Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 otsaila 2019 13:34

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta Gasteizko Udalak Ariznabarreko muralaren bitartez ospatu dute garapenerako lankidetzarekiko konpromisoaren 30. urteurrena

 

Alkate Gorka Urtaranek, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakari Sofía Marroquínek eta alkate ohi José Angel Cuerdak Ariznabarreko kiroldegian egindako mural berria inauguratu dute, ordezkari politikoekin eta beste erakunde eta elkarteetako ordezkariekin batera; Gasteizek garapenerako lankidetzarekin hartutako konpromisoa gogorarazten du horma-irudiak, hiria aitzindaria izan baitzen alor horretan. Izan ere, 2018an bete zituzten 30 urte bai Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bai Gasteizko Udalaren lankidetzak, 1988an onetsi baitzuen lehen aldiz aurrekontuaren % 0,7 garapenerako lankidetzara bideratzea.

Fill in Culture taldeak landu du urteurren bikoitza ospatzeko murala.

Programa eta proiektu askoren bitartez, 30 urte horiek aztarna utzi dute beren bizi-baldintzak eta ahalmenak hobetuta ikusi dituzten pertsonengan eta komunitateetan, giza eskubideen defentsan, eta euskal gizartearen elkartasunean. “Oraindik ere, Gasteizko Udalak lankidetza hirian garatutako elkartasun politiken luzapena  dela uste izaten jarraitzen du ,eta bere egitekoa José Ángel Cuerda alkateak definitutako bera izaten jarraitzen duela: elkartasunaren kultura sustatzea, lankidetzara baliabide ekonomikoak bideratzea, eta erakundearen beraren eta udalerriaren ahalmenak lankidetza-proiektu eta programetarako erabiltzea. 30 urtez, erakundeok zein GGKEak lankidetzan aritzeko modua hobetzen ahalegindu gara. Gasteizko Udalak garrantzitsutzat jo du proiektu puntualetatik jarraipena duten proiektuetara igarotzea, ebaluazioa baliatzea ikasteko tresna gisa, hiriko biztanleen eta taldeen benetako inplikazioa lortzea proiektuetan, eta hegoaldeko erakunde lokalekin batera aritzea, dela Euskal Fondoaren bitartez, dela zuzenean. Pozik gaude, halaber, udal sailek kooperazioan izandako inplikazio teknikoaz, bereziki AMVISAk uraren alorrean egindakoaz, baita beste udal zerbitzu batzuek landutako garapenerako lankidetzaren inguruko hezkuntza-programez ere”, nabarmendu du alkateak.

 

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakari Sofía Marroquínek ere hitz egin du; koordinakundeak nazioarteko lankidetzaren alorrean diharduten 79 GKE batzen ditu, eta horietako 31k badute presentziarik Araban. Zehazki, hau adierazi du: “Geroztik, hiri honek era eredugarrian erakutsi du nola arlo lokaletik, konpromisoa hartuz eta epe luzera begira, gure gizartea aldatzen lagundu daitekeen eta, aldi berean, nola eman dakiekeen sostengu giza eskubideak eta garapen jasangarria aldezteko ekimenei hain gertuko ez diren lekuetan —Afrika, Latinoamerika edo Asia— eta ahultasun handiko egoeretan”.

Haren hitzetan, “mundu interkonektatu batean bizi gara, non leku batean egindakoak eta erabakitakoak eragin zuzena baitu milaka kilometrotara. Mundu globalizatu batean, non milioika pertsonak ezin baitute oraindik bizitza duin batez gozatu. Etengabe kargu hartzen digun mundua da, ez dezagun inor atzean utz. Mundu horretan inoiz baino beharrezkoagoak dira euskal kooperazioaren hogeita hamar urte hauek posible egin dituztenen antzeko pertsona eta ekimenak. Hori guztia dela eta, inoiz baino premiazkoagoak dira lankidetza-politika konprometituak, solidarioak eta koherenteak ”, erantsi du. “Euskadiko elkartasuneko 30 urte hauek  erakusten dute erakundeen, garapenerako GKEen eta gizartearen arteko lankidetza eta adostasunerako borondatea izanez gero posible dela estatuko buru izatea lankidetzaren alorrean. Eskerrik asko elkarteei, herritarrei eta erakundeei lankidetzarekin, giza eskubideekin eta pertsona ororekin erakutsi duzuen konpromisoagatik”, amaitu du Marroquínek.

