Prentsa Oharren banner

Euskadiko Orkestraren ‘Musika gela’ren 23. edizioa hartuko du Principal antzokiak

‘Ekomusik’, ‘Mozart, Nannerl eta lagunak’ eta ‘Living room music’ izeneko emanaldiak barne hartzen ditu programak

 

Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Euskadiko Orkestrak ‘Musika gela’ren 23. edizioa aurkeztu dute, orkestraren programazioan guztiz errotutako ziklo didaktikoa.

Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, EOSen zuzendari nagusi Oriol Rochek eta EOSen hezkuntza arduradun Mikel Cañadak aurkeztu dute programa prentsaren aurrean.

Ziklo didaktiko hori, Orkestraren programazioan guztiz errotuta dagoena, herritarrei oro har eta gazteenei bereziki musika hurbiltzeko xedez sortu zen“, azaldu du Kultura zinegotziak.

Mikel Cañadasek azaldu duenez, “lotura argia dago hiru proiektuen artean: aukeratu ditugun errepertorioen erabateko edertasuna”.

Hiru proposamen

Oraingo honetan hiru ekoizpen aurkeztu dira. Martxoaren 7an (igandea), ‘Ekomusik’ kontzertua eskainiko da, musika klasikoaren eta ekologiaren artean harreman zuzena ezartzea helburu duena; eskuz egindako musika-tresnak baliatuko dituzte, ingurunea errespetatuz eta itxuraz naturatik bertatik sortzen den musikaren esentzia bilatuz egin ere. 6 urtetik gorakoentzat.

Apirilaren 18an (igandea), ‘Mozart, Nannerl eta lagunak’ programaren txanda izango da. Wolfgang Amadeus Mozart, eta haren arreba Maria Anna Mozart —hura ere konpositorea, zeinaren obra gehienak ez baitira gurenagana iritsi— Euskadiko Orkestraren instrumentuei esker berpiztuko dira. Martxa turkiarraren erritmora eta haien obrak musika-estilo ezberdinen bidez eraldatzeko jolasekin gozatuko du publikoak. 2-5 urtekoentzat gomendatua.

‘Living room music’ ikuskizunak itxiko du zikloa, maiatzaren 9an (igandea); lau musikari berrogeialdiaren ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Bertan, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte… 6 eta 10 urte bitarteko neska-mutilentzat.

 “Pozgarria da musika hitzordu horiek berreskuratu ahal izatea, pandemia Gasteizera iristeak horietako batzuei eragin baitzien”, gehitu du zinegotziak.

Udalaren Antzoki Sarearen  “Familiarentzako musika” abonamenduko kontzertuak dira.  ‘Ekomusik’ kontzerturako salmenta urtarrilaren 25ean hasi zen, neguko denboraldiaren barruan. Apirileko eta maiatzeko kontzertuetarako sarrerak martxoaren 25ean jarriko dira salgai, udaberriko denboraldiaren barruan.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

Share