Prentsa Oharren banner

Jabetze Feministarako Eskolak María Ruiz kantautorearen kontzertu batekin eman dio amaiera bere ikasturteari

María Ruiz kantautore feministaren kontzertu batek amaiera eman dio Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-2021 ikasturteari, Aldabeko gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan. Mariak, Eva Sierrarekin eta La Mare-rekin batera, Arte Muhé kolektiboa osatzen dute, eta arte eszenikoak erabiltzen dituzte lesbiana feministen beren aktibismorako.

Ekitaldiarako, aretoa bete da, eta bertan parte hartu dute Gorka Urtaran alkateak eta Miren Fernández de Landa Berdintasuneko zinegotziak. Alkateak azpimarratu du Berdintasun Zerbitzuak hamar aste hauetan izan duen konpromisoa, eta nabarmendu duenez, “horretan ez du bakarrik egin bidea. Kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboek, emakumeen elkarteek eta elkarte mistoek eta tokiko gobernu-taldeek izan ditu ondoan, eta Eskolaren proiektuaren iraunkortasuna ziurtatu, eta haren ikuspegi feminista bermatu dute. Ikasturtez ikasturte eskolan parte hartu dutenek —milaka pertsona, emakumeak gehienak— zentzua eman diote. Zuek guztiok egin duzue posible gaur egun Gasteizen dugun Jabetze Feministarako Eskola”.


Jabetze Feministarako Eskolaren oraingo edizioan, lehenengoz jarri da abian Ikerlan Feministen Lehiaketa. Hauek izan dira lehen lehiaketa horretako irabazleak: batetik, Andrea Perales Fernández de Gamboa eta María Gema Lasarte Leonet, “Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia” proposamenarekin, eta, bestetik, Irati García López de Aguileta “Nire gorputza gudu-zelai bat da. Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan” proposamenarekin.

Hamargarren urteurrena

2011ko azaroan, emakumeentzako lehenengo ikastaro eta lantegiak (Gizartean eragina izan zezaten) antolatu zituen Gasteizko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak. Horrekin hasiera eman zitzaion proiektuari, zeinak herritarrei interesatuz gero Euskal Herriko beste udalerri batzuetan zeudenen antzerako jabetze-eskola bihurtu nahi baitzuen.

Harrezkeroztik, jarduera ugari egin ditu: ikastaroak eta lantegiak, hitzaldiak, zineforumak, antzezlanak, kontzertuak, irakurketa-klubak eta #FeminismoMola (haur eta gazteentzako ekimen multzoa), besteak beste. Horiek guztiek Jabetze Feministarako Eskola taxutu dute, eta edukiz bete dute.

 

 

Share