 

Euskal lankidetza, dirua baino gehiago

Euskal kooperazioak ezaugarri propioak ditu eta ospe handia du estatuan, haren jaiotza goiztiarragatik eta izan duen eboluzioagatik, bideratzen dituen baliabideen ugaritasunagatik, eta esku-hartzeen kalitate eta  eraginagatik. Erreferentea da genero berdintasunaren sustapenean, eta asistentzialismoa saihesten saiatu da, giza eskubideetan oinarritutako lankidetzaren alde eginez, beti eskuzabaltasunez eta doan, diru-transferentzia hutsera mugatu gabe. Epe luzera jokatzen du, Euskadiren eta herrialde pobretuen arteko lanaren bitartez, giza garapen jasangarria eragozten duten oztopoak desagerrarazteko. Izan ere, pobrezia eta ezberdintasunak ez dira berez sortzen, salatu beharreko kausak dituzte atzean, eta horiei aurre egiteko modu bat lankidetza da.

Gainera, euskal herritarrak sentsibilizatzen ditu, haien kontzientzia kritikoa handitzeko eta gure inguru hurbilena eraldatuz aldaketa globalak lortzen laguntzeko.

Lankidetza euroak eta aurrekontuak baino gehiago da; izan ere, herrialde pobretuetan bizi diren eta pobrezia eta desberdinkeria pairatzen dituzten milaka pertsonaren funtsezko eskubideak bermatzen laguntzen du (hezkuntza, osasuna, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, ura eta saneamendua izatea, gosearen aurkako borroka…). Gure ingurune hurbilena eraldatzen ere laguntzen du, maila handiagoko aldaketak lortzearren.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 azaroa 2018 11:31

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute, erakundea sortu izanaren mendeurrena ospatzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak horretara 25.000 euro bideratzea onetsi du gaur goizean.

Udalak eta Euskaltzaindiak urteak daramatzate elkarrekin lan egiten, esate baterako, udalerriko toponimia lantzen. Aurten, bestalde, Euskaltzaindiak 100 urte bete ditu, eta zenbait ekintza antolatu ditu mendeurrena ospatzeko. Jardunaldi akademikoak, erakunde ekitaldiak eta arte eta kultura jarduerak egingo dira, eta mendeurrenarekin lotutako argitalpenak landuko. Udalak 25.000 euro jarriko ditu horiek gauzatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 azaroa 2018 16:46

Toki Gobernuaren Batzarrak gaur goizean onartu du Indesa 2010 sozietate publikoaren 39 partaidetza erostea, udala ofizialki egon dadin sozietatearen administrazio-kontseiluan. 2014tik partaidetza soziala bazuen ere, erosketa honekin sozietatearen zuzendaritza-organora sartu ahal izan da udala, eta, hortaz, Indesa 2010en ohiko kudeaketan hartuko du parte.

 

Partaidetzak erosita, nabarmen aldatuko da udalak Indesa 2010 sozietatearekin duen harremana, hemendik aurrera erabakietan esku hartu ahalko baitu udalaren zerbitzu-hornitzaile nagusien artean dagoen sozietatearen barruan. Oso urrutira joan gabe, Indesa 2010 sozietateak 2.385.863 euro fakturatu zizkion iaz Vitoria-Gasteizko Udalari; hau da, guztizko fakturazioaren % 20 inguru. Izan ere, Indesa 2010 sozietateak ematen die garbiketa-zerbitzua udalaren hainbat instalaziori (adibidez, dozena bat gizarte-etxeri) eta beste zenbait ekipamenduri, eta horrek ondorio positiboak dauzka lan horietan jarduten duten pertsonen lan-txertaketan.

 

Indesa 2010 sozietatearen kapitalaren % 100 da publikoa, eta desgaitasunen bat duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatekoa emateko sortu zen, horiek guztiz gizarteratu eta laneratu daitezen. Plantillan, 800dik gora langile dira, eta horien % 92k dute desgaitasunen bat.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 azaroa 2018 14:04

 

Asparrenean egindako ekitaldi batean, Energiaren Euskal Erakundeak Arabako Lautadako eta Añanako kuadrillen ordezkariak ere saritu ditu

 

Gasteizko Udalak Energiaren Euskal Erakundearen aitorpena jaso du gaur goizean, trantsizio energetikoaren eta iraunkortasunaren alorrean urteetan egindako lanagatik. Ingurumen eta Espazio Publikoaren zuzendari Ainhoa Etxeandiak ordezkatu du Gasteizko Udala Asparrenean egindako ekitaldian.  EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak Arabako udalen inplikazioa eskertu du, eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako ‘Energiaren bidea – Euskal Energiaren Trantsizioa Udalean ere’ ikurra eman die; laster ikusgai jarriko da udal instalazio batean.

