Prentsa Oharren banner

Hiriburutza-kanona berritzearekin, erakusketa batekin eta ikurrina altxatzearekin ospatuko du Gasteizek Euskal Autonomia Erkidegoaren hiriburua izendatzearen 40. urteurrena

 

2020an bete zen 40. urteurrena, baina datorren maiatzaren 23ra aldatu zen oroipen-ospakizuna pandemiaren ondorioz

Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatu zen maiatzaren 23ko 1/1980 Legearen bidez.  Urtemuga dela eta, zenbait oroitzapen-ekitaldi egingo ditu Udalak.  Hala, maiatzaren 23an bertan, Gorka Urtaran alkateak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hiriburutza-kanona sinatuko dute Ajuria Enean.  Sinatze horren ondorioz, 40 milioi euro emango dizkio Eusko Jaurlaritzak Gasteizi, hiriburua izateagatik;, hiriaren beste zenbait proiektu gehitu behar zaizkio horri, haietan Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen baitu.  Hiriarekiko Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa ez da berria.  Alkateak eta Lehendakariak hiriburutza sinatu zuten aurreko aldian ere, 40 milioi euro jaso zituen Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak.

Egun horretan, halaber, “40+1, Vitoria-Gasteiz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua” erakusketa inauguratuko da, Andre Maria Zuriaren plazan; irudi bitxien bidez erakutsiko digu Gasteizek 80ko hamarkadatik hona izan duen bilakaera: Jaurlaritzak Lakuan eta Legebiltzarrak Floridan izan zituzten lehen egoitzak, lehen gizarte-etxearen eraikuntza, aireportua abian jartzea, Foru plazaren azken erremateak, oinezkoentzako bihurtu zen lehenengo kalea, eta hiriaren lau hamarkada hauetako beste mugarri batzuk. Salburua eta Zabalgana auzoetara ere joango da erakusketa, gizarte-etxeen kanpoko zabaldietara.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburutza ospatzeko egun horretako ekitaldiak, zeinak 2020rako aurreikusita baitzeuden jada, Forondako atean egingo den ekitaldi sinboliko batekin amaituko dira: ikurrina altxatuko da han, hiriburutzaren ikur gisa.

 

 

 

 

Share