Prentsa Oharren banner

Gasteizek turismo plan bat landu du helmuga iraunkor izateko estrategia indartzeko

 

Ekonomia Sustapenaren Sailak Eraztun Berdean eta Erdi Aroko hirigunean jarduerak egitea aurreikusi du, baita seinaleztapen inteligenterako ekintzak ere, eta horretarako europar funtsak lortzen saiatuko da 

 

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak Helmugan Turismo Iraunkortasuna sustatzeko Plan bat idatzi du, Arabako hiriburuak iraunkortasunaren erreferente gisa duen lekua indartzeko asmoz. Estrategiak zenbait hobekuntza planteatzen ditu, hiriaren erakargarri turistikoetako birekin lotuta: Eraztun Berdea eta Erdi Aroko hirigunea; ia 4 milioi euroan balioetsiko ekintzak dira, eta 2024 baino lehen gauzatzea da asmoa. Herritarren Partaidetzaren Sailak eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak lagundu dute plana lantzen, eta horretarako europar funtsen finantzaketa lortzen saiatuko da Udala. Zehazki, sektore turistikorako laguntzak emateko aparteko deialdi batera aurkeztu da proposamena.

Proposatutako ekintzak lau ardatzetan banatzen dira. Lehenak, trantsizio berde eta iraunkorrarekin lotutakoak, Olarizuko parke botanikoa hobetzea aurreikusten du, paisaian esku hartuz eta landarezko labirinto bat osatuz. Bigarren ardatzak energia-eraginkortasunari erreparatuko dio: Eraztun Berdeko konektagarritasuna hobetzea eta udaletxeko El Palmeral begiratokia leheneratzeko; Mateo Moraza kalearen eta Andre Maria Zuriaren plazaren arteko kantoian dago hori.

Hirugarren ardatzak trantsizio digitalarekin lotutako ekintzak barne hartzen ditu, besteak beste, QR kodeen bidezko seinaleztapena eta komunikazio-ekintzak. Laugarren ardatzak, azkenik, lehiakortasuna sustatu nahi du, Erdi Aroko hiriguneko azpiegitura berdea hobetuz; horretarako, Udalak kontratatu berri du esku-hartze bat, auzokideen partaidetza-prozesu bat egin ondoren: Goiuriko plaza eta Etxanobetarren etxeko lorategiak eraberritzea.

 

Share

Erdi Aroko hirigunearen goialdea oinezkoentzako alderdi bihurtzen delarik, herritarren arteko bizikidetza eta topaketarako espazio seguruak sortuko dira

 

Aste honetatik aurrera, Erdi Aroko hirigunearen goiko aldea oinezkoentzat izango da. Seguruago, pertsonekiko abegikorrago eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorrago bihurtuko dute asteazkenerako aurreikusita dauden trafiko-aldaketa berriek Gasteizko zona enblematiko eta ikoniko hori. Udalak, auzotarrek eta eragile sozial eta ekonomikoek hirigune historikoaren jarduera integralerako landu duten estrategiaren parte da ekimena. Joan den apirilean, 12 hilabetetan 24 ekintza martxan jarriko zituela iragarri zuen Gorka Urtaran alkateak Aldabeko auzogunean. Horietako bat, hain zuzen ere, Erdi Aroko hirigunean oinezkoentzako uharte hori sortzea zen.

Zirkulazioaren sarbidea itxi egingo da Santa Ana kantoian, Eskola kalearen parean, eta Frai Zacarias kalean, Santa Maria plazako sarreran. Santa Maria kalearen itxierari —Falerinaren parean— gehituko zaizkio ekintza horiek. Gainera, Frai Zacarias kaletik Jauregi kalerako eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kalerako sarbideetan zirkulazioa debekatuko da. Santa Maria plaza ibilgailu motordunen inbasiotik babesteko, Pulmonien kantoiaren noranzkoa aldatuko da, hartara hura trafikotik libratuko.

Kale horiek oinezkoentzako kale bihurtzen direlarik, kendu egingo dira Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kaleko, Pulmonien kantoiko eta Eskola kaleko aparkalekuak. Santa Ana kantoiko aparkalekuak kendu egingo dira, ez baitute oinezkoentzako tarteak inbaditzea saihesteko aukera eman lezakeen irteerarik. Santa Maria kantoian dauden aparkalekuetarako sarbidea Txikita kaletik egin beharko da, eta atera, berriz, Bilbo plazatik edo Antepara kaletik.