Gasteizekin batera, Arabako Lautadako eta Añanako kuadrilletako zenbait udalerri saritu dituzte. Ekitaldian, udalerri hauetako ordezkariek hartu dute parte: Agurain, Dulantzi, Añana, Armiñon, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Burgu, Erriberagoitia, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kuartango, Lantarón, Erriberabeitia, Donemiliaga, Gaubea, Zalduondo eta Zambrana.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 urria 2018 13:54

Asteburuan elurra egin dezakeela iragarri delarik, Udalak elurte planaren larrialdi aurreko fasea aktibatu du; izan ere, elur maila 600-800 metrora jaits daiteke igandean, baita beherago ere, ekaitz guneetan.

Larrialdi aurreko fasea aktibatzen denean, udal baliabideak alerta-egoeran sartzen dira, esku hartu beharko balute ere. Eguraldi gertakari horiei buruzko udal bandoa ere eguneratu da.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzaren iragarpena:

  • Larunbata, hilak 27. Elur maila 1.000 metro ingurura jaitsiko da. Arratsaldean 800-900 metrora jaits daiteke. Aurreikusitako lodierak: 2-10 cm 1.000 metrotan; 0 cm 600 metrotan; 0 cm 200 metrotan.
  • Igandea, hilak 28. Elur maila 600-800 m ingurukoa izango da. Barrualdean izozte arinak, bereziki mendialdean. Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1.000 metrotan; 0-2 cm 600 metrotan; 0 cm 200 metrotan.
  • Astelehena, hilak 29. Elur maila 600-800 m ingurukoa izango da; goizean 1.000 metrora igoko da. Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1.000 metrotan; 0-1 cm 600 metrotan; 0 cm 200 metrotan.

 

Ate irekiko egunak 

Horretaz gain, iragarpena eta aurreikusitako tenperaturen jaitsiera kontuan hartuz, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak erabaki du ateak irekitzea harrera baliabideetan, kalean lo egiten dutenek erabili ahal izan ditzaten.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2018 14:48

 

Teodoro González de Zárateren familiak erretratu bat eman du dohaintzan, zeina leku nagusian jarri baita tropa frankistek 1937an hildako alkatearen izena eramango duen aretoan

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Udalak omenaldi beroa egin dio gaur Teodoro González de Zárateri, haren familia bertan zegoela; Gasteizko lehen alkate hautetsia izan zen hura, eta tropa frankistek 1937an hil zuten.

Gorka Urtaran alkateak Teodoro González de Zárateren senideek haren erretratu bat dohaintzan eman izana eskertu du; haren izena daraman aretoan leku nagusian egongo da gaurtik aurrera koadroa.

Maite González de Zárate bilobak eman du dohaintzan koadroa. Esker oneko agertu da, eta gaurkoa “emozioz eta eskertzaz betetako eguna” dela esan du, “koadroak egon behar duen lekuan egotea lortu dugulako“.

 

Tomás Alfarok 1933an egindako olio-pintura da. 1937ko martxoaren 31n hil zuten tropa frankistek Teodoro González de Zárate. Azazetako mendatean fusilatu zuten beste 15 pertsonekin batera, denak altxamenduaren aurkako joera ideologiko eta formazio politikoetako kide zirelarik.

Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkio Teodoro González de Zárateren familiari dohaintzagatik, eta gogoratu du agintaldi honetan “lan handia” egin dela “giza eskubideak eta bakearen kultura aldezteko”. “Bai gertuko memoriari dagokionez —banakako omenaldiak egin zaizkie hala ETAren terrorismoaren biktimei nola polizia indarkeriaren biktimei, martxoaren 3ko biktimei, esaterako— bai memoria historikoari dagokionez: memoriaguneak sortu dira, duela gutxi omenaldia egin zaie Heinkel hegazkinaren biktimei,  emakumeek “Red Álava” izenekoan betetako papera ezagutarazi da, frankismoaren biktimen eguna sortu, eta haien omenezko eskultura jarri, besteak beste. Gaur beste urrats bat egin dugu, aretoari “Teodoro González de Zárate alkatea” deitzea erabaki baitugu aho batez.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 iraila 2018 12:17

Gasteizko Udalak behe tentsioko energia elektrikoaz hornitzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur goizean, argiteria publikorako eta beste erabilera batzuetarako. Udalak 3,2 milioi euroko aurrekontua du horretarako, eta kontratua urtebete luzatzeko aukera emango du. Aurreko urteetan bezala, erositako energia % ehun berriztagarria izango da, baina oraingoan berrikuntza bat sartu da: kontratua lau multzotan banatu da, hornitzaileen arteko lehia sustatzeko eta lehiaketan fakturazio txikiagoa duten enpresek parte hartzerik izan dezaten errazteko.

Kontratatutako energiak argiteria publikorako eta beste ekipamendu batzuetarako erabiliko da: iturriak, semaforoak, ponpatze-sistemak, ureztapena…  Aurrekontu osoa 3.279.794,23 euro da, honela banatuta:

A multzoaren aurrekontua: 768.136,38 €.

B multzoaren aurrekontua: 616.075,63 €.

C multzoaren aurrekontua: 1.071.585,89 €.

D multzoaren aurrekontua: 823.996,31 €.

Esleipendunak bezeroei arreta emateko zerbitzua eduki beharko du, zerbitzuaren funtzionamendu zuzenaz arduratu, eta urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan zerbitzu etengabea eman, edozein arazo konpontzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 iraila 2018 12:53

 

 

192 herritarrek jasoko dute prestakuntza irailaren 17tik 26ra bitartean. 

Hirugarren aldiz jarrian, “BihotzAraba – Bihotzaren hamabostaldia” jarri dute martxan Arabako Medikuen Elkargoak eta Gasteizko Udalak. Prestakuntza-programa berri bat eskainiko da, bihotz-birikak suspertzeko eta aire-bideen buxadura gertatzen denerako oinarrizko maniobrak ikasteko, herritar guztiei zuzendua. Helburua hauxe da: bizia arriskuan dagoen egoerak antzematea, biziraupen-katea aktibatzeko gauza izatea, eta egoera horietan oinarrizko maniobrak egiten jakitea.

Doako hamabi ikastaro izango dira, irailaren 17tik 26ra bitartean, Medikuen Elkargoaren behin-behineko egoitzan (Eduardo Dato kalea, 4 – 1.esk), goizez nahiz arratsaldez. Irailaren 29an emango zaio programari amaiera, Bihotzaren Mundu Egunean.

Doakoa da prestakuntza, eta 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua. Parte teoriko bat izango du, eta beste bat praktikoa, erakustaldietarako maniki eta desfibriladoreekin. Ikastaro bakoitza lau ordukoa izango da, eta gehienez hamasei lagun hartuko ditu, izena ematen den hurrenkeran. Interesatuek izena eman dezakete dagoeneko, dela Arabako Medikuen Elkargoko behin behineko bulegoetan (Dato kalea 4, 1.a.- Gasteiz), dela e-postaz, helbide honetan:cursos@icoma.eu.

Biziraupen-katea aktibatzea

Arnasa gelditzen denean, igarotzen den minutu bakoitzeko % 10etik % 20ra bitartean gutxitzen dira errekuperatzeko aukerak. Zenbat eta jende gehiago egon prestatua bizia arriskuan dagoen egoera horietan erantzuteko, aukera handiagoak izango dira biziraupen-katea behar bezala aktibatzeko.

“BihotzAraba – Bihotzaren hamabostaldiaren” hirugarren edizio honekin, dagoeneko 700 herritar inguruk jaso izan du prestakuntza, bihotz-biriketako geldialdia edo aire-bideen buxadura egoerak errekonozitzen, bai eta bihotz-birikak suspertzeko, desfibriladoreak erabiltzeko eta aire-bideak irekitzeko tekniketan, nola helduengan, hala haur eta bularreko haurrengan. 

Iazko edizioan oso erantzun ona jaso zuen ekimenak herritarren artean, eta egun gutxitan bete ziren leku guztiak, partaideen profila oso desberdin eta anitza izan zelarik. Balorazioari dagokionez, ikastaroen batez besteko puntuazioa 9koa izan zen (10 ziren gehienez).

