Prentsa Oharren banner

Gasteizeki bat egingo du Ponle Freno lasterketa solidarioarekin, hartara trafiko-istripuen biktimak babestuko dituelarik

Beste behin ere, Gasteizek Ponle Freno herri-ekimena hartuko du, hots, bide-segurtasuna sustatzen eta trafiko-istripuko biktimak babesten dituen lasterketa solidarioa.

Aurten, eta pandemia tarteko, kirol-jarduera birtuala izango da. Horrenbestez, parte hartu nahi dutenek partaide guztien geolokalizazioa eta sinkronizazioa ahalbideko duen Ponle Freno Virtual aplikazioa baliatu beharko dute.

Lasterketa estatuko 10 hiritan egingo da aldi berean, bi egunez: ekainaren 19aren (larunbata) goizeko 06:00etatik ekainaren 20aren (igandea) 23:00ak arte. Tarte horretan, partaideek hautatu duten distantzia egin beharko dute (5 edo 10 kilometro), eta aplikazioaren bitartez emaitza igo beharko dute gero. Hartara, partaide bakoitzaren mugikorrak izango dira euren chipak.

Ekimenaren xehetasunak azaldu ditu gaur goizean Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek, Foru plazan egin den aurkezpen ekitaldian, alboan zituela lasterketaren komunikazio-zuzendari Natalia Rico eta Axa Fundazioaren zuzendari nagusi Josep Alfonso.

Gutiérrezek esker ona adierazi die antolatzaileei, “beste behin ere Gasteizen konfiantza jarri duzuelako ekimen hau egiteko. Aintzat hartzekoa da osagai hezigarri eta elkartasunezko oso nabarmenak dituela, hala baita trafiko-istripuen prebentzioa. Irakasten, prebenitzen eta kontzientziatzen badugu urrats sendo eta seguruak ematen ariko gara kale eta errepideak seguruagoak izan daitezen. Udaltzaingoan bide publikoaren erabiltzaileen arteko bizikidetza hobetzeko lanean dihardugu. Eta horrek bizitzak salbatzen ditu”.

Share

Ikasleentzako bide-segurtasunaren gaineko marrazki-lehiaketako sariak banatu ditu Udaltzaingoak

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ehunka ikaslek parte hartu dute “Seguru bizi” lehiaketan

Isabela Escobar —Hogar San José ikastetxekoa—, Naroa Fernández de Mendia —Korazonisten ikastetxekoa— eta Giorgi Kurasbediani —San Martin ikastetxekoa— izan dira Udaltzaingoak urtero antolatu ohi duen “Seguru bizi” marrazki-lehiaketako lehen, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartzen dute lehiaketan, zeinen helburua baita bide-hezkuntza sustatzea eta bide-segurtasuna eta bide publikoko erabiltzaileen arteko bizikidetza ona bultzatzen duten arauak betetzeko beharraz kontzientziatzea ikasleak.

Bizikleta bat, diploma bat eta ziklista-kit bat —kaskoa, argiak eta txirrina— jaso dute saritzat irabazleek. Beste 25 ikasleren lana ere saritu da, eta horiek ere jaso dute diploma eta ziklista-kita. Goiuri jauregian izan da sari-banaketa, Gorka Urtaran alkatea eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrez bertan zirela.

Bide-hezkuntzako urteko egutegia argitaratuko du Udaltzaingoak saritutako 12 marrazki onenekin.

Lehen saria

Bigarren saria

 

Hirugarren saria

 

Share