Prentsa Oharren banner

Azaroaren 1etik aurrera, berriro zabalduko dira gizarte-etxeetako gela irekiak

  • Interesdunek dagoeneko eman dezakete izena, eta lehenengo aldiz herritarren udal txartela baliatu ahalko da zerbitzua erabiltzeko

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak iragarri duenez, azaroaren 1ean berriro zabalduko du hiriko gizarte-etxeetan eskaintzen duen Gela Irekien zerbitzua.

Gela Irekiak edozein pertsonaren eskura daude jarduera artistikoren bat garatzeko, zaletasunagatik edo prestakuntzaren osagarri gisa. Praktika artistikorako espazioak dira, ez ikaskuntzarako; beraz, erabiltzaileek modu autonomoan garatzen dute beren jarduera, begirale edo irakaslerik gabe.
Osasun-larrialdiko egoerak gela horiek ixtera bultzatu zuen, erabilera libreko espazioak izanik ezin baitzen bermatu COVID-19aren kontrako prebentzio-neurriak beteko zirela, hala nola seguritate-distantzia, maskaren erabilera edo espazioen eta materialen higiene egokia.

Orain, osasun-bilakaerak neurri handi batean normaltasunetik gertu dagoen egoera batera itzultzea ahalbidetu duenean, Gela Irekiak berriro zabalduko dira. “Oso pozgarria da zerbitzua berriro eskaini ahal izatea, pintura, zurgintza, joskintza, zeramika, eskulanak eta abar gustuko dutenek horretaz gozatzerik izan dezaten… Beste aurrerapauso bat izango da normaltasun berrirantz, berritasun garrantzitsu bat eginda: interesdunek gizarte-etxeetan eman ahalko dute izena, txartel berezirik eskatu beharrik gabe, horren ordez Herritarraren Udal Txartela (HUT) gaitu ahalko baitute ikasgeletara sartu ahal izateko”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

2021-22 denboraldirako (azaroaren 1etik uztailaren 15era) zabalik dago jada gizarte-etxeetan izena emateko epea; 13 euroko kuota ordaindu behar da edozein espezialitatetako gela irekia erabili ahal izateko gizarte-etxeetan, ezarritako ordutegien barruan.

Informazio gehiago

 

Share