Ikastaroen datak eta ordutegiak

Izen emateko epea zabalik dago, eta nortasun-agiria aurkeztuz egin beharko da:

  • Arabako Medikuen Elkargoko behin behineko bulegoetan (Dato kalea 4, 1.a), astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara.
  • posta elektronikoz: cursos@icoma.eu

 

 

·                Irailak 17, astelehena, 09:30etik 13:30era.

·                Irailak 17, astelehena, 16:00etatik 20:00etara.

·                Irailak 18, asteartea, 09:30etik 13:30era.

·                Irailak 18, asteartea, 16:00etatik 20:00etara.

·                Irailak 19, asteazkena, 09:30etik 13:30era.

·                Irailak 19, asteazkena, 16:00etatik 20:00etara.

·                Irailak 20, osteguna, 9:30etik 13:30era.

·                Irailak 20, osteguna, 16:00etatik 20:00etara.

·                Irailak 24, astelehena, 09:30etik 13:30era.

·                Irailak 24, astelehena, 16:00etatik 20:00etara.

·                Irailak 26, asteazkena, 09:30etik 13:30era.

·                Irailak 26, asteazkena, 09:30etik 13:30era.

·                Irailak 29, larunbata, diploma banaketa,  udaletxean. 

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 abuztua 2018 13:17

Gure udalerrian salatu berri den eraso matxistaren inguruan, Vitoria-Gasteizko Udaletik adierazi nahi dugu erasoa irmotasunez gaitzesten dugula eta haren aurka gaudela. Horrez gain, biktimari eta haren inguruari laguntza osoa eskaini nahi diogu eta jakitera eman nahi diogu gertu izango gaituela eta bere esku jarriko ditugula behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak. Bukatzeko, bere interesei eragiten dien informazio guztia izango duela bermatu bermatzen diogu.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistari erantzuteko Gasteizko Udal-Protokoloa aktibatu du kasuaren berri izan eta haren ikuspegirik osoena eta zehatzena izateko aukera eman duen informazioa egiaztatu bezain azkar. Jarraian, bilera baterako dei egin du, informazio guztia biltzeko eta erantzun instituzionala zein biktimarentzako eta haren inguruarentzako arreta koordinatzeko. Gobernuak duen informazio osoa ezagutzera eman die taldeei Udalan egindako Bozeramaile Batzordean.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten dituela eta garrantzi handiko arazoa dela, indarkeria jasaten duten emakumeen eta LGTBI pertsonen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena. Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen; gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea helburu du.

Horren harira, Vitoria-Gasteizko Udalak, emakumeek eta LGTBI pertsonek giza eskubideak benetan erabil ditzaketela bermatzeko ardura duen instituzio publikoa denez gero, neurriak bultzatuko ditu honako hauetarako: udal-erakundeek eta herritarrek oro har berehala eta irmotasunez erantzuna emateko edozein eraso matxistari, biktimei lehentasunez arreta emateko, emakumeei eta LGTBI pertsonei indarkeriari aurre egiteko tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzeko eta erasotzaileen gizarte-zigorgabetasuna ez onartzeko. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du lan egiten jarraitzeko eta laguntza eskaintzeko, bere eskumenak betez, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

 

Hori guztia dela eta, Udalak:

-Jakinarazten du erakunde-ordezkaritzak erasoa gaitzesten duela adieraziko duela. Horretarako, 15 minutuko kontzentrazio bat egingo du Plaza Berrian bihar, abuztuak 9, 13.00ean, honako leloarekin: “Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka”.

-Bat egiten du gaur arratsaldean, 20.00etan, mugimendu feministak Andre Mari Zuriaren Plazan dei egindako gaitzespen-ekintza guztiekin eta gonbitea luzatzen die herritar guztiei horietan parte hartzeko, bai eta Udalaren babesa behar duten gaitzespen-ekintzak Udalari jakinarazteko ere.

-Bost minutuko gelditzea egingo du Udalak antolatutako ekitaldi guztietan eta adierazpen ofizial bat entzungo da bertan.

-Blusa eta Neska koadrilei kalejiran bost minutuko gelditzea egitera gonbidatzen ditu.

