Prentsa Oharren banner

Udalak eta Eusko Legebiltzarrak doako bisita gidatuak eskainiko dituzte Florida parkera eta garai bateko institutuaren kanpoaldera, urteurrena ospatzeko ekitaldien amaiera gisa

Alkateak nabarmendu du erdi-erdian dagoen parkea hiriaren arnasgune eta sinbolo nagusietako bat dela

 

Gasteizko Udalak eta Eusko Legebiltzarrak doako bisita gidatuak eskainiko dituzte Florida parkera eta garai bateko institutuaren kanpoaldera, berdegunearen 200. urteurrena eta Legebiltzarraren 40.a bete izana ospatzeko ekitaldien amaiera gisa. Uztaileko lehen hamabostaldian egingo dira bisitak, goizez eta arratsaldez.

Zehazki, 2020an ziren ospatzekoak bi urteurren horiek. Pandemiak, ordea, aurreikusitako jarduera-programa osorik betetzea eragotzi zuen, eta bi erakundeek erabaki dute bisita gidatu hauek antolatzea ekintza-zikloa amaitutzat jotzeko. Eusko Legebiltzarraren eraikinaren, Santo Domingo komentuko arkuaren eta Florida parkearen historia izango dute hizpide, bertako lorategi botanikoa, eskulturak eta kioskoa.

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi duenez, parkea Arabako hiriburuko harribitxietako bat da, eta bi mendetan zehar askotariko ospakizunak bizi izan ditu: jaialdiak, dantzaldiak, musika-ikuskizunak, kirol-lasterketak eta bestelako ekitaldiak.  “Erdi-erdian dagoen parke hau du hiriaren arnasgune eta sinbolo nagusietako bat da. Gasteiztarrek eta bisitariek gogokoen dituzten lekuetako bat da. Gaur gehixeago ezagutzeko aukera dugu, eta nahi dutenak bisita gidatuetan parte hartzera animatzen ditut; datozen bi asteetan egingo dira, parkearen 200. urteurrena eta  atzean hain historia luzea duen eraikin honetan Eusko Legebiltzarrak 40 urte egin izana ospatzeko ekitaldiei amaiera emateko“, azaldu du.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak azaldu duenez, bisita gidatuekin Ganberak amaitutzat eman du bere 40. urteurrena. “Covid-19k programatuta genituen ekitaldi gehienak bertan behera uztera behartu gaitu”, deitoratu du; baina, “azkenean, pandemiaren amaiera ikusten hasi gara, eta ardura neurriak ahaztu gabe, gure bizitzetan hain garrantzitsuak diren hainbat alderdi jorratzeari ekin geniezaioke berriro, hala nola kulturari eta gizarte-bizitzari”, gaineratu du. “Bisita gidatu hauek hor kokatu nahi ditugu; gasteiztarren, Eusko Legebiltzarraren eta Florida Parkearen arteko harremanak estutzea dute helburu”, esan du.

Herritarrei zuzendutako bisitak uztailaren 1etik 15era arte egingo dira, goizeko 11:30ean zein arratsaldeko 18:00etan. Doakoak izango dira, Gasteizko Udaleko turismo-bulegoan, turismo@vitoria-gasteiz.org helbidean edo 945.16.15.98/99 telefono-zenbakietan izena emanda.

Santiago Arcediano arduratu da gaurko inaugurazio-bisita egiteaz, ezin hobeto ezagutzen baititu bai parkea bai duela lau hamarkadatatik Eusko Legebiltzarraren egoitza den eraikina ere.

Izen ematea bisitak egiteko

 

 

 

 

 

Share

Dantza Plazan segurua egingo da Florida parkean, maiatzetik irailera arte

Lehen hitzordurako gonbidapenak maiatzaren 3tik aurrera lortu ahal dira

Udal Folklore Akademiak Dantza Plazan programaren beste edizio bat antolatu du maiatzaren 7tik irailaren 17ra arte. Ekimen horri esker, herritarrek dantzaz gozatzeko aukera izango dute.

Osasun krisia dela eta, oraingo honetan ekitaldia Florida parkean izango da, kioskoaren inguruan mugatuko den eremu batean, eta ezinbestekoa izango da gonbidapenak erreserbatzea. Hitzordu bakoitzaren aurreko astelehenean egongo dira eskuragarri, 9:00etatik aurrera, wwww.entradium.com helbidean edo 945 16 16 18 telefonoan. 80 pertsonarentzako lekua egongo da, eta eskatzaile bakoitzak 4 sarrera erreserbatu ahalko ditu gehienez.

