Prentsa Oharren banner

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek gazteengan izan duten inpaktuari buruzko azterlana argitaratu du Gazteria Zerbitzuak

Lanbideren datuez gain, hamar laguni egindako elkarrizketak jasotzen ditu txostenak.

 

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek Gasteizko gazteengan izan duten inpaktuari buruzko azterlana argitaratu du Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren gazteen errealitatearen behatokiak. Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egiten da bertan, adi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek gazteengan izan duten eraginaren inguruan.

Azterlanak, Lanbidek aldizka argitaratzen dituen datuak jasotzeaz gain, analisi kualitatibo bat egiten du, lan-egoera hori bizi izan duten 10 gazteri egindako elkarrizketa sakonak oinarritzat hartuz. Gainera, gazteen emantzipazioarekin zerikusia duten beste gai batzuei buruzko iritziak ere jaso dira bertan —etxebizitza, ikasketak edo beste—.

Gasteizko gazteen artean pandemiak eragindako ezohiko egoerari erantzuteko diseinatutako “Erronka: Gazteak” Gazte Planaren barruan sartzen da dokumentu hori.

Gasteizko Eskualdeko VIII. Enplegu Planarekin lankidetzan egin da txostena, eta doan eskura daiteke Gasteizko Udalaren webgunean, Gazteria Zerbitzuaren atalean

Share

Gasteizko Udala bat dator bideo batean gazteek COVID-19ren aurrean duten konpromisoarekin

Abuztuaren 12an Gazteen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta, hori dela eta, Gazteria Zerbitzuak “Gazteen ekarpena COVIDaren aurrean” bideoa aurkeztu du, Lankidetza Zerbitzuarekin eta Arabako SEADen lagunen elkartearekin batera.

Bideoan, gazteek COVID-19ren aurrean egindako prebentzioaren eta sentsibilizazioaren arloko hainbat ekimen erakusten dira, bai hemen, bai munduko hainbat herrialdetan (Kolonbia eta Sahara, besteak beste). Vanesa, Mohamed, Maria Camila eta Antoniok gazte boluntario gisa hainbat erakundetan egindako ekarpena erakusten digute, eta lan desinteresatu horren balioa mahai gainean jartzen dute, ziurgabetasun une hauetan.

 

Helburuak

Ikus-entzunezkoa Erronka: gazteak Gazte Planaren barruan kokatzen da, eremu lokal-globalean, eta hiru helburu ditu:

Gasteizko eta hegoaldeko herrialdeetako gazteen artean truke-estrategia berritzailea sortzea (boluntariotza, kultura), haien errealitateak eraldatzeko ekintzak egin ahal izateko.

Kultura-kudeaketan munduko beste leku batzuetako gazteekin ezagutzak transferitzea ahalbidetuko duten ekintzak babestea.

Gazteen artean Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) ezagutzen lan egitea, helburuok betetzean ekarpenak egitea ahalbidetuko duten jarrera-aldaketak sustatzeko.

 

Nazioarteko Eguna, 1999tik

1999an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak abuztuaren 12a Gazteriaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen, Gazteriaren Ministroen Mundu Konferentziaren gomendioei jarraituz.

Urteko ospakizun bat da, gazteek aldaketa-prozesuetan funtsezko bazkide gisa duten eginkizuna sustatzea eta aurre egin beharreko erronka eta arazoei buruzko kontzientzia sortzeko espazio bat sortzea helburu duena.

BIDEOA

 

Share

Gazteria Zerbitzuaren Instagrameko kontuak 1.000 istorio baino gehiago bildu ditu, eta 195.000 bistaratzetik gora lortu

Gazteria Zerbitzuaren @vitoriagazteok Instagrameko kontuak, zeina Gasteizko 16 eta 35 urte bitarteko gazteek kudeatzen baitute, 1.000 istorio baino gehiago bildu ditu, eta 195.000 bistaratzetik gora pilatu ditu jardueraren lehen urtean. Ekimen hori aitzindaria da Estatuan, eta Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landak adierazi duenez, “gazteei ahotsa ematea ahalbidetzen du, udalaren sare sozial bat eskura jarriz eta, aldi berean, ikusgarritasuna emanez”. Zinegotziak tresna berritzaile horren balorazioa egin du gaur goizean Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan (OMIJ), profila kudeatu duten pertsona batzuekin batera: Adriana, Mikelats, Bea eta Santiago.

Lehen urte honetan, 26 erabiltzailek kudeatu dute profila. Bi astetan zehar, beren gustuak eta interesak islatu dituzte, erronkak eta galderak proposatu, egunero egiten zutena kontatu, eta era guztietako gaiak mahai gainean jarri: musika, idazketa, kirola, elikadura, dibertsitate funtzionala…

Profilak jarduera handia izan du bizitzako lehen urte honetan: dagoeneko 758 jarraitzaile ditu, 1.000 istoriotik gora argitaratu dira, eta 195.000 bistaratze baino gehiago lortu dituzte.

Urteurrena ospatzeko, eta Gasteizko gazteak VitoriaGazteok ezagutzera animatzeko, Gazteria Zerbitzuak hainbat ekimen antolatu ditu.

Hamabostaldi honetan, Gazteria Zerbitzuak berak kudeatuko du profila, eta jarraitzaileen artean inkesta bat egiteko aprobetxatuko du, aurten profila kudeatu duten pertsonen artetik zein gustatu zaien gehien jakiteko. Inkestan parte hartzen duten pertsonen artean argazki-kamera bat zozketatuko da, eta inkestan gehien aipatzen den pertsonak profilean jardun ahal izango du beste bi astez.

Gainera, zenbait bideo argitaratu dira, profilaren kudeatzaile aritu diren gazte batzuen esperientziak jasotzeko. Bideo horiek Udalaren kanal ezberdinen bidez zabalduko dira.

 

Erakusketa-gunea OMIJen

Azkenik, erakusketa bat prestatu da 12 hilabete hauetan profil horretako argitalpenetako batzuk ezagutarazteko. Erakusketa martxoaren 16ra arte egongo da ikusgai, Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan. Bulegoa eraberritu egin da, eta irudia ere eguneratu, Gasteizko gazteei irekitako erakusketa-gune bihurtzeko.

Hemendik aurrera, hiriko gazte guztiek izango dute beren argazkiak, marrazkiak eta abar erakusteko lekua.

Informazio gehiago eskuratzeko eta VitoriaGazteok profila kudeatzeko izena emateko: v-g.eus/vitoria-gazteok. Aipatutako gunean erakusketa egin nahi duten gazte oro gazteentzako informazio-bulegoarekin jar daiteke harremanetan, infojoven2@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora idatziz edo 945161330 telefonora deituz.

 

 

Share