • 12:00 Enperadorearen altxorraren bila
  • 12:00 Antzezpena: Mariturriko kondaira
  • 12:00 Sketchinga Mariturrin
  • 12:00 Hamaiketakoa La Vitorianaren kontura
  • 13:00 Arkeologia hitzaldia: Paquita Sáenz de Urturi

Armentumeko I. Kultur Aste Erromatarra Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiko Arkeologia Sailaren, Arabako Arkeologia Institutuaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatu da.

 

Bideoa ikusi 

 

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

Share