Prentsa Oharren banner

ARTgian jarriko da ikusgai Gazte Klik Klak lehiaketaren ‘Hiri orbainak’ erakusketa, otsailaren 14ra arte

‘Hiri orbainak’ erakusketa gaur arratsaldetik otsailaren 14ra arte egongo da ikusgai ARTgia aretoan; Gasteizko Udalak 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketaren emaitza da erakusketa. Azken edizioan 41 gaztek 54 lan aurkeztu zituzten guztira: 44 argazki bilduma eta 10 bideo. Gaur Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziak aurkeztutako erakusketak, berriz, lehiaketaren hamabigarren edizioko irabazle eta hautatuen lanak biltzen ditu.

Gaur arratsaldeko 18.00etan inauguratuko da erakusketa. Ikusgai dauden lanen artean hiri-orbainak kontzeptuaren askotariko interpretazioak aurkituko ditugu, hori izan baita aurtengo lehiaketarako proposatutako gaia. Besteak beste, trenbideak, kalean egiten diren obrak, herritarrak, egitasmo bat zuten lekuen eta gaur egun direnen arteko kontrastea, faltan botatzen diren lekuak zein langileak dira erakusketaren protagonistak: arrastoa uzten duten orbainak.

Asier Corredera, Maitane Campos, Maria Fariñas eta Liam McDonnell irabazleen lanez gain, Elaia Chacartegi, Irati Bóveda, Christopher Thomas Galvez, Liam McDonnell, Susana Garcia de Vicuña, Pablo García eta Sara Rodríguez zazpi finalisten proposamenen hautaketa bat ikusi ahalko da.

Sara Berasaluce argazkilariak eta Alazne Payueta artistak komisariatu dute 2020ko Gazte Klik Klak-en edizio hau, ARTgia Sorgune & Aretoaren izenean, eta 2021eko Tetrapack-en komisario izango dira halaber.  Azken edizioetan lez, GKK-en aurreko edizioetako irabazleen artean komisario elkartua izendatu da, zeina Yone Estivariz Urraca argazkilaria baita edizio honetan.

 

Share