Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak 133.000 euro bideratuko ditu FesTVal jaialdiaren XIII. edizioa babestera

Telebista-jaialdia abuztuaren 30etik irailaren 5era bitartean izango da

Udal Gobernuak hasia du prozesua FesTValen XIII. edizioa babesteko; 2021ean, abuztuaren 30etik irailaren 5era bitartean egingo da. Gaur, Telebista Jaialdiaren aurtengo edizioari laguntzeko izapidea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak; jaialdiak udalaren 133.000 euro jasoko du.

FesTVal telebistaren sektorerako erreferentziazko hitzordu bilakatu da estatu mailan, eta telebista-katerik garrantzitsuenak eta kazetari espezializatuak ekartzen ditu Gasteizera. Jaialdiaren barruan, PROFESTVAL atala ere badago: hitzaldiak, mahai inguruak eta lantegiak egiten diren jardunaldiak dira, ikus-entzunezko sektoreko profesional zein ikasleei zuzendurik.

Aurtengo edizioaren egitaraua zehaztu bitartean, aipatuko dugu 2020ko FesTVal nabarmendu zela Europa jauregian egin zelako (bai parte hartu zuten kateen aurkezpen eta estreinaldiak, bai amaiera-ekitaldia), pandemia zela-eta hartutako segurtasun-neurriengatik eta online formatuaren aldeko apustua egin zuelako.

 

 

 

Share