Beraz, maiatzaren 3an, astelehenean, lehen saiorako gonbidapenak lortu ahalko dira, hau da, maiatzaren 7rako. Gainerako datak hauek dira: maiatzak 14, 21 eta 28, ekainak 4 eta 18, eta irailak 10 eta 17 dira. Maiatzean eta ekainean arratsaldeko zortzietan hasiko da, eta, irailean, berriz, 19:30etan.

“Dantza Plazan parte hartzera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak, dantza egiten ikasi eta dantza tradizionalak dantzatu ditzaten. “Aurten Florida parkean egingo da, beharrezko segurtasun neurri guztiekin” azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

Share

Florida parkeko ostalaritza-lokalak laga ditu Udalak, jaiotzen inguruko jardueretarako

Florida parkean dauden udal-titulartasuneko bi lokalak, gaur egun jarduerarik gabe daudenak, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteari laga dizkio Gasteizko Udalak, erakusketa egin dezan, Eguberrietan, bertan.

Astelehenean jarriko da indarrean lagapena, eta Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen eskabideari erantzuten dio. Abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean egongo da bertan jarrita erakusketa. Kanpotik ikusi ahal izango den jaiotza-erakusketa izango da bi lokal horietan, kristalezko horma handiak dituztenez gero. Hartara, joan den ostiralean inauguratu zen Floridako jaiotza monumentalaren osagarri izango da erakusketa.

Share

Florida Parkearen 200 urteko historian zehar ibilbide originala eta dibertigarria egiten du Udalak editatutako koaderno didaktikoak

Lehen Hezkuntzako 6. mailako geletan eta Adinekoen Zentro Soziokulturaletan banatuko du Udalbatzak, dohainik

 

Florida Parkearen 200. urteurrena Lehen Hezkuntzako 6. mailako geletara eta Adinekoen Zentro Soziokulturaletara gerturatuko du berdegunearen gaineko denbora-pasen koadernoak.  Urteurrena gogoratu eta, aldi berean, modu original eta entretenigarrian hezteko balio du Udalak haren Protokolo eta Komunikazio Zerbitzuaren bidez diseinatu eta editatutako argitalpenak.

Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Vicente Perales koadernoaren diseinatzaileak aurkeztu dute lana gaur goizean.  “Haurrei eta adinekoei iritsiko zaie koaderno hau, hiriko birika berde honen 200. urteurrena ospatzen, haren historia zabaltzen eta gozatzen jarraitzeko helburuz”, azaldu du Gasteizko zinegotziak.

Euskaraz eta gaztelaniaz dago koadernoa, eta koloretan inprimatutako 48 orrialde ditu, joko adimentsu eta sortzaile pila batez beteak. 0} Labirintoak, margotzeko marrazkiak, puntuak lotzea, hizki-zopak, sudokuak, gurutzegramak, antzara-joko oso berezia… Dibertsio-olatu bat.

Denbora-pasa bakoitza gertakari historiko batekin, parkearen ezaugarri batekin edo parkearen erabileretako batekin lotuta dago.  Hala, plano historikoak, zuhaitz-espezieak, kioskoa, Errege Godoak, hiritarrek parkea zertarako erabiltzen duten eta harekin lotuta zer ohitura dituzten islatzen duten prentsako kronikek zatiak, gaur egun eremu horretan bizi diren pertsonaia batzuk (Eduardo Dato, Manuel Iradier, Igancio Aldecoa eta Wynton Marsalis) eta Florida Parkearen bi mendeko historiako gertakari garrantzitsuenak jasotzen dituen ‘timeline’ bat agertzen dira argitalpenean zehar. Amaitzeko, koadernoa egiteko erabilitako erreferentziak egiaztatzeko balio duen bibliografia bat txertatu dute: orain dela gutxi berriro ere editatu duten ‘Florida parkea, 200 urteko historia’ liburutik hasi eta Udal Artxibategiko hemerotekan bildutako argitalpen historiko eta artikuluetara.

Gasteizko Udalak 5.000 ale editatu ditu. 2.800 ale hiriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei banatuko dizkiete. 450 ale, berriz, Adinekoen Zentro Soziokulturaletan banatuko dituzte, Udalak Justo Antonio Olaguibel pertsonaiaren inguruan editatu zuen koadernoarekin egin bezala, Gasteizko adinekoen artean harrera ona izan baitzuen.

Urtean zehar Florida Parkearen 200. urteurrena ospatzeko hainbat jarduera sustatu ditu Udalak: liburuxkak, turismo-jarduerak, ‘Florida parkea, 200 urteko historia’ liburua berriro editatzea, erakusketa bat, plakak jartzea, maitasunaren zuhaitza landatzea… Programazio bete-betea, COVID19ak eragindako pandemia gorabehera.

