Prentsa Oharren banner

Eremu sozio-sanitarioko beste hiru hitzarmen onetsi dira

 

Minbiziak, esklerosi anizkoitzak, arreta-defizitak eta hiperaktibitateak eragindako pertsonei eskaintzen zaien arreta hobetzeko aukera emango duten beste hiru hitzarmen onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak. Horrenbestez, 18 dira, dagoeneko, 2021eko aurrekontua indarrean jarri zenez geroztik osasun publikoaren esparruan onetsitako hitzarmenak. Gaurko onetsitako hiruren bitartez, 25.000 euro inguruko laguntza ekonomikoa emango du Udalak, aurreikusitako programetarako.

Gasteiztarren artean minbizia prebenitzeko programak garatzeko AECC Minbiziaren kontrako Espainiako elkartearekin sinatuko dena da hitzarmenetako bat. 14.167,80 euroko dirulaguntza emango zaio, minbiziaren inguruko zabalkunde- eta prebentzio-kanpainak egiteko. Tabakismoaren kontrako berariazko ekintzak ere aurreikusten dira, eta beste hainbat programa osagarri.

ANADAHI arreta-defizita, hiperaktibitatea eta oldarkortasuna duten haur eta helduen elkartearekin sinatuko da bigarren hitzarmena, eta 3.825 euroko udal laguntza jasoko du. Eragindakoei eta familiei arreta eta laguntza emateko programa bat garatzeko aukera emango dio horrek, prestakuntzaren, aholkularitzaren eta jarduera-kudeaketaren arloko zerbitzuak tarteko.

 

Azkenik, AEMAR esklerosi anizkoitza dutenen elkartearekiko hitzarmena ere onetsi da, gaixotasun horrek eragindakoei laguntzeko programa bat garatzeko. Esklerosi anizkoitzaren sorospen terapeutikoa ahalbidetuko du ekimen horrek hainbat arlotan, hala nola logopedia, fisioterapia edo okupazio-terapia. 5.589,60 euroko ekarpenarekin lagunduko dio Udalak programa horri.

 

 

 

Share