Prentsa Oharren banner

“Gure Txokoa” onibarra AMVISAri esleitu diote 3,9 milioi euroren truke

Tokiko Gobernu Batzarrak “Gure Txokoa” onibarra besterentzeko kontratua AMVISA uren udal-sozietateak sinatutako eskaintzari esleitzea adostu du. Eragiketaren balio ekonomikoa 3 900 000 eurokoa da. Horixe zen lizitaziora aurkeztutako eskaintza bakarra eta esleitzeko ezarritako irizpideak gainditu ditu prezioari, ordainketa-baldintzei eta eraikinaren erabilera-proposamenarekin lotutako jasangarritasunari eta eragingarritasunari dagokienez. Izan ere, eraikina egokitzeko lanetan gutxienez 200 000 euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du bere gain.

Esleitutako onibarraren azalera 1 855,28 metro koadrokoa da eta bi eraikin biltzen ditu: 498,26 metro koadroko lursailean (portxea barne) dagoen eraikin nagusia eta 84 metroko lursailean dagoen eraikin osagarria. Azken horrek 204 metro koadroko eraikitako azalera du guztira. Hirugarren sektoreko erabileraren kalifikazioa dute higiezinek.

Bere garaian iragarri zuten moduan, “Gure Txokoa” saltzearen ondorioz, 21 Zabalgunea eta Gilsa sozietateetako langileek Zulueta jauregira lekuz aldatu beharko dute eta, hala, Senda ibilbidean dagoen eraikin enblematiko hori erabiliko dute. Lekualdaketa osatutakoan, AMVISA sozietatea erositako eraikinean kokatuko da.

Share

Udalak Gure Txokoa jarri du salgai eta 21 Zabalgunea eta Gilsa Zulueta jauregira eramatea aztertzen ari da

Udal gobernuak lehiaketa egingo du lursaila eta bi eraikuntza 3,8 milioi euroan saltzeko

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Gure Txokoa saltzeko lehiaketa egitea onetsi du gaur; Gure Txokoa, egun, 21 Zabalgunea eta Gilsa sozietateen egoitza da. Udalaren txosten teknikoaren arabera, lursaila 3.895.304 euroan dago balioetsita.

Lursailak 1.855,28 metro karratuko azalera du eta bi eraikuntza daude bertan: eraikin nagusia 498,26 metro karratuko lurzati batean —portxea barne— eta guztira 1.627.38 metro karratuko azalera eraikia; eta eraikin osagarri bat 84 metroko lurzati batean, guztira 204 metro karratuko azalera eraikiarekin. Gaur egun erabilera tertziarioa du.

Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, udal gobernua aztertzen ari da eraikuntzaren salmenta esleitu ondoren 21 Zabalguneako eta Gilsako langileak Zulueta jauregira lekualdatzeko aukera eta, horrela, Senda ibilbideko eraikin enblematiko hori berreskuratzea. “Jauregira aldatzearen beharrak eta bideragarritasuna aztertzen ari dira bi sozietate horiek . Alternatiba ona izango litzatekeela uste dut, kontuan hartuta, gainera, agian Amvisa lehiaketara aurkeztuko dela, eta, esleipendun suertatuko balitz eta Gure Txokoa hartuko balu, Amvisako langileek beste leku batera aldatzeko planteatutako beharrari erantzuna emango litzaiokeela”, esan du alkateak.

Amvisa edo beste lizitatzaile bat esleipendun suertatu eta Gure Txokoa erosten duenean, udal sozietateak lekualdatuko lirateke; orain lekualdatze horien bideragarritasuna aztertzen ari dira.

Zulueta jauregia erabiltzen hastea Erdigunerako Masterplanean jasotako proiektuetako bat da. Hasiera batean beste erabilera batzuk baloratu eta sustatu ziren Gasteizko Senda ibilbideko eraikin horretarako, baina Urtaranen Gobernuak 21 Zabalgunea eta Gilsa hara eramatea ari da aztertzen orain, helburu bikoitzarekin: eraikin enblematiko bati garrantzia ematea haren narriadura geldiaraziz, eta bi udal sozietateak berrindartzea nazioarteko politika eta estrategiekin bat datozen proiektu estrategikoen bidez, hala nola, energia-erangikortasunean oinarrituta hiria birgaitzea eta industrialdeak biziberritzea.

Udal gobernuaren planek urtebete beharko dute gutxienez hezurmamitzeko, hori baita Gure Txokoaren lizitazioa eta esleipena izapidetu ahal izateko beharko den denbora, bai eta Zulueta egokitzeko ere, 21 Zabalguneako eta Gilsako langileak hara eramatea erabakitzen bada. Nolanahi ere, alkateak gogorarazi du Zulueta jauregia osorik babestutako eraikina dela, eta, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dagoela.

 

 

Share