-Era berean, musika 15 minutuz gelditzeko gonbitea helarazten die taberna eta festa espazio guztiei.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 ekaina 2018 09:25

Ekonomia berrietan, teknologia-plataforma berrietan eta kultur aniztasun berrietan adituak elkartuko dira jardunaldian, eta Gasteizek ere ordezkaria bidaliko du.

 

Kaleidos.red fundazioak partaidetzarako eta herritarrak inplikatzeko moduen diseinu berri iraunkorrei buruzko jardunaldia antolatu du Zaragozan ekainaren 13rako, eta Gasteizko Udalak bertan parte hartuko du, sare horretako kide den aldetik. Ekonomia berrietan, teknologia-plataforma berrietan eta kultur aniztasun berrietan adituek –Aitor Silván, Diego Isabel La Moneda, Marta Pérez, Dirk Gebhardt, Dani Toro eta Michael Weatherhead, besteak beste– izango dira lan-jardunaldietan, eta horiekin batera lurraldeko hainbat hiritako arduradun politiko eta udal teknikari. Gasteizek ere ordezkariak bidaliko ditu, Herritarren Partaidetza Sailaren zuzendari Jose Luis Pérez “Kotelo” buru delarik.  

Jardunaldi honen xedea da administrazio lokaletik, – eta gobernantzaren eta partaidetza eta herritarrak inplikatzeko modu berrien esparruan–,  gure gizartean ekonomia, teknologia eta aniztasun berrien alorretan izaten diren beharrei erantzun egokia emateko moduaz hausnarketa egitea.

Kudeaketa lokalerako hiru gida prestatzen ari dira. Lehenak, teknologia berriak demokrazia zuzenarekin lotzea proposatzen du;  partaidetzarako ohiko mekanismoen eta informazio-eta komunikazio-teknologiek sustatutako joera berrien artean lortu beharreko oreka, botoetara mugatu gabeko herritarren partaidetza ahalbidetuko delarik, eta erabakiak hartzeko, garatzeko eta konponbideak aurkitzea zikloan zehar gertatuko den partaidetza izaten saiatu.

Bigarren gidak Ekonomia Berriek eskaintzen duten aukera nola baliatu aztertzen du. “Mugimendu Ekonomiko Berriak” direlakoak dagoeneko ari dira eredu alternatiboek – esaterako Ekonomia Sozial eta Solidarioak, eta Guztien Onurarako Ekonomia eta Ekonomia Zirkularrak, besteak beste– dituzten aukerak erakusten. Europar Batasuna bera ari da prozesu hau bultzatzen, bai garapen iraunkorraren ikuspegitik bai negozio-aukeren ikuspegitik.

Hirugarren gidak gizartean partaidetza inklusiboa sortzeko modua aztertzen du, aniztasunaren ikuspegitik. Integrazio partekaturako prozesuen arrakastarako irizpide eta estrategia praktikoak zehaztu nahi dira.  Horretarako ezinbestekoa da  tresna eta prozesuak eraikitzea, horiek baliatuta erakunde lokalek gero eta kultura gehiago dituzten gizarteak bultzatu, moldatu eta kudeatu ahal izan ditzaten, berdintasuna ardatz.   

Kaleidos fundazioak eta Zaragozako udalak antolatutako jardunaldi honek Kaleidoseko kide diren udaletako arduradun teknikoak 2018an adituekin batera egiten ari diren lanari jarraipena emateko eta alderatzeko balio du;  eta landutako agiriak udal administrazioarentzat praktikoak izango diren lantresna eta gida bihurtuko dira.

Horrenbestez, Kaleidos sareko kide diren udaletako hainbat arlotako arduradun politiko eta teknikariek (Alacant, Bilbo, Burgos, Getafe –lehendaritza-, Logroño, Málaga, Sant Boi de Llobregat, Vitoria-Gasteiz eta Zaragoza)  Zaragozan elkartuko dira ekainaren 13an, ezagutza eta esperientziak partekatzeko, herritarren bizi-kalitatea ardatz.

Kaleidos.red erakundeak Espainiako udalak hartzen ditu bere baitan, eta 2000 urteaz geroztik dihardu arlo honetan lanean. Egun, bere hausnarketa europar eremura bideratu nahi du Building up Europe from Local Authorities (Europa eraikitzen administrazio lokaletik) proiektuaren barruan.

 

Share

Aurrekoak »