“Orain arte, hainbat arrazoirengatik sartzen ziren ibilgailuak auzora, egoiliarren ezinbesteko beharrez gain: dendak eta ostalaritza hornitzeko, aparkalekua bilatzeko eta hiriaren alde batetik bestera igarotzeko bideen bila. Muinoaren goiko aldea eta bertako elementu erakargarrienen ingurua ibilgailuetatik libratzea da proiektu honen helburua, eta elkarbizitza- eta topaketa-leku seguruak bultzatzea”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. “Oinezkoentzako hiria dugu helburu, hiri iraunkorra, abegikorra eta segurua. Eta horren adibide izan behar du Erdi Aroko hiriguneak”.

Erdi Aroko hirigunearen ezaugarriek —kale estuak eta espazio libre gutxi— joan-etorriak egiteko modu desberdinen arteko bizikidetza eragozten zuten, baita gizarte-harremanak eta aisialdia lasaitasun- eta kalitate-baldintza egokietan egiteko espazio libreak lortzeko aukera ere.

Azken aste hauetan, Erdi Aroko hirigunean kargatu eta deskargatzeko ordutegiak ere aldatu ditu Udalak; hain zuzen ere, aurreratu, hartara ostalaritza errazteko. Auzokoei, eragile sozialei eta neurriek eragingo dieten eragile ekonomikoei azalpenak emateaz gain, haiekin adostu du jarduera Udalak. Nolanahi ere, hobetu daitekeen edozein egoera detektatuz gero, aldaketa txikiak egin ahal izango dira. Gainera, Erdi Aroko hirigunearen inguruan zenbait aparkaleku espres sortzea adostu da merkatarien kolektiboarekin, haien jarduera errazteko.

Share

Erdi Aroko hiriguneko berdeguneak areagotzeko azterlan bat enkargatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak

Berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udala —auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera— gaur egun lantzen ari den Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

 

Laguntza teknikoa kontratatzea onetsi du gaur Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kontseiluak, Erdi Aroko hirigunearen naturalizazioan aurrera egiteko, esku hartzea bideragarria den bide publikoko eta ondare eraiki publiko nahiz pribatuko espazioak identifikatuko dituen eta bertan azpiegitura berdeen arloko esku-hartzeak planteatuko dituen lan baten bitartez. Hainbat jarduketa izan litezke posible, hala nola zuhaitzak eta igokariak landatzea, lorategiak eta loreontziak jartzea, besteak beste.

2004. urtean Gasteizko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia onetsi zenetik, esku-hartze ugari egin dira hiriko natura eta berdeguneak bultzatzeko. “Jarduketa horiei esker, hiriko biodibertsitatea eta horri lotutako ekosistema-onurak handitzea lortzen ari gara: airearen kalitatea hobetzea, klima-erosotasuna, euri-uraren iragazketa areagotzea eta abar. Bertako hirigintza-taxuera berezia dela eta, biztanle bakoitzeko espazio berdeen ratiorik txikiena duen auzoetako bat da Erdi Aroko hirigunea, eta, horregatik, lorategi-eremu txikiek eta beste elementu berde batzuek garrantzi handia dute”, azaldu du IGIko lehendakari Ana Oregik. Hain zuzen ere, berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udalak, auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera, gaur egun lanean diharduen Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

Espazioak eta jarduketak proposatu aurretik, azpiegitura-sareekin, trafikoarekin, eraikitako ondarearekin, hirigintza-bilbearekin, jabetzarekin, zuhaiztiekin eta berdeguneekin lotutako baldintzatzaile fisiko eta legalak aztertuko dira.  Era berean, planteatutako esku-hartzeen onarpen soziala eta horiek garatzeko eta mantentzeko herritarren inplikazio- eta partaidetza-maila hartuko dira kontuan, arrakasta bermatzeko faktore gisa.

Espazioen eta esku-hartzeen hainbat katalogo egingo dira —espazio eta esku-hartze bakoitzeko planoak, zirriborroak eta azalpen-txosten bana—, eta kudeaketa- eta mantentze-beharrak zehaztuko, baita aktore lokalen jarrera eta inplikazio-maila ere.

Azterketarekin batera, auzoa naturalizatzeko egokienak diren landare-espezieen katalogo bat aurkeztuko da, haien mantentze-lanen, etorkizuneko garapenaren eta horrek dakartzan ekosistema-onuren arabera. Halaber, azpiegitura berdearen kudeaketa partekatzeko proposamen bat egingo da.

