Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 uztaila 2019 12:02

Horretaz gain, 766.600 euro erabiliko dira Ariznabarrean, Lakua-Arriagan eta Adurtzan belar artifizialeko geruza jartzeko

Borja Rodríguez zinegotziak gidatzen duen Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak proposaturik, Olaranbeko  futbol-zelaiaren inguruko hesiak aldatzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, 113.968,63 euroan.

Olaranbeko 1. futbol-zelaiko hesia hormigoizkoa da eta, denboraren eraginez, nahiko hondatuta dago. Horrexegatik proposatu da aldatzea.

Oraingo hormigoizko hesia kendu eta altzairu galvanizatuzko itxiera jarriko da perimetroan, gaur eguneko kirol-instalazioetan egin ohi den bezala. Oinezkoentzako hiru sarbide ere egokituko dira zelaian, eta makinentzako sarbidea, hesien antzeko ateak jarriz. Orobat, publizitate-euskarri bat erantsiko zaio itxierari, eta baloiak harrapatzeko sarea, sei metro garai izango dena, baloiak ibaira eror ez daitezen.

Futbol-zelaiak

Aipatutako sailak Ariznabarreko, Lakua-Arriagako eta Adurtzako zelaietan belar artifizialeko geruzak aldatzeko izapideak egiten jarraitzen du, gobernuak futbol taldeei hitzemandakoa betetzearren.

Ariznabarreko futbol-zelaiari dagokionez, astelehenean bertan, hilak 8, sinatuko da kontratua Mondo Ibérica SA adjudikaziodunarekin, 152.995,23 euroan, eta lanak berehala hasiko dira.

Lakua-Arriagako belar geruza aldatzeko lanak, berriz, ekainaren 28an onetsi ziren, eta adjudikaziodunak —aurreko bera— behar den dokumentazioa aurkeztea falta da Gobernu Batzarrak behin betiko esleitu ditzan, 234.071,14 euroan. Lanak uztailaren bukaeran edo abuztuaren hasieran abiatzea aurreikusi da.

Adurtzako belarra aldatzeko lanei dagokienez, kontratazio mahaiak kontratua Alvac SA enpresari 379.532 euroan esleitzeko proposamena egin du, eta hurrengo Tokiko Gobernu Batzarrak onestea espero da, beraz, lanak aurreko kasuan adierazitako garaian hasiko lirateke.

Orotara 766.598,37 euro inbertituko dira belar artifizialeko geruzetan, eta 880.567 euro, hesiak barne hartzen baditugu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urria 2018 13:57

Ogasun Batzordeak ontzat eman du EAJ-PNV, PSE-EE eta EH-Bildu taldeek lortutako akordioa, Adurtza, Abetxuku eta Astronomoetako futbol-zelaiak zein Beti Jai pilotalekuak eraberritzeko. 2019ko aurrekontuan 2.500.000 euro sartzea ahalbidetuko duen zuzenketa adostu bat bozkatu dute, lan horiek konpromiso-kredituaren bidez gauzatu ahal izateko. Datorren urteko lehen hiruhilekoan idatziko dira lanak kontratatu ahal izateko proiektuak; kirol taldeek berek erabakiko dute horien garapena eta lehentasuna, horretarako sortu den jarraipen-batzordean, lehiaketei albait gutxien eragiteko moduan.

“Hiriak aurrera egin dezan akordioak lortzeko gauza garela erakutsi da berriro. Duela egun gutxi, zerga-ituna lotu genuen borondate horri esker, eta gaur beste akordio bat onetsi dugu, zeinak bultzada handia emango baitio kirol-instalazioetan egiten ari garen inbertsio-ahaleginari. Agintaldi honetan dagoeneko hiru milioi eurotik gora erabili dugu xede horretarako, aurreko gobernuak baino gehiago. Akordio honen bidez, abiadura handiagoa hartuko  dute Gasteizen ezaugarri behinenetakoa den ekipamendu-sarea eguneratzeko lanek”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok ere positibotzat jo du gaur Ogasun Batzordean emandako pausoa. “Gobernu honek akordioak lotzen ditu, eta lan egiten du halaber; izan ere, bultzada ekonomikoa ahalbidetzen duen itun hau bi urteko geldialdiaren ondoren instalazioetan egiten ari ginen inbertsioari gehitzen zaio, beraz, poztu besterik ez dugu. Lehen urratsa da kirol politikan urratu nahi dugun bidean, Gasteiz kirolaren hiriburua bihurtzeko”, azpimarratu du.

Udalak AMVISA udal sozietatearen bitartez handituko ditu hiru futbol-zelai eta Beti Jai pilotalekua eraberritzeko plana abian jarri ahal izateko behar diren diru-sarrerak.

 

Share