 

 

Share

Plakak estreinatu ditu Florida parkeak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ berreskuratu, bigarren mendeurrena dela eta

 

Alkateak jakinarazi duenez, bihar onetsiko du Gobernu Batzarrak haitzuloaren egitura konpontzeko lanen kontratazio-dosierra 

Omenaldia egin zaie, ekitaldi batean, 200 urte bete dituen Gasteizko birika berde horri eta 40 urte bete dituen Eusko Legebiltzarrari

 

Plakak estreinatu ditu gaur Florida parkeak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ berreskuratu. Udalak eta Eusko Legebiltzarrak batera antolatutako ekitaldi xume eta hunkigarrian, omenaldia egin zaie 200 urte bete dituen Gasteizko birika berde horri eta 40 urte bete dituen legebiltzarrari.

Gorka Urtaran alkateak eta Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak kendu dizkiete estalkiak Florida parkeko eta Eusko Legebiltzarreko plaka berriei, eta ‘maitasunaren zuhaitz’ berria landatu. Gainera, alkateak jakinarazi duenez, bihar onetsiko du Tokiko Gobernu Batzarrak haitzuloaren egitura konpontzeko lanen kontratazio-dosierra.

Udalbatzako eta Legebiltzarreko Mahaiko hainbat kide ere izan dira ekitaldian. Lehenik eta behin, plaka bana desestali da, bata ‘Florida pasealekua, 1820’ idazkunarekin eta bestea, berriz, ‘Eusko Legebiltzarra, 1980’ idazkunarekin. Florida pasealekuko plakaren kasuan, duela bi mende jarritako jatorrizkoen kopiak egin dira. Aparteko bi lekuko izan ditu plakak desestaltzeko ekitaldiak: garai bateko Ramiro de Maeztu institutuko irakasle eta Hiriko Seme kutun Eduardo Madinabeitia, batetik, eta Ensanche XIX elkartearen ordezkari bat, Andrés Iturralde, bestetik.

Aurreskuaren ondoren, Legebiltzarraren 40 urteen errepasoa egiten duen argazki-erakusketa bisitatu du segizioak, eta ‘maitasunaren zuhaitza’ —Cercys siliquastrum bat— landatzera jo du gero. Alkateak eta legebiltzarreko presidenteak landatu dute zuhaitz berria, zeinek 1930ean desagertu zen jatorrizko ‘maitasunaren zuhaitzaren’ lekua hartu baitu. “Amodioaren zuhaitz berri honek adierazi behar du hemen bizi garen pertsonen arteko harremanak errespetuan, elkartasunean eta maitasunean oinarritu behar direla”, esan du Gorka Urtaran alkateak

Zuhaitz horrek ospea lortu zuen, usadioak zioenez bikotekidea lortzen laguntzen baitzuen. Horretarako, nahikoa omen zen enborrari zazpi bira ematea. Tamaina handiko zuhaitza da, eta lore arrosa ikusgarriak ematen ditu. Orain, gainera, interesa duen edonork QR kode bat aurkituko du plaka txiki batean, eta aukera emango dion horrek gailu mugikorrean zuhaitzaren historiari buruzko informazioa jasotzeko, baita zuhaitz-espezie horri buruzko ere.

Egitaraua

Florida parkeak —Gasteizko birika berde nagusietako bat— 200 urte beteko ditu. Eta Udalak askotariko egitaraua prestatu du espazio horren bi mendeak ospatzeko, balio historiko, ondare-balio eta balio sozial handia baitu hiriarentzat. Gainera, inguru guztia apainduko du. Izan ere, Arabako hiriburuko harribitxietako bat da Florida parkea. Bi mendetan, era guztietako bilera eta ospakizunen leku izan da: jaialdiak, dantzaldiak, musika-ikuskizunak, belopizedo-lasterketak, tonbolak, udaberri hasierako zuhaitz-festa, eta erritu eta ohiturak, ‘maitasunaren zuhaitzarena’, kasu

 

#LaFlorida200 egitarauko egitarauko proposamen nagusiak berariazko URL honetan aurki daitezke: www.vitoria-gasteiz.org/laflorida200

Share

Gasteizek askotariko programazio baten bidez ospatuko du Florida parkearen 200. urteurrena: zabalkunde jarduerak, historiari keinuak eta Gabonetako izotz pistaren itzulera

 

– Udalak liburuxka turistiko bat landuko du, liburu bat eguneratuko du eta haurrentzako koadernotxo bat argitaratuko du, Arabako hiriburuko birika berde horren garrantzi historikoa eta ondare-balioa ezagutarazteko

 – Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak parkeko haitzuloaren konponketa kontratatuko du, 185.000 euro inguruko inbertsioarekin.

