Prentsa Oharren banner

Hiru urtetik beherakoek tabletak eta mugikorrak erabiltzeari buruzko bi hitzaldi antolatu ditu Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak

 

Hitzaldiak Aldabeko eta Salburuko gizarte-etxeetan izango dira 

Datorren astean, 3 urtetik beherakoek pantailak erabiltzeari buruzko hitzaldiak izango dira Aldabeko eta Salburuko gizarte-etxeetan, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatuta. Horren bitartez familiei lagundu egin nahi zaie, haurtxoek gailu elektronikoekin duten harremanari “modu osasungarrian” aurre egin diezaioten.

Teknologia berriak gizarte osora hedatu dira azken urteetan, eta ia ume guztiek dute eskura. Egoerak kezka sortzen du tablet eta mugikorren erabilera desegokiak haurren bizitzako lehen urteetan izan ditzakeen eragin eta ondorioak direla eta. Ildo horretan, 3 urtetik beherakoek gailu elektronikoak inolaz ere ez erabiltzea gomendatzen dute hainbat ikerketa eta azterlan zientifikok.

“Pantailekiko harremana oso kaltegarria izan daiteke eta mendekotasuna sortu. Horren ondorioz, autokontrol-gaitasunak eskuratu behar dira gailu horien erabilera erregulatzeko. Horrela egin ezean, arreta-defizita, ikasteko zailtasunak edo emozioak erregulatzeko arazoak izateko arriskua dago. Aro digitalean hezteko gai izan behar dugu” ohartarazi du Haurtzaro eta Senitarteko zinegotzi Jon Armentiak.

Gai horiek guztiak izango dira hizpide ekainaren batean (asteartea) Aldabeko gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan, eta ekainaren 2an, Salburuko gizarte-etxekoan. Azken hau euskaraz izango da. 17:30ean hasiko dira, eta bertaratzeko aldez aurretik izena eman beharra dago, 010 telefonoan edo udalaren webgunean.

 

Prebentzio-tresnak

2019an, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak bi tresna jarri zituen familien eskura, pantailen erabilera okerrari eta horren ondorioei aurre egiteko.  Batetik, dibulgazio-bideo bat egin zen, eta, bestetik, “Amaita, bideo-jokorik onena zarete” gida argitaratu zen, guraso eta hezitzaileei aholkuak emateko.

Share