Prentsa Oharren banner

Gizarte Kontseiluak begi onez ikusi du Urtaranen gobernuaren 2022ko zergak izozteko proposamena

Gasteizko Gizarte Kontseiluak —elkargune eta auzoguneen, Udaleko Eskola Kontseiluaren eta nekazaritza-eremuko kontzejuen elkartearen ordezkariek eta sindikoak osatzen duten foroak— egin du udal-gobernuak 2022rako planteatutako ordenantza fiskal eta prezio publikoen proiektuaren gaineko txostena. Txostenean, besteak beste, ontzat jotzen da Urtaranen gobernuak datorren urteko zerga guztiak izozteko egindako proposamena, “pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta soziala kontuan hartuta”, dokumentuan bertan esaten denez.

Orobat aztertzen da gobernu-taldeak tasa eta prezio publikoak % 3 eguneratzeko egindako proposamena —% 1,5 Gizarte Politiken Sailak adinekoei eta haurrei ematen dizkien zerbitzuen tarifak—, eta neurri hori pertsonarik ahulenei zuzendutako hobariekin bateragarri izatearen alde egiten, ordenantza fiskaletan lehendik jasota dagoenaren ildotik.

Gizarte Kontseiluak ontzat jo duen beste alderdi bat izan da Gasteizko zerga-sistemak ordainketak zatikatzeko eskaintzen duen aukera, bai zergak ordaintzeari dagokionez, tarifa fiskal lauaren bitartez, bai zorrak ordaintzeari dagokionez; bigarren kasu horretan, egoera ekonomiko larrian dauden familien premiei erantzuteko kontseiluak berak egindako proposamena kontuan hartu zelarik.

Orobat azpimarratu du Gizarte Kontseiluak oso garrantzitsua dela herritarrei informazio argia eta erraza ematea tasa eta prezio publikoen, udal-zerbitzuen kostuen eta zergak ordaintzeko hobarien —eta horiek eskuratzeko moduen— gainean.

 

Share

Gizarte Kontseiluak begi onez ikusi du Urtaranen gobernuaren 2021ean zergak izoztearen proposamena

Udal-gobernu lantaldeak datorren urterako prestatutako zerga, tasa eta prezio publikoen proiektuaz Gizarte Kontseiluak egin duen txostena aztertu du gaur goizean Ogasun Batzordeak. Agiri horretan, Gizarte Kontseiluak balorazio positiboa egin dio Urtaran Gobernuak 2021rako zergak izozteaz egin duen proposamenari, “kontuan hartuta pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren egoera”. Zerga-proiektu horrek berak 2022 eta 2023 urtetan tasa eta prezio publikoak % 2 igotzeko aurreikuspena jasotzen du; horren aurrean, Gizarte Kontseiluak zergadunen errenta kontuan hartzearen alde agertzen da, justizia sozialaren eta progresibitatearen printzipioak lehenetsita.

Ogasuneko zinegotziak azpimarratu du talde politikoek eta herritarren parte-hartzeak (Gizarte Kontseiluaren bitartez ordezkatuta) bat datozela 2021ean zergak izozteko proposamena. “Urte benetan berezia da, eta ezin diegu herritarrei” ahalegin gehiagorik eskatu, azpimarratu du Iñaki Gurtubaik. “Datozen urteetan zergak % 2 igotzeko aukera planteamendu irekia da; izan ere, denok, oroi har, onartzen badugu Udalaren aurrezpen garbia sortzeko ezintasuna, eztabaida hori  zerga-arlora eraman behar da nahitaez”, gehitu du.

Gurtubaik nabarmendu egin du Gizarte Kontseiluak Zerga-tarifa lauaren formulari eman dio garrantzia, “jende askori bere eguneroko ekonomia kudeatzen lagundu diezaiokeen formula bat, zeinaren alde egingo dugun”. Horrez gain, aurten indarrean jarritako neurri jakin baten –zergen-ordainketa atzeratzea– ontasunak azpimarratu ditu: “horrek zenbait hilabetez 70 milioi euro familien eta enpresen esku geldi zitezen ahalbidetu du, hilabete horietan likidotasuna nahitaezko izan delarik”.

Ogasuneko zinegotziak bermatu du herritarrei parte-hartzea egiteko aukera emango zaiela zenbait zerga jakini buruz (esaterako: zabor-tasa, gizarte-etxeetako jardueren prezioak…) aurki egitekoak diren berariazko eztabaida jakin batzuen bidez.

Share

Gasteizek partaidetza-organo guztiak aktibatuko ditu, hiria suspertzeko prozesuan lehentasunak zehazteko

  • Borja Rodríguez zinegotziak hiria suspertzeko partaidetza plan berria aurkeztu dio Gizarte Kontseiluari

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek partaidetza-prozesu bat abian jartzeko plan bat aurkeztu du Gizarte Kontseiluari, Gasteizko herritar guztiak covid-19aren pandemiaren ondoren hiria suspertzen inplikatu daitezen.

Gorka Urtaran alkateak lagundurik, Herritarren Partaidetzaren Sailaren arduradunak bere proposamena azaldu du, zeina udaleko organo ezberdinen bitartez informazioa jasotzean, entzutean eta lehentasunen diagnostikoa egitean baitatza. 2020. urtea amaitu arteko ekintzak lehenesteko balioko du lan horrek, baita 2021rako aurrekontuei begira ere.

Ekainean bilera sorta bat egitea proposatu zuen zinegotziak; ahal dela, organoen bilerak aurrez aurre egingo dira, segurtasun-neurriak betez, edo bestela online egingo dira. Besteak beste, hainbat alorretako elkarguneak, auzoguneak eta Eskola Kontseilua bilduko lirateke.

Saioak bi ataletan banatuko dira. Lehenengo, Udalak 2020rako aurreikusi dituen ekintzen barri emango du zinegotzi arduradunak; bigarren zatian, bi galdera hauen inguruan eztabaidatuko da: zein eragin izan du osasun krisiak arlo honetan? zein dira lehentasunez aurre egin beharreko alderdiak?

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Gure gizarteko pertsona eta sektore orok zalantzaz betetako egoera berri bati egin behar diote aurre. Covid-aren ondorengo testuinguru honetan inoiz baino gehiago aldeztuko dugu herritarren partaidetza, ezinbestekoa baita udalaren ekintza politikoa aberasteko. Horregatik, partaidetza-organo guztiak biltzeko dei egitea erabaki dugu, herritarrei entzun eta haiek lehentasunezkotzat jotzen dituzten alderdiak jasotzeko”.

Bilerak egin ostean, eta foro guztietan ateratako ondorioak kontuan hartuz, Gizarte Kontseiluak txosten bat landuko du gobernu taldearentzat eta gainerako talde politikoentzat, proposamenak eta lehentasunak zehaztuta aurten egin daitezkeen ekintzei begira, baita 2021rako aurrekontuari begira ere. Herritarren Partaidetzaren Sailak proposatzen du txostena Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordearen aparteko bilkura batean aurkeztea. Azkenik, gobernu-taldeak txosten bat landuko du Gizarte Kontseiluaren proposamenei erantzun arrazoitua emateko, eta zein ekintza hartuko duen aintzat zehaztuko du.

Share