  1. urtearen hasieran azterlana prest egotea aurreikusten da.
Share

Erdi Aroko hiriguneko eta Mateo Moraza eta San Antonio kaletako zamalanetarako ordutegia aldatu delarik, 11:30etatik jarri ahal izango dituzte terrazak ostalaritza-establezimenduek

Erdi Aroko hiriguneko eta Mateo Moraza eta San Antonio kaleetako zamalanetarako ordutegia aldatzea onetsi du Udalak. Gaurtik aurrera, 11:00etan bukatuko dira banaketa-enpresen lanak. Inplikatutako alde guztien jarrera onari esker izan da posible aldaketa hori, eta zona horietako ostalaritza-establezimenduei aukera emango die 11:30etik aurrera terrazak jartzeko.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok sinatu du zamalanetarako ordutegia aldatzeko ebazpena. Gainera, inguru horietako seinaleetan idatzitako ordutegia aldatu du Udalak. Araudi berriaren helburua da ostalaritza-negozioei aukera ematea 11:30etik aurrera jar ditzaten terrazak; izan ere, 13:30etik aurrera baino ezin zuten egin orain arte. Kontuan izan da hain zuzen ere terraza horiek direla establezimendu horiek diru-sarrerak lortzeko duten modu bakarra, Covid-19aren pandemiaren ondorioz lokalen barruan funtzionatzerik ez dutenez.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta hainbat kolektiboren artean —Gasteizen On, banatzaileak, SOS Ostalaritza eta ostalaritza-elkarteak— izandako negoziazioetan lortutako adostasunaren fruitu izan da erabakia.

Share

VGBiziz sareko lonja berria estreinatu da Erdi Aroko hirigunean

Hedegile kaleko 76.ean egongo da, eta 30 leku izango ditu

 

Bizikletentzako aparkaleku seguruak sustatzeko estrategiarekin jarraitzen du Gasteizko Udalak —Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin batera—, VGBiziz sarea hedatuz. Ildo horretatik, bizikletak gordetzeko lonja berria zabaldu da Hedegile kalean, hirian lehendik zeudenei gehituko baitzaie —autobus-geltokian, postetxean, Mendizorrotzan, Arabako campusean, Santiago Ospitalean, Aranan, Adurtzan, Ariznabarran eta Santa Barbarako aparkalekuan—.

Erdi Aroko hiriguneko horrelako lehen azpiegitura izango da Hedegile kalekoa, eta lehenengo aldia da, halaber, Udalak erabilera horretarako udal-lonja bat birgaitzen duela. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, 36.000 eurotik gora inbertitu du Udalak lonja egokitzen. 21 Zabalguneak laga du lokala, bere jabetzako espazioak edukiz hornitzeko estrategiaren barruan.

“VGBiziz sarea funtsezko zerbitzua da mugikortasun-eredu berri bat sustatzeko, joan-etorri aktiboak eta kolektiboak lehenetsiz, banakakoen eta motorizatuen aurretik”, adierazi du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. Dagoeneko 2.760 pertsona baino gehiagok erabiltzen dute zerbitzua Gasteizen.

Hedegile kaleko 76.ean dago lokal berria, eta 30 bizikletarentzako lekua du; guztira, 67 metro koadro. Bi leku zama-ibilgailuentzat dira. Gainera, bizikleta elektrikoak kargatzeko bost gune jarri dira. Ohi bezala, aplikazio bat baliatuz sar daiteke bertara, aldez aurretik abonamendua kontratatuta. VGBiziz sareari buruzko informazio guztia esteka honetan dago eskuragarri:

Energiaren Euskal Erakundearen finantzaketa izan dute Hedegile kaleko lokala egokitzeko lanek, eta Europako Park4SUMP eta CityChangerCargoBike proiektuen esparruan dihardu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak VGBiziz sartea hobetzeko lanean.

 

 

Share

Gasteizek 68.600 euroko laguntza emango du Erdi Aroko hiriguneko merkataritza dinamizatzeko

Gasteizko udal gobernuak  FEDASOC Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza eta Zerbitzu Elkarteen Federazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur,  hiriko Alde Zaharrean merkataritza sustatzeko jarduera-programa bat garatzeko, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren ildotik. Hitzarmena sinatuz, Udalak 68.600 euroko laguntza ekonomikoa aktibatu du, promozionatzeko eta irudia hobetzeko jarduerak egin ditzaten.

Dirulaguntzaren zati bat, 51.000 euro, Eguberrietako kanpainan zenbait jarduera antolatzeko erabiliko da. Gainerakoa, 25.500 euro, Almendrako Azoka sustatu eta antolatzeko izango da; ekimen hori dagoeneko sendotuta dago, 2004az geroztik egiten baita hileko lehen larunbatetan.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, hitzarmena “funtsezkoa da FEDASOC elkartearentzat, oso urte zaila izan baita. Hiriko merkataritzak inoiz baino gehiago behar gaitu, eta erakundeok sektoreari laguntzeko neurriak hartzeko betebeharra dugu; dena dela, nabarmendu nahi dut herritarrek ere funtsezko zeregina dutela profesional horiei laguntzeko. Gasteizko Udaletik bertako merkataritzan kontsumitzeko eskatzen dugu. Betikoan, bizi guztikoan”.

Share