 – Udalak oroitzapen-xaflak jarriko ditu, duela bi mende jarritakoen diseinu berarekin.

 

Florida parkea, 200 urteko historia dosierra

Florida parkeak, Gasteizko birika berde nagusietako batek, 200 urte beteko ditu. Eta Udalak askotariko egitaraua prestatu du gune horren bi mendeak ospatzeko, historia, ondare eta gizarte balio handia baitu hiriarentzat. Florida parkea Arabako hiriburuko harribitxietako bat da. Bi mendetan mota guztietako bilerak eta ospakizunen agertokia izan da: jaialdiak, dantzaldiak, musika-ikuskizunak, belopizedoen lasterketak, tonbolak, udaberriaren hasieran egiten zen zuhaitzaren festa, eta erritu eta ohiturak, ‘maitasunaren zuhaitzarena’, kasu. “Parkea Gasteizen bihotz-bihotzean kokatzen da, eta gasteiztar guztion bihotzetan ere dago”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Horren haritik, eta Eusko Legebiltzarraren 40. urteurrenarekin bat eginez, “diseinatu dugun programazioak zabalkunde-jarduerak, inguru berde horri buruzko liburuxken sorkuntza edo argitalpenen berrargitalpena eta historiari keinuak barne hartuko ditu, baita Eguberrietan izotz-pista Floridako parkera itzultzea ere” Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu duenez. Udaleko zenbait sailek jende ororentzako jarduerak eskaintzearren azken hilabeteetan egindako ahaleginaren emaitza da egitaraua: Alkatetza; Mugikortasuna eta Espazio Publikoa; Ingurugiro Gaietarako Ikastegia; Ekonomia Sustapena; Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak, Gizarte Politikak, eta Kultura. Ensanche XIX. Elkarteak ere bere ikuspuntua eta bere proposamenak egin ditu parkea goraipatzeko.

Hona hemen #Florida200 programazioaren proposamen nagusiak:

“Florida parkea, 200 urteko historia” liburuaren berrargitalpena. Dagoeneko agortuta dago, eta berriro banatuko da udazkenetik. Zuzendu eta berridatzi egin da.

– Florida parkearen garrantzi historikoa eta ondare-balioa ezagutarazteko liburuxka turistiko bat eta plano bat egitea. Dagoeneko eskuragarri dago Turismo Bulegoan.

Turismo Bulegoak antolatutako bisita gidatuak, zeinak aste honetan iragarri baitira.

– ‘Florida parkea ezagutzeko modu dibertigarria’ haurrentzako liburuxka argitaratzea, datorren ikasturtean ikastetxeetan banatzeko.

Bisitak Herritartasunerako Eskola Irekiaren programazioaren barruan, IGIrekin batera, uztailaren 13an, 14an eta 15ean.

– Florida parkearen historiari buruzko hitzaldia Herritartasunerako Eskola Irekiaren barruan.

Gabonetako argiztapena: ahalegin handia egin nahi da Gabonetan parkeari giro erakargarria emateko, zuhaitzak argiztatuz gunearen edertasuna azpimarratzearren.

Izotz-pista.  Bigarren mendeurrena dela eta aurtengo Gabonetan izotz-pista Floridako parkean jartzea da helburua, inguruko zuhaitzen eta naturaren babesa bermatuz. Laster aterako da kontratazio-agiria, enpresek eskaintzak egiteko aukera izan dezaten.

Parkeko haitzuloa. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 185.000 euro inguru inbertituko ditu haitzuloaren egitura konpontzeko, hondatuta baitago.

Zuhaitzen seinaleztapena hobetzea: zuhaitz espezieen berri ematen duten granitozko seinaleak birmargotu dira.

Oroitzapenezko xaflak jartzea eta ‘maitasunaren zuhaitza’ berreskuratzea:  duela 200 urte jarritako xaflen berdinak jarriko dira.

Egun horretan bertan ‘maitasunaren zuhaitza’ landatuko da. Ale berriak 1930ean desagertu zen ‘maitasunaren zuhaitza’ ordezkatuko du. Zuhaitz horrek ospea lortu zuen, usadioak zioenez bikotea lortzen laguntzen baitzuen. Horretarako,  nahikoa zen enborrari zazpi bira ematea. Maitasunaren zuhaitz berria ‘cercys siliquastrum’ bat izango da. Zuhaitz handia da, hosto arrosak dituena.

Bisita gidatuak Legebiltzarrera eta hitzaldiak.

Kontzertuak. Udal Musika bandak 7 kontzertu emango ditu Uraren Ezkutuko Lorategian, uztailaren 10etik 24ra eta irailaren 4tik 